Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Alemanen ihesa abian
Atalak: Hiri Buruzagian, Lehen Mundu Gerra
Karl Koch zuen izena Iruñeko ihesa antolatu zuen ofizialak. Iruñeko ihesa diogu baina hogeiren ihesa esan beharko genuke. Ihesa 1916ko urriaren hasieran gertatu zen eta horren prestatze lanetan Iruñeko zein Madrilgo Alcalako kontzentrazio eremuetan ziren militarrez gain hainbat kargu eta espia alemanek hartu zuten parte, besteak beste, Max von Krohn itsas-agregatu militarrak, Ebermaier jeneralak, Herr Willbrandt enbadaxako langileak, Vigoko kontsulatuko idazkari Kindling jaunak eta Kochekin batera berebiziko protagonismoa izan zuen Hans Reupke zuzenbide ikasle gazteak.
Akaberatik helduko diogu ihesaren kontakizunari. 1917ko urtarrilaren 2an Madrilgo El Liberal egunkariko azalean berri labur bat agertu zen, berriak “Iheslari alemanak” zuen izenburua. Testuan El Liberal-eko kazetariak aurreko egunetan zenbait egunkaritan informazio iturri alemanek agertu informazioa gezurtatzen zuen, eta horren guztiaren azalpena hurrengo eguneko zenbakian, urtarrilaren 3ko egunkarian eman zuen, El Liberal-ek, azalaren erdia alemanen ihesaren kontakizunari eskaini baitzion. Berriaren izenburuan horrelako esaldiak irakur zitezkeen: Alemanen ihes harrigarria, Nolatan ihes egin zuten 20 ofizial alemanek Iruñea eta Alcalatik, “Virgen del Socorro” itsasontziaren odisea, Hilabete bat itsasoan, Gerra-ontzi ingeles batek harrapaturik, Nola erosi patatxe espainiar bat…
El Liberal-eko kronikak zinemarako gidoi bat dirudi. Baina ihesa berritzeko informazio iturririk joriena Erich Robert Petersen sarjentuaren kontakizuna dugu, Erich Iruñeko Zitadelan barneratua izaki ihesean parte hartu zutenetako bat izan zen. Petersenek 1933an egunkari moduko liburua idatzi zuen, Durch Busch und Blockade (Zuhaixketan eta blokeoan barna). Karl Koch-ek idatzi zuen Im Tropenhelm. Kriegstagebucheines Kamerunkämpfers (Kaskoa buruan. Borrokalari baten egunkaria Kamerunen)
Karl Koch-en Im Tropenhelm liburua
E.R. Petersen. Durch Busch und Blockade
Karl Kochek hogeita hamalau urte zituen ihesa antolatu zuenean. Plana arrunt sinplea zen. Itsasontzi bat erosi, ihesean parte hartzeko aukeratutako ofizialek bai Alcala bai Iruñetik alde egin behar zuten eta Galiziako porturen batera iritsi. Hori lorturik, itsasoratu, mendebal Irlanda eta ipar Eskoziako kostaldeak inguratu eta Norvegiako kostaldearen babesa probesturik Alemaniako porturen batera arribatu.
Aukeratutako ofizialak esan dugu, izan ere, ezin zuen edozeinek parte hartu ihesean. Iheslariek dirua behar zuten, itsasontziaren kostua eta itsasaldia hornitzeko gastuei aurre egin behar baitzieten. Dirua ez zen afera aleman askorentzat, gainera aparteko ordainsaria jaso omen zuten Espainiara heltzean. Sergio del Molinok liburu bat idatzi du Zaragozara joandako Kamerungo alemanen inguruan, Soldados en el Jardin de la paz, egileari kasu egiten badiogu, soldaduek hamar hilabeteko ordainsaria jaso berria zuten, nonbait dirutza zen hori garai hartako Zaragozan. Bestalde, iheslariek gazteak behar zuten izan eta itsasoan arituak baziren, hobe. Hiri Buruzagian Koch ofizialak egin zuen aukeraketa, eta lagun zituen Walter Grätshuss eta Dietrich Kilttlass arduratu ziren Alcalan egin zen aukeraketaz.
