Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Alemanen jaia
Atalak: Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra
Igaro berri dira bizi nauen auzoaren jaiak. Horrelakoetan arriskutsuak izaten ohi dira mahaiaren bueltan jendea sobera egarri ez denean egiten diren planak, proposamenak. Afera ez da gaurkoa, 2003ko irailaren hasieran festa moduko bat antolatu genuen Txantreako Alemanen parkean, Arga ertzean. Ospakizuna ez zen liskarrik gabe igaro. Barbakoa eramangarri bat atera genuen jolastokira, sua piztu eta hamar minutu eskasera hara non agertzen diren udaltzainak hori debekatzera. Erraz asmatu genuen nor zen salataria, gugandik berrogei bat metrora auzokide fatxa hura baitzen guri beha. Morroi horrekin jazotakoek beste post bat merezi dute, baina ez nadin desbidera.
Barbakoaren jabea letratua zen eta da ogibidez, eta sesio luze baten ondoren, ondoko etxera eraman zuen tramankulua eta bertan finitu erretzea, udaltzainek alde egin zuten eta segida eman genion Alemanen jaiari, seme-alabak Axular ikastolan genituen gurasook izen hori paratu genion sasi festa hari. Akaberan etxean egindako zezensuzko bat atera genuen. Hura algara! Gogoan dut festa hark, bereziki udaltzainekin izandako liskarrak guraso eta seme-alaben talde hura trinkotu zuela, egun ere, ez nahiko genukeen bezain maiz, elkartzen gara, joan den astekoa lekuko, eta erran gabe doa bazkarian hamaikagarrenez hartu genuen hizpidera Alemanen jai hura. Hori bai, denboraren poderioz, bestelako elementuak txertatu dizkiogu festa nahi hari, eta horietako bat Alemanak toponimoaren jatorria da.
Alemanen zubia
Alemanak, alemanen ibaia, alemanen hondartza, alemanen poligonoa, adiera horiek topatuko ditugu Arga ertzeko pausaleku hau izendatzeko tenorean. Dibulgazio testu gehienetan ageri den informazioa Jose Joaquin Arazuriren Pamplona. Calles y Barrios entziklopediatik hartua da, jarraian Euskarabidearen web orritik hartutako informazioa
“1915etik 1916ra alemaniar multzo bat errefuxiatu zen Iruñean, Kamerundik zetozenak. Etorri berrian Ziudadelan kokatuak izan ziren eta, geroago, hirian barrena egokitu ziren, baten bat enamoratu ere. Laster alemaniar haiek Arga ibaira bainua hartzera joaten hasi ziren maiztasun eredugarriz, non eta 1917ko neguan izotza ere hautsi behar izan baitzuten ur jelatutan murgildu ahal izateko. 1919ko ekainaren 13an, Karelius A. Arutzen jaun alemaniar jatorrizkoari, Magdalena auzoan, Arga ibaiaren ertzean, bainuetarako etxola bat jartzea baimentzen zion txostena onetsi zuen Udalak. Laster inguru hura rio de los alemanes izendatu zen.”
Testuak Alemanen jaia noiz behar dugun ospatu garbi adierazten du, are gehiago bost urte barru 2019ko ekainaren 13an Alemanak toponimoaren mendeurrena ospatzea dugu. Baina, ez da hor amaitu koadrilan abiatu genuen bilaketa. Xerka horrek bi norabide izan ditu, alde batetik aurretik gertaturikoa eta bestetik Karelius A. Arutzen jaunak etxola eraikitzeko baimena eskuratu ondoren jazotakoak. Harrigarria bada ere, askoz informazio gehiago topatu dugu aurretik gertaturiko horietaz.
Alemanak Afrikan
Nondik heldu ziren alemaniar horiek? Afrika ere Lehen Mundu Gerrako borrokatokia izan zen. Inork deskolonizazio prozesuan kokatuko ditu gertakariok, baina erran gabe doa, azken hau boutade bat da, deskolonizazioa ez baita inoiz gertatu, kolonizazioaren moldea da aldatu dena.
