Egun da abenduaren lehena
Munduko futbol txapelketa jokatzen ari zen, ez dakit 2002an (Hego Korea-Japonia) edota 1998an (Frantzia) izanen ote zen, garbi dudan gauza bakarra Euskaldunon Egunkaria bortxaz itxi aurretik izan genuela solasaldi hura. Andoni Egañak futbola aitzakia harturik egunero zutabe bat idatzi zuen Mundialak iraun zuen bitartean, eta egun hartakoan ereserkiaren gaiari ekin zion.
Zutabe hartan, besteak beste, Euskal Herriko Futbol Selekziorako ereserkia proposatu zuen. Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantuaren aldeko hautua egin zuen txapeldun ohiak. Leoncio nuen solaskide orduko hartan eta aitortu zidanez artikuluaren irakurtzeak ereserkiz aldatzea ekarri zion.
-Pentsa, 40.000 lagun “Nun hago?” oihuka eztarria urratzeraino. Garaitezinak ginateke!
Leoncio ez da ikur zalea, berezkoa du “trapuak merkealdietan” esaldia, baina bestelako afera da ereserkiarena, kantak badu sormenetik eta mingainak dantzan jartzen ditu. Garai batean Geuria da ta geuria da hobesten zuen selekzioaren ereserki moduan, Atlhetic-ekin lotura estuegia bazuen ere, kanta erraza zen eta Euskal Herrikoak partiduak San Mamesen jokatzen ohi zituenez egokia. Baina puskaz hobea zen Egañaren proposamena.
Ereserkiaren gaiak galdera bat zekarkion lagunari, Zer dela eta txertatu ditugun zenbait kanta gure imaginarioan? Leonciok, egun hartan, kanten bitartez geografia sentimental bat egitea proposatu zuen.
Duela hamarkada bat gertaturiko solasaldi hurak izan zuen jarraipenik. Mikel Laboaren hil ondorengo astean Leonciorekin elkartu eta hunkitua kontatu zidan alaba eskolatik heldu zela Txerokeeren kantak abesten.
-Sei urte ez ditu eta dagoeneko kantez bitartez geografia sentimentala urratzen!
Oroimenak huts egiten ez badit hauxek dira Leonciok gogora ekarri zituen zenbait abesti.
Bere zerrendan Lete, Monzon eta Arestiren kanta bat baino gehiago ageri ziren, eta erran gabe doa nekez topatuko zenituen Gora ta gora eta Eusko Gudariak abestien gisakoak.
Pastoralak ere izan zituen hizpide eta Etxahun Iruriren De Treville pastoraleko Herio latza aukeratu zuen, Imanolen bertsioa edota 1992an Mixel Arotzek grabaturikoa. Lagunaren hitzetan inoiz idatzi den kantarik berdintzaleena. Basa ahaideak ez zituen ahantzi, Bedaxagarrenak edota beste inorenak, baina basa ahaideak, nago Leonciok nik ez bezala ez dituela maite ahaide basak. Bistan da, zaharruno hutsa dut laguna, zerrendan sartu zituen Prima eijerra, Lehen orai eta bethi, Ikusiko dira berriz, Baratze bat eta Xaho gogoan Aitorren hizkuntz zaharra.
Jaialdi bat antolatzea proposatu zidan, kantak bazituen, horiek abestuko zituzten kantariak behar zituela gaztigua eman nion, ni ohi den gisan lagunaren ametsak itotzen.
Bi aste igaro dira Leoncio Kuria karrikan utzi nuenetik, Ordorikaren kanta bat abesten ari zen. Kosta egin zitzaidan lagunaren hautua entelegatzea. Egun da abenduaren lehena, eta Sekulabelardiko kantariaren bertsio hau proposatu dit Leonciok. Aurreratu didanez kanta 4:44tik aitzinera hasten da, kanta eta lanturuak, lanturuka gozoan ari omen da Arkaitz Minerren mandolina, entzun behar dut. Egun da abenduaren lehena, gainean dugu abenduaren laugarrena.
Bistan duk, adiskide, egun abenduaren lehena dela, zein izango den independentziaren osteko Euskal Air-en sintonia komertziala: “Hegoak ebaki banizkio”.
Euskal Air-en sintonia komertziala: “Hegoak ebaki banizkio”, kar, kar, kar…. Oso ona. Ostia, ba hunkitu eta guzti egin nau irudiak: “40.000 lagun “Nun hago?” oihuka eztarria urratzeraino. Garaitezinak ginateke!”.
40.000 lagunen irudi hori Andoni Egañarena duk, baina ez duk hitzez-hitzeko aipua, badik sormenetik. Ezin izan diat artikulua feriatu, Euskaldunon Egunkariaren hemerotekara jo beharko genikek
Nafarroako Gorteen ereserkia ekitaldi askotan erabili izan da, oker ez banago Udalbiltzaren batzarretan besteak beste. Zure zerrendan ez agertzeak harritu dit.
Zerrenda ez da nirea, nirea bezainbeste zurea duzu ere. Testuan bada esaldi bat zuk aipatu ereserkia era batera edo bestera biltzen duena. Gorteen ereserkiarena, testua bereziki, sarrera baterako gaia izan daiteke. Leonciori galdetuko diot.