Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Erreferenduma hogei minutu lehenago
Atalak: Sailkatugabeak
-Ez diat sinisten. Ez zekitela deus ere! Ez diat sinisten, Leoncio
Leonciok jakin badaki Greenwichekoa ez dela meridiano bakarra. Hala ere, Bartzelonara datorren aldiro gogoratu behar izaten du Hiri Buruzagian baino hogei minutu lehenago argitzen duela. Leoncio goiz altxatu zen atzo, goiz altxarazi ninduen atzo, eta akreditazioen ordua baino hogei minutu lehenago ailegatu ginen Espanya contra Catalunya Simposioaren egoitzara. Besteak beste Institut d’Estudis Catalans erakundearen egoitza da Casa de de Convalescència. Rambla ondoko Carmen karrikan mugimendua sumatzen zen ordurako, dozena bat telebista kamara ikus zitezkeen atarian, berehala agertu ziren rojigualdaz apainduruko dozena bat pertsona.
Josep Fontana kazetariekin
Horien protesta hasi zenerako telebista eta argazkilarien kamarak zenbaezinak ziren. Bitartean Leoncio eta biok eraikinaren patioan ginen jende multzo gero eta handiago baten partaide akreditatu zain. Goizeko bederatzietan atariko zinpekoak sartzeko baimena eman zigun. Leoncio hamargarrena izan zen akreditatzen eta bidenabar nire akreditazioa atxiki zuen. Bizkor igo genituen eskailerak, simposioaren aretoa lehendabiziko pisuan baitzen. Bederatziak eta bosterako eserleku guztiak okupaturik ziren.
Leonciok ez daki geldirik egoten, zenbatetan esan behar izan nuen atzo nire ondoko eserlekua okupaturik zegoela! Horren ordainetan egun osoan zehar hainbat kontu eta informazio jaso nituen Leoncioren eskutik. Hona aski modu telegrafikoan nire lagunak arrantzatu zuenaren lagin bat galderaz mukuru.
Casa de la Convalescència-ren ataria
Hasierako agurra Joandomènec Ros, Jaume Sobrequés eta Francesc Homsen eskutik heldu zen. Homs kontseilariak aski ongi neurtu zituen bere hitzak. Ba al zekien Generalitateko kontseilariak non behar zuen egon eguerdi partean? Agurra amaiturik tarte luze bat eman zuen eraikinaren patioa hartua zuten medioak atenditzen.
Ondoren Josep Fontanaren hitzaldia entzun genuen, entzun baino gozatu genuen. El Mestre-k bigarren emanaldi bat eskaini zien patioko kazetariei, horretan ere argi eta bizkor. Leonciok Fontanaren hainbat esaldi ditu gogoan:
-Kataluniako herri xeheak bizirik mantendu zuen memorian identitatea
-Katalanismoak anitz kolore zituen eta anitz kolore ditu.
-Katalunia II. Errepublikan saiatu zen Espainia berria eraikitzen
-XX. mendean ezin ziren aferak zergen bitartez konpondu
-Katalunian berriki gertatu diren berezko manifestazioek agerian uzten dute segitu beharreko bidea.
Ferran Requejo, Josep Maria Solé eta Lluis Rouraren hitzaldiak aski interesgarriak izan ziren. Leonciok goizeko saioa amaitzean Lluis Rourarekin solastu zen. Katedratikoak 1714an, gerra amaitu ondoren, armada Borboiak nola okupatu zuen Katalunia aztertu zuen, Leonciok aipatu zion XVIII. mendean Katalunian gertaturikoa errepikatu zela ia ehun urte beranduago Hego Euskal Herrian, erran gabe doa, Rourak aski ongi zekien Abajo las quintas zer zen.
Leonciok segitu zuen atsalde partean ere arrantzan, baina bada goiz partean gertaturiko pasadizoa oraindik ere harrigarria zaidana. Harira, Leoncio ipurterreak soinu-teknikariari sakelako telefonoa kargatzeko entxufea galde egin zion eta teknikariak xalo-xalo bere mahaia eskaini. Gisa horretan txama egin zuen soinu-teknikariekin eta honek hogei minutu lehenago gertaturikoa kontatu. Hona pasadizoa:
Catalunya Radioko teknikariak goizeko zortzietarako simposioaren aretoan ziren, zuzenean eman behar zuten Espanya contra Catalunya simposioa. Homsen hitzaldia amaitu eta Catalunya Radiokoak presaka itzuli ziren teknikarien mahaiara eta tresneria ziztu-bizian biltzen hasi:
-Alde egin behar diagu. Galdera adostu diate, zuzenean erreferendumaren iragartzea eman behar diagu.
Kasualitatea? Jakinaren gainean al zen Homs kontseilaria?
Simposioak bere bidea segitu zuen arratsaldekoan, bitxia gertatu zen Joaquim Nadal eta Jordi Pujol areto berean ikustea. Nadal hizlari eta Pujol bankarien aferak tarteko Francesc Cabana laguntzera etorria. Baina jada ez zen bezgauza, giroan ziren Erreferendumaren bi galderak. Anbiguotasuna hitza aditu nion parte-hartzaile bati, baina bazen gogoeta bat nagusi:
-El Referèndum ha arribat, i el volem!
Gaur ere Hiri Buruzagian baino hogei minutu lehenago argitu du Bartzelonan. Elkarrekin joanen gara Leoncio eta biok Casa de la Convalescència-ra. Gaurkoan besteak beste Hizkuntza politika izanen dugu hizpide. Hori bai, ziur naiz Leonciok xerka segituko duela, bi galderen adosteak parte-hartzaileengan sortu dituen gogoeten xerka.
Euskal Herria eta Katalunia artean da Greenwicheko meridianoa, ez da hori bereizten gaituen lerro bakarra.