Harira, gertakari militarrei dagokienez, Afrikan bi eremu nabarmendu behar ditugu. Gertakari ezagunenak Ekialdeko Afrika germaniarrean, hau da Ruanda, Burundi eta Tanzania aldean jazotakoak dira, ondoren Hollywoodek film entzutetsuak kokatu ditu lurralde horietan. Konparazio batera, The African Queen eta Out of Africa lurralde horietan girotu ziren. Ekialdeko Afrikan gerra ez zen 1919 arte amaitu.
Aleman bat Kamerunen (1891)
Baina Iruñeko Zitadelan laketu ziren alemaniar horiek Kamerundik etorriak ziren. Alemaniako koloniak ziren Kamerun eta Nigeriaren parte bat, eta han gerra 1916an amaitu zen. Alemaniarrek frantses, belgikar eta ingeles tropei aurre egin behar izan zieten, eta azkenean Mora herrian gotortu ziren.
Aliatuen salaketak aintzat hartzen baditugu, armada espainiarraren laguntza izan zuten alemaniarrek Afrikako alde horretan gerrak iraun zuen bitartean.
Lehen Mundu Gerra Kamerunen
Kamerunek Rio Muni Espainiako koloniarekin egiten zuen muga eta lurralde hartako Gobernadorea Angel Barrera eta militar burua Gimenez Pidal espainiarrak, biak ala biak germanofiloak ziren. Alemanek 1916ko otsailaren 15ean amore eman zuten, mila bat soldadu Rio Munira pasa ziren, haiekin batera bost mila kamerundar, eufemistikoki tropa laguntzailea deiturikoak.
Aliatuak ez ziren fido eta Alfontso XIII.a erregeari alemaniarrak Espainiaratzeko eskatu zioten. Bost mila kamerundarrak eta haien familiak Fernando Poo uhartean (egun Bioko uhartea) errefuxiatu ziren. Alemaniarrak eta kamerundarren bat Karl Ebermaier gobernadorea buru zutelarik Isla de Panay eta Cataluña merkantzia-ontzietan sartu, Santa Isabel portutik atera eta Kanarietako Las Palmasetik igaro ondoren Cádizera ailegatu ziren.
Karl Ebermaier gobernadorea
Andaluziako portura 1916ko maiatzaren 4an heldu ziren, alemaniarren buru arestian aipaturiko Ebermaier gobernadorea, Clasuen idazkaria, Zimmerman militar burua, Fischer doktorea, Bubeck bankaria eta Martenus kapitaina, azken honi Burdinazko Gurutzea eman zioten Kamerunen egindako balentriengatik.
Cádizen Las Palmasen gertatu zen gisara, sekulako harrera egin zieten, eta harrera horietan espainiar agintariak baziren ere, Kanarietan eta bereziki Penintsulan horren joria zen alemaniar komunitatea izan zen harrera horien antolatzailea. Gerrak iraun zuen bitartean (1914-1918) 80.000 aleman bizi omen ziren Espainiako Estatuan, haien zereginaz ondoren mintzatuko gara.
Cádizen bi tren zituzten esperoan Madrilerako bidea egiteko, baina Espainiako hiriburura iritsi aurretik, geldialdi bat egin zuten Sevillan, bertan Otto Engelhardt kontsulak harrera egin zien.
Zimmerman jenerala
Madrilgo Mediodía tren geltokira maiatzaren 5eko bederatziak hamar gutxitan iritsi ziren. Hurrengo eguneko egunkariei kasu eginez gero, geltokian ziren Ratibor Printzipea Alemaniako enbaxadorea, Bassewitz kondea, von Stohrer baroia, Kalle eta von Krohn agregatu militarrak eta Madrilgo kolonia aleman osoa. Garagardoa, gozokiak, tabakoa, loreak eta sakabanatzea. Madrilen heldu zen mila lagunez osaturiko taldea sakabanatzeko tenorea. Zifrak ez datoz bat garaiko egunkarietan, kontu honetarako, J.A. Tojo Ramalloren Cazadores de Barcos liburua jarraituko dugu. Horren arabera, ofizial gorenak, 60 bat, Madrilen geratu ziren, Alcalan 142 soldadu, multzorik handiena, 344 soldaduz osaturikoa, Zaragozara eraman zuten, Aranjuez, Teruel eta Valladolidera dozena batzuk bidali zituzten, Urduñara katolikoak eraman zituzten, hamar bat edo, eta Iruñera? 217 (zenbait iturrien arabera 247) izan ziren Hiri Buruzagira bidali zituztenak.