Petralic, Nikolai eta Ion
Eztabaida bizian utzi nituen atzo Koxme eta Leoncio. Koxme, Leoncioren osaba donostiarra, Narrika kaleko bizilaguna. Tarteka hiriburuzagira hurbiltzen da, gustukoa du Miguel Sanchez Ostizen literatura eta Biargieta auzoan etxean bezala sentitzen da. Kuriako La hormigan elkartzen ohi gara, inguratzen gaituzten liburuak maiz gure solasen adabakiak dira.
Atzokoan liburu bat hartu zuten hizpide. Asier Barandiaranen Gatazka Nafarroako euskal literaturan irakurri berri dute eta ez ziren ados jartzen liburuaren balioaz ari zirelarik.
Periferia kontzeptua iruzurra omen zen osabarendako, ustezko bazterketa dela medio lanturuka aritzea besterik ez dakitenen argudio merkea. Leonciok beste era batera ikusten du afera, tokian-tokiko egoerari erantzuteko moldetzat hartu du periferiarena, bestalde osabarendako bertsolaritza oso modu erredukzionistan aztertzen da, inoiz ere bideratuegia da azterketa, Leonciok ameto eman zion, bertsozalea izaki badu egungo aniztasunaren berri, baina ilobaren aburuz ezin diskutitua da aztertzen dena garai bateko jokamolde ohikoa zela. Inoiz pentsatu izan dut solaserako baino eztabaidarako bizi direla Koxme eta Leoncio.
Sikiera bizpahiru kontuetan bat etorri ziren osaba-ilobak. Bien iritziz zeresana ematen duen lana da, haien tartarra lekuko, azterlanak frogatzen du Nafarroan asko eta ongi idatzi dela gaztazkaren inguruan euskaraz. Biek hala biek aurreiritzi etiko gehiegi kausitu dituzte ikerketan eta biei harrigarria iruditu zaie Jon Alonsoren Hodei Berdeak aipatu ez izana.
Itxaro Borda edota Eñaut Etxamendi bezalako idazle baxenafarrak ez aipatzea edota Pello Lizarralderen lanak aintzat hartu ez izana ulergarria izan daiteke, baina hiriburuzagiaren muinean erakunde armatuaren mamitzea kontatzen duen iruinseme baten eleberria ekarri ez izana ez dute entelegatu.
Leonciok huts honen arrazoia Jon Alonsoren kontakizunean bilatu nahi izan zuen, izan ere, Hodei Berdeak nobelan ageri den Petralic pertsonaiak Nafarroako Unibertsitate pribatuan irakasle aritutako baten antz handia dauka. Bigarren mundu gerraren ondoren Francoren Espainian abaroa bilatu zutenetako bat duzue Petralic. Usatxi izandakoa, eta besteak beste espioitza aferetan usatua, nobelan iragan mendeko 60ko hamardakan amerikarrendako lanean ari dena.
Koxmek ez du Leoncioren teoria ezbaian jarri, are gehiago, gertagarria iruditu zaio eta Petralic ustatxiarenak Narrrika kaleko bizilagun bat ekarri dio gogora. Zuzen esateko bizilagun izandako bat.
-Petralic EIAko kidea ere?
Leonciok ez dio ulertu,
–EIA alderdiaz ari al zara?
-Ez, motel, Europako EIAz ari nauk. Baina ez duk posible, Petralicen alter egoa gazteegia huan EIAko sorreran egoteko. Igual ondoren harremanen bat izango zian.
Nonbait, pasa den mendeko 20ko hamarkadan Entente Internationale Anticomunista sortu zen III. Internazionalari aurre egiteko xedea zuena. EIAn jatorri ezberdineko europar antikomunistak biltzen ziren, Primo de Rivera, Mola eta Franco EIAk Genevan zuen egoitzatik zabaltzen zuen propagandaren jasotzaileen artean ditugu, eta Genevan ari zirenen artean Nikolai Shinkarenko Narrika kaleko osabaren bizilaguna.
Shinkarenko errusiarra zen, Armada Zuriko generala eta Espainiako Gerra Zibilean Zumalacarregi tertzioan borrokatu zena. Koxmek gogoan du errusiarra, idazlea, poeta zen eta nonbait bere bizitzako oroitzapenak argitaratu zituen. Nikolai Espainiako gerrak iraun zuen bitartean errusiarrez osaturiko armada unitatea osatu nahi izan zuen, eta eginkizun horretan Yague, Varela, Kindelan, Sangroniz eta azkenik Francorengana jo zuen, alferrik. Shinkarenkoren oroitzapenak osoki irakurri ez baditu ere, Koxmek ustea badu errusiarrak eta espainiarren arteko harremanen zailtasunaz.
-Mespretxua zioten elkarri.
Gerra amaiturik Shinkarenkok pentsio bat jaso zuen Francoren alde borrokatu izanagatik, hura izan zen errusiar generalaren lorpen bakarra. Nikolai 1968an hil zen Donostian.
Bada lan bat Francoren alde borrokatu zuten atzerritarren partehartzea aztertzen duena, bertan Shinkarenkoren inguruko informazio ugari aurki daiteke. Baina Koxmek bizilagunaren gerra ondorengo ibilbidea du xerka.
-Petralic ezagutu al zian? Ion eta Vasilirekin harremanik izan al zian?
Hasieran ez Leonciok ez nik ez dugu ulertu osabaren bigarren galdera. Koxmek azaldu digunez aipatu liburuan, besteak beste, Errumaniarrek Francoren alde eginikoak aztertzen dira, Espainiako gerran errumaniarrek osatu zuten soldadu multzorik handienetako bat eta multzo hartakoa genituen Ion Motza eta Vasile Marin, biak 1937an Majadahondako frontean hilak.
Azken urteotan memoria historiakoa presente izan da komunikabideetan, eta antza denez, bada jendea Ion Motza ahaztu ez duena. Ikus bestela, duela bi aste eskas Majadahondan Motza eta Vasileri eginiko omenaldia.
Koxmek mezua igorri zidan atzo gauean, Sanchez-Ostizen Cornejas de Bucarest nobela irakurtzeari ekin dio, bertan inboluzioaren puzzlea osatzeko falta duen zatiren bat topatuko duen esperantzan.
Patxi, noizean behin idatz ezak post txar interesik gaberen bat, erakusteko humanoa haizela eta, beraz, akastuna. Gaurkoa ere, beti bezala, arrunt interesgarria.