Kochek Zitadelatik kanpo zuen kontaktua Hans Reupke gaztea zen. Reupkek hartu zuen itsasontzia feriatzeko ardura. Eginkizun horretarako Kindling jaunarekin, Vigoko kontsulatuko idazkariarekin jarri zen kontaktuan, Kindlingek Belgrano merkantzia-ontziko eskifaiakoak aurkeztu zizkion Reupke gazteari. Belgrano merkantzia-ontzi alemanaren kasua ohikoa zen Iberiar Penintsulako kostaldean, Lehengo Mundu Gerrak iraun zuen bitartean anitz itsasontzi atxikiak geratu baitziren portuetan, Belgrano A Coruñako portuan zen gerra hasiz geroztik, eta honen eskifaiakoek bideraturik Reupkek Wolhaupt abizeneko gizon alemana ezagutu zuen.
Wolhauptek aski ongi kontrolatzen zuen Galiziako armadoreen mundua, eta hainbat aukera baztertu ondoren, Virgen del Socorro patatxe klaseko arrantza-ontzia feriatu zuten. Noiako Felipe Perez zen Virgen del Socorro arrantza-ontziaren jabea, patatxeak Corcubioneko folioa (matrikula) zuen eta une hartan Murosen zegoen amarraturik. Salerosketa hitzez itxi zuten, baina Perezek arrantza-ontzia Vigora eraman beharra zuen, bertan salerosketaren izapideak egin zitzaten.
Hau guzti hau irailean lotu zuen Reupkek gazteak. Baten batek galdetuko du, baina nola jartzen ziren harremanetan Kochek eta Reupkek, nola ezer adostu Iruñea eta Alcalan ziren ofizialen artean? Telegrafoa eta inoiz posta ere baliatzen zuten elkarren artean komunikatzeko. Esana dugu, kontzentrazio eremu horien zaintza laxoa zen oso, ia Espainiako estatuaren neutraltasunaren parekoa.
Ihes egiteko arrantza-ontzia feriaturik Iruñea eta Alcalatik alde egiteko tenorea heldu zitzaien Koch, Grätshuss, Kittlass eta gainerakoei.
Emil Schulz Kamerunen. Eserita, bigarrena ezkerretik
Bost lagun ziren Iruñeko Zitadelatik alde egin behar zuen taldean. Kochekin batera, Emil Schulz, Karl Schauf, Jacob Lohrmann eta arestian aipatu Erich Petersen sarjentua. Zazpi ziren Alcalako taldean, Gräutschuss eta Kittlass-ez gain, Karl Niemeyer, Leopold Kütz, Bruno Rassak, Hans Fritsche eta taldeko gazteena, hamairu urte zituen Max Jutersonke.
Bruno Rassak Kamerunen. Zutik, bigarrena ezkerretik
Baina esan dugunez hogeiren ihesa ari gara kontatzen, nortzuk ziren gainerako zortziak? Gainerako zortziak Vigon ziren zain, Hans Reupke gaztea, Alex Grossmann marinela, Hans Rautenberg sendagilea, Herman Enken Werth itsasontziaren marinela eta Goeben merkantzia-ontziko lau ofizialak: Henrich Zuppe, Karl Hilburgh, Maxe Griebel eta Emil Stehr. Zortzi lagun hauek dena prest eduki behar zuten Iruñea eta Alcalakoak iristen zirenerako. Esaterako, Reupke eta Zupperen ardura izan zen hornigaiak erostearena, itsasaldirako behar zituzten jakiak eta gainerakoak Daniel Calvo ostalariari erosi zizkioten. Baina, hornigai horiek Vigora iritsia ez zen Virgen del Socorro-ra aldatu behar zituzten. Nola, ordea? Bi aukera, bi biltegi posible zituzten, Goeben eta Werth itsasontziak, biak ala biak Vigoko portuan geraraziak Werth aukeratu zuten, izan ere, merkantzi-ontzi horren eskifaiakoak arrunt zaharrak ziren eta portuko agintarien zaintza aski laxoa zen ontzi horrekiko. Gaua lagun aldatu zituzten hornigaiak Werth itsasontzira.