Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Intsumisioa, sakabanatzea eta Sanedrinaren aginduak
Atalak: Ez gara hutsaren hurrengoak
Mendebaldeko liburutegian aurkitu dut Leoncio. Isilik dabil aspaldi honetan.
Eraikinetik atera eta Landabenera begira jarri gara, ez diot galderarik egin behar izan.
-Lan bat agindu zidatek.
Aldaketa gertatzear den honetan Foru Komunitatea norabide egokian jartzeko hamaika ekinbide izeneko txostena ari omen da idazten.
-Oraingoan bai, heldu duk gure tenorea.
Egiaren aitortzeko gutxitan ikusi dut Leoncio gaur bezain gartsu. Pentsa, 37-33 gana leloaren garaietatik ezagutzen dut Leoncio. 1979ko lelo hark Nafarroako politikaren norabidea nahi zuen markatu, leloak Hegoko lau probintziak elkartzearen aldekoen artean zenbatzen zituen PSOEren hamabost parlamentarien botoak, Parlamentuak 70 diputatu zituen, UCD-UPN elkartzeak 33 zenbatzen zuen, gainerako guztiak Nafarroa Euskadi da leloaren aldekotzat jotzen zituzten 37-33 gana pintada egiten ibili zirenek. Leonciok ongi gogoan du Victor Manuel Arbeloaren jokamoldea eta berriz ere, hortzetan harrapaturik jaso zuen otsoaren berri.
Hura ez da izan Leonciok PSN-PSOErekin hartu duen desilusio bakarra. Ziuraski etsigarriena hiruko gobernuaren garaikoa izan zen, 1995eko ekainean estrainekoz heldu zen Nafarroako Gobernura alderdi abertzale bat. Nafarroako IU-EBren laguntzaz osatu zen PSN-CDN-EA hiruko gobernuak hamaika hilabetez zuzendu zuen nafarren ustezko organorik gorena, Organo bat izan zen haien hondamendia. Organo komun iraunkorrak argi gorri guztiak piztu zituen egiazki nafarren norabidea zuzentzen duen organoan, Sanedrinak kosta ahala kosta desegin behar zuen hiruko gobernua.
1995eko ekainean Otano sozialista hautatu zuten Nafarroako agintari nagusi eta gobernu hitzarmena sinatzerakoan hamaika aldiz errepikatu zien CDN eta EAko gobernukideei inork inon ez zuela ezer haien kontra, PSN alderdi garbia zen, Gabriel Urralburu eta Antonio Aragonen garaiak igaroak zirela.
Aragon, Roldan, Balda, Urralburu. 1998ko epaiketa
1996ko ekainean Sanedrinaren izparringiak Otano salatu zuen, Suitzan kontu korronteren bat omen zuen, egia zen, hirukoa pikutara eta PSNko gestore berriak aldez aurretik inon idatziriko gidoia antzesten, 1996ko irailean Miguel Sanzen agintaldia hasi zen, era batera edo bestera ia beti PSNren sustengua izan duena.
-Ez gintuan ohartu Logroñon gertatzen ari zenaz, bagenian informaziorik, intsumisioak jarri gintian arrastoan, baina..
Ohi denez ez dut lehendabizikoan entelegatu Leoncioren esaldia. Logroño eta intsumisioa, bi hitz horiek lotzen dituen pasadizo bakarra ezagutzen dut eta hori ere Leonciok berritua. Iruñeko kartzela intsumisoz mukuru zen garai hartan, pentsa, 1994ko irailean intsumituek ere sakabanatzea ezagutu zuten. PSNko buruzagi izandako Urralburu eta Aragon 1995eko abenduaren 1ean atxilotu eta Iruñeko kartzelara eraman zituzten. Intsumituek kontatu dutenez, kartzelan zirelarik ez ziren inoiz gosaltzera joaten, baina 1995eko abenduaren 2an zintzo demonio ageri ziren jangelan goizeko zortzietarako, haien itxaropena Gabriel eta Aragonen bisaia ikustea, soziolistoekin gosari legea egitea. Urralburu eta Aragon ez ziren agertu, gainera egun horretan bertan Logroñora eraman zituzten, Urralbururen emaztea Olivia Baldak abenduaren 2an bisitatu zuen senarra. Handik gutxira Eguzki Irratian biltzen ziren hainbat lagunek txango berezia antolatu zuten, Logroñoko kartzela zuten helburu eta bertan dispertsioa salatu, sakabanatze oro, Urralburu eta Aragonena ere, zer dela eta ez ziren horiek Iruñeko kartzelan? Koadrila horretako baten batek ongi gogoan du nola egin zuten dispertsioaren kontra Logroñon erakutsi zuten pankarta.
Edurne Elizondoren liburua
-Gure begien aurrean gertatzen ari zuan eta ez gintuan jabetu.
Azken honen esanahia ez diot usaindu ere egin. Hona Leoncioren azalpena.
Logroñoko hartan tarte bat igaro zuten kartzela aurrean, inon egonen da egun horretako argazkiren bat, baina bada irudi bat horietako bati begietan iltzaturik geratu zitzaiona, txarlotada solidaria hartan baziren bi elementu soberan. Hilabete batzuk geroago, hau da, 1996ko ekainean jabetu zen Leoncio Urralburu eta Aragon Logroñon egon ziren bitartean gertatzen ari zenaz. Bi elementu horiek Sanedrinak bidalitako kazetariak ziren eta Leonciok geroztik jakin ahal izan duenez, ia astero hartzen zuten Logroñorako bidea bi kazetari horiek. Otanoren afera espetxeratuengandik jaso zuten informazioetako bat izan ziteken.
-Oro daki Sanedrinak.
Hau entzunda ez dut ulertu Leoncioren poza eta galdetzera ausartu natzaio.
-Baina egun ere Sanedrinak barrabiletatik ditik PSNkoak. Nola gauzatuko hire txostenak agintzen omen duen aldaketa?
-Tira, hamasei urte igaro dituk, Otanoren kargugabetzearen arrazoia egun eguneroko ogia duk. Konparazio batera Pejenauterekin gertaturikoa, pentsa, dimisioa aurkeztu zuen egunean betikoa zen informazio gehien zeukana, Sanedrina, operazioaren nondik norakoak eta arrazoiak inork baino hobeki pausatu zituen.
-Halere ez diat entelegatzen. Nork agindu dik txostena?
-Sanedrinak
-Bai to!
Ez zioat sinistu. Agurtzean hitzordua lotu dugu hurrengo asterako, Aldaketa gertatzear den honetan Foru Komunitatea norabide egokian jartzeko hamaika ekinbide txostenaren nondik norakoak argitu behar dizkit. Jakinminez utzi nau.