Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Botoak erdiesteko manerak. Zer egin
Atalak: Ez gara hutsaren hurrengoak, hauteskundeak
The Candidate filma gogora ekarri zidan Aitorrek kontatutakoak. Robert Redfordek Bill McKay izeneko hautagai baten papera jokatzen du. McKay AEBko alderdi demokrataren hautagaia da. Filmaren akabera hauteskunde egunaren kronika da, eta besteak beste, arrunt ongi erakusten du hautagaien sustengu taldekoek demokrata zein errepublikarrek zer nolako trikimailu, lan eta beste egiten duten botoak erdieste aldera. Filmaren bukaerako eskena antologiko bezain etsigarria da, baina hori beste baterako utziko dugu. Arestian esan bezala, Aitorrek pasa den astean Ezkaba mendian kontatutakoak eraman nau The Candidate filmaren akordura.
Ezkaba mendia, gure mendia. Hainbat lagun lelo hau modan jartzen ahalegintzen ari dira, esaldiak badu egiatik. Ezkabara igotzen naizen aldiro ezagunen batekin egiten dut topo eta hondarrekoan Aitorrekin egin nuen topo, lan aferak tarteko duela hamar urte Iruñera etorritako lankidea. Aitorren herria Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugatik hurbil da, barnealdean.
Bill McKay
Lankideak ez daki isilik, gotorlekutik ihes egindako presoen omenezko oroitarriaren parean hasi zen berbetan eta San Kristobal gotorlekua iristean etenik gabeko solasean jarraitzen zuen. Garaian garaikoa, hauteskundeak izan genituen hizpide. Botoa non eman behar zuen galdetu eta hona erantzun zidana.
Botoa herrian ematen dut. Hogei urte igaro dira botoa lehenengoz eman nuenetik eta egun berezia da niretzat, familiakoen arteko elkartasuna adierazteko eguna da hauteskundeena. Bezperatik joaten ei naiz, gurasoenean, nire gelan egiten dut lo, goiz altxatuta ere mesanotxian gutunazala zerraturik topatuko dut hauteskunde egunean, amaren zeregina da boto-paperak guztion eskura jartzea. Bada irudi bat hauteskundeoro errepikatzen dena nire begien arrrean. Gauerdian gertatzen ei da, gure ama egoitzatik etxera bueltan, egongelan sartu eta arreba eta bioi begira honela esaten digu:
-Irabazi dogu!
Ezin dut edota ez dut irudikatu nahi amaren poztasunik gabeko hauteskunde egunik, igual horrexegatik, amaren gauerdiko poztasuna ziurtatzeagatik galtza bete lan hartzen dut hauteskundeoro.
Lehengusuen artean Jon Ander da zaharrena, bera da gure taldea antolatzen duena. Lehenik eta behin, botoa eman, alderdiko kontu-hartzaileak (aita dugu kontu-hartzaileen arduraduna) dagozkien mahaietan daudela ziurtatu eta elkartera. Nire zeregina boto emaileen zerrenden kudeatzea da. Kontu-hartzaileek emandako informazioa historikoarekin, hau da, aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatu. Modu horretan eguerdirako badakigu zenbatek eman duen (digun) botua, are gehiago, batzuk oso goiztiarrak izaten dira eta 12ak baino lehen botoa eman ez badute telefonoz deitzen diegu, zeregin horretan aski jaioak dira Amaia eta Libe, aitaren aldetiko izebak.
-Gura badozu, guk eroango zaitugu.
Amaiak maiz errepikatuko du esaldia hauteskunde egunean zehar, are gehiago eguna euritsua badator. Egun bakarrean hamar bidaia egindakoak gara Mikelen furgonetarekin. Behin, Barrenkaleko Sebasen aulki-gurpilduna kateaturik geratu zitzaigun furgonetaren barruan, bost minutu luze igaro ziren askatu genuenerako, Jon Anderrek bizkargainean eraman nahi zuen Sebas gaixoa botoa ematera. Azkenik, aulkia askatu eta agureak duintasunez sartu ahal izan zuen hautestontzian guk prestaturiko gutunazala.
Beti ere, ni oso gutxitan mugitzen naiz egoitza dugun elkartetik. Zerrendak erkatzearena da nire lana. Gure boto-emaile hori telefonoz harrapatzen ez badut, postaren bidez kudeatu ditugun boto-emaileen zerrendari erreparatzen diot. Azken hau, aukera guztiak agortze aldera egiten dut, izan ere, gure herriak 10.000 biztanle baino gehiago baditu ere, denok dugu elkarren berri, oso erraza da komunitatearen nondik norakoak kontrolatzea. Postarena ustela gertatuz gero, bada beste aukera bat, pertsona horren taberna ohiturak ezaguturik, erronda egin, lan hori Jon Anderrek kudeatzen ohi du, tabernan sartu orduko badaki bertan botorik eskuratuko duen ala ez.
Hauteslekuak ixten direnean, datuen biltzea dator, lan hori txukun egin behar da, egun horretako emaitzak historikoari gaineratu behar zaizkio eta, teknologia berriei esker, lan hori etxetik egin dut azken urteotan.
Aitor eta biok San Kristobal gotorlekuari itzulia eman diogu, berak monopolizatu du solasa, bazuen zer kontatu. Etxera bueltan, ezin burutik kendu nabil The Candidate filmaren hondarreko eskena. Hauteskundeak irabazi berri dituen Bill McKayek galdera hau luzatu dio kanpaina zuzendariari
-Eta orain zer eginen dugu?
Aitorrek ez luke zalantzarik adieraziko
-Hurrengo hauteskundeetan gaurkoaren moduan arituko gara, Amaren irabazi dogu entzun dezagun.