Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Robinson jaiak
Atalak: Ez gara hutsaren hurrengoak, Hiri Buruzagian, Iruñeko ferietan
Sanchez-Ostizen Zarabanda darama besapean Leonciok. Arantzadi aldean topo egin eta elkarrekin egin dugu alde zaharrerako bidea. Garaian garaikoa, bozkak izan ditugu hizpide, baina Frantziako atarira iritsi eta perlesiaturik geratu da laguna, bapatean serio demonio honela bota dit.
-Nabarrerian behar zian.
Hasieran ez diot ulertu, minutu bat igaro da lagunaren esaldia ulertu dudanerako. Leonciok sekulako tema du gai batekin. Iruñea eta literatura. Inork esanen du hori barojakeria dela, pensamiento eta navarro uztartezinak diren bezalaxe, ezin lotu Iruñea eta literatura. Baina laguna ez da amore ematen duten horietakoa. Bestalde, beti kritikatu izan du arlo honetan Ernestekiko Iruñeak duen menpekotasuna, Hemingway haren ibilerak gure imaginarioan txertatu dira, ondare gisa aurkezten dizkiegu turistei gehienak gezur hutsa direla dakigun arren.
Afera ezaguna da, Ronbinson Crusoe eta Ostiral Iruñera ailegatu ziren 1687ko urriaren erdialdean, Pirinioak zeharkatzea zuten xede, baina elurteak itzularazi zituen, hiru aste eman zituzten hiri buruzagiaren abaroan.
Hau guzti hau Daniel Defoeren liburuaren akaberako orrialdeetan irakur daiteke.
Robinson Crusoe. Aintzane Ibarzabalen itzulpena
-Pentsa, Robinson eta Ostiral elurteak hesiturik hiru astez, non eta Iruñean, itzela plana!
Leonciok ezer zirriborratu du gai honen inguruan, eta hori egitean aintzat hartu ditu galdera berari erantzun bat ematen saiatu direnen testuak, konparazio batera Sanchez Mazas eta Sanchez-Ostizen lanak arakatu ditu. Miguelen blogean irakur dezakegu
Robinson Crusoe en Pamplona eta sarrera horretan bertan Sanchez-Mazasen
La famosa noche de Robinsón en Pamplona alegiazko kontakizuna kontsulta daiteke.
Nabarreriako iturriaren papera iritsi eta Ronbinson eta Ostiral aipatzen dugularik egin ohi didan galdera luzatu dit Leonciok
-Hire aburuz non hartu zitean ostatu?
Hamaikagarrenez, dakidana berritu diot. Sanchez Mazasen kontakizuna jarraitzen badugu, gure bikotearen taldea (zenbait portugaldar zituzten bidelagun) urriaren 25eko arratsaldean arribatu zen Iruñera. Robinson eta Ostiralek El papagayo de Indias izeneko ostatuan hartu zuten babes, papagaiarena, Sanchez Mazasi sinistu behar badiogu, ostatuan zen loro batetik zetorren, On Patxiki zuen izena loroak. Ez naiz ni egokiena testuaren balio literarioaz jarduteko, nire interesa Robinsonen gaua deskribatzean idazleak aipatzen dituen pertsonaien zerrenda egitea da, Toscanako Dukea Kosme Medicis, Goitisolo abizena zuen josulagun azkoitiarra (teknologia berrietan aditua zena), Lorenzo Magalotti, Margot erregina eta bere Heptamerona, andre ramegante saila,…
Egun bitxia egiten zaigu Sanchez Mazas falangistak La famosa noche de Robinson en Pamplona non argitaratu zuen ikustea. RIEV aldizkarian argitara eman zen 1929an, egun bitxia gertatzen zaigula diot, izan ere, jakin berri dugu Nafarroako Gobernuak Hegoaldeko gainerako hiru Diputazioekin batera sorturiko Eusko Ikaskuntza erakundearentzat ez duela hitzarmenik aurreikusi 2012rako.
Sanchez Mazas
Sanchez-Ostiz
Baina jarrai dezagun papagaiaren xerka. Sanchez-Ostizek Biargietako auzoan kokatzen du El papagayo de Indias ostatua.
-Zer ez dik kokatuko horrek Biargietan! Irri egin du Leonciok.
Ostizek asmaturiko auzoa dugu Biargieta, beste toki bat gure imaginariorako, hori bai, antza handia dauka Iruñeko Alde Zaharrarekin. Leoncioren jakinmina asezina da, eta literatura-testuetan gure hirirako asmatu diren izen guztien egiazko ordaina jakin nahi izaten du. Mapa alternatiboa, literaturaz blaituriko Iruñeko mapa egin nahi du. Esaterako, hilabeteak eman zituen Epaltzaren Ur uherrak eleberriaren taberna kokatu nahian, alferrik esaten genion toki hori, taberna hori nobelan zela. Azkenean egileari galdetu zion. Aingeruk, Leoncio gainetik kendu nahian edo, Goal taberna zela esan zion, ezagun baitu Leonciok temarako duen joera. Orduz geroztik, Goalen sartzen garen aldiro
-Biba Beltxista! Biba Billie! Oihu egiten du Leonciok topa egiterakoan eta gainerakook
-Hori ezin diskutitua duk! Erantzun behar diogu.
Garai batean bazen Iruñean Paris-Niza egiteko aukera, Jarautako Paris tabernan hasi eta Gaiarre antzokiaren eraikineko Niza kafetegian bukatu. Leonciok Jon Alonsoren Katebegi galdua gogoan Koko Ezaren ibilbidea hobesten zuen akaberan karrikak neurtu nahi bazituen.
Leoncio tartean delarik gure imaginarioaren mapak zuzentzen ditu gure ibilerak, eta gisa honetako esaldiak entzuten ditugu bere ahotik
-Biargietan hartuko al dugu bermuta?
-Noiz afaldu behar dugu Ostiral jatetxean?
-Inork ba al daki nork jotzen duen gaur Ronbinsonen buru-hezurrean?
Inoiz ere, Robinson jaiak antolatzea proposatu digu, urriaren 25ean hasi eta azaroaren 15ean bukatu. Robinsonak, jaietarako izen hori hobetsi baitu Leonciok, Felipe Riusen Metropoli Foralaren kontzeptuaren garapena ziratekeen, Iruñean edozer gerta daiteke, edozer irudika daiteke Robinsonak tartean direlarik.
Hona adibide bat. Bion laguna den Cesarrek bidaia-agentzia bat dauka, egiaren aitortzeko Cesarrekin solastea bidaiatzea da, behin Iruñeko alde zaharra ezagutzeko ibilbide alternatiboa prestatzea agindu zigun Cesarrek, Hemingway, Sanferminak, elizak eta enparuei aurre egin nahi zion, Iruñeko beste alde hori, alde izkutua erakutsi nahi zien turistei. Leoncio literatura-ibilbidea apailatu zuen, non Ernest delako horri Victor Hugo, Defoe eta bestelakoak gailendu zaizkion, saio bat egin behar genuen ibilbidearen nondik-norakoak zehazteko eta noski, urriaren 25a izan zen Leonciok saiorako aukeratu zuen eguna.
Kuria karrikaren hasieran utzi dut Leoncio, aldapari ekin aurretik ziurtasun osoz esan dit
-Indietako papagaia hemen zen, Temple ostatua eta La Hormiga Atomica diren tokian.
Beste baterako utzi dugu Robinson eta Ostiral Pirinioak nondik zeharkatu zituzten argitzearena, Kuria karrikan gora doa Leoncio, Ruperren Sekulabelardiko kantaria abesten. Harritu egin nau kantu hori aukera izanak.