Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Alemanen ihesa gauzatua
Atalak: Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra
Ihesa Iruñean hasi zen. 1916ko urriaren 3an Karl Koch Zitadelako erietxera hurbildu da, sekulako tripako mina omen du, artatu ondoren Salcedo Gobernadore Nagusiak kalean libre ibiltzeko baimen bat sinatuko dio. Agiri horren arabera, urriaren 3tik 8ra bitartean Lekunberrin tratamendu hartzeko baimena eman diote. Koch Larraungo hiriburura iritsi bezain pronto Meyer abizeneko aleman bati automobil bat alokatuko dio, eta urriaren 5eko goizeko hamarrak laurden gutxiagotan Iruñetik lau kilometro pasatxora Zitadelako gainerako lauekin elkartuko da. Nafarroa utzi dute Iruñeko bostek eta arratsalde partean heldu dira Palentziara, ilunabarrean, elkarri arrotzak bailiran, Vigorako trena hartu dute. Denak ez dira trenez iritsiko. Lohrmann eta Petersen Redondelako geltokian jaitsi dira, bertan Riedel izeneko agente bat dute zain, Vigorainoko tartea gurdi batean eginen dute landa-bideak ibiliz.
Lekunberriko Ayestaran hotela
Urriaren 6a da, eta Alcalako zazpiak ere Vigora ailegatu dira. Hauen ibilbidea ez da ezusterik gabe igaro. Angelbeck izeneko agentearen telegrama jaso behar dute. Telegrama jaso eta nahaste bat gertatu da. Izan ere, Gräutschussek ez du garbi Pepita heldu behar den ala ez (izen horrekin bataiatu dute Alcalakoek Palentziara eraman behar dituen automobila). Azkenean Pepita heldu da, Palentziaraino kotxez joan eta handik trenez Vigora. Egun berean, Virgen del Socorro arrantza-ontziak Vigoko portuan sartzeko maniobra egin du eta Werth ontziaren alboan amarratua geratu da.
Itsasaldia hasteko prest dira hogeiak. Virgen del Socorro patatxearen salerosketaren paperak eginak dira, 11.150 pezeta ordaindu dituzte eta kantitate horri hornigaien kostua gaineratzen badiogu hogeiren artean guztira 17.693 pezeta jarri dituzte. Espainiako agintariak nahaste aldera salerosketa agirietan urriaren 11ko data paratu dute.
Hogeiak banan-banan edota taldeka Werth ontzian sartu dira eta hortik alboan den Virgen del Socorro-ra igaro. Urriaren 7an, goizaldeko ordu bi eta erdietan Anduriña atoiontziak eramaten hasi eta lau ordu igarota Cíes uharteen parean utziko du Virgen del Socorro. Hara iritsi baino lehen Gaviota gerra-ontzi espainiarra agurtzeko tenorea izan dute.
Vigoko portua XX. mendearen hasieran
Urriaren 24a da, hiru aste igaro dira itsasaldia hasi denetik, hiru asteren buruan erabat aldatu da hogei iheslarien plana, itsasaldia odisea bilakatu da. Denboraleak kalte nabarmenak egin dizkio Virgen del Socorro-ren kroskoari eta masteriari. Baldintza horietan ezinezkoa zaie Irlanda eta Eskoziako kostaldeak ingurutzea. Ordurako Mantxako kanalaren sarreran dira eta hortik jotzea erabaki dute. Azaroaren 6an eta 7an izkin egin diete destruktore ingelesei, Baina azaroaren 8an Paramount gerra-ontzi ingelesak begiztatuko du patatxea. Hasieran Virgen del Socorro-koek Holandako bandera erakutsi diete, baina ingelesek ez dute gezurra irentsi. Britainia Handiko Ramsgatera eramanen dituzte eta han izanen dira hogeiak Lehengo Mundu Gerra amaitu arte.
Honaino helduta, aipamen berezia merezi dute 1917ko urtarrilaren 3ko zenbakian El Liberal-ko kazetariak kronikaren akaberan jaurkitzen dituen salaketa moldeko galderek. Nola da posible hogei ofizial aleman horiek telegrafoa erabili, autoz eta trenez ia Espainia osoa zeharkatu, itsasontzi espaniar bat erosi eta Galiziako portu handi batetik ihes egitea Espainiako agintariek ezer jakin gabe?
Nonbait, bada Vigon ezer ikusi duenik eta berehala aliatueen informazio zerbitzuak martxan jarri dira. Frantziako kontsulak ihesa salatuko du Espainiako agintari militarren aurrean, baina azken hauek ez dute Virgen del Socorro-ren jazarpenik abiatuko. Bestalde, azaroaren 21ean, patatxea atxiki eta gero gobernu britaniarrak Madrilgo enbaxadorearen bitartez gaitzespen mezua helaraziko dio gobernu espainiarrari.
Lehen Mundu Gerrako gerra-ontzi britaniar bat
Bada gure atentzioa merezi duen beste afera bat. Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Espainiako hedabideek jokatu zuten paperaz ari gara. Baina horretaz, hurrengo batean arituko gara. Orain itzul gaitezen Hiri Buruzagira. Nolakoa zen Iruñeko alemanen bizimodua hogeiren ihesak iraun zuen bitartean? Sumatu al zuten Zitadelan Koch, Schulz, Schauf, Lohrmann eta Petersenen falta? Berreskuratu al zuen alokatutako automobila Lekunberriko Meyerrek? Zer esan Hans Reupke gaztearen ibilbideaz?
Arestian aipatu dugun legez, azaroaren 21ean Alemaniako Gurutze Gorriaren aldeko festa antolatu zuten alemanek Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan, garaiko hartako 3.629,15 pezeta bildu zituzten. Ordurako Ramsgateko kartzelan ziren hogei iheslariak eta 1917ko urtarrilaren 21ean, ihesaren nondik norakoak vox populi zirela, alemanek jai bat antolatu zuten Iruñeko Parisien antzokian. Hiri Buruzagia festa hutsa zen.