Shoshone Mike
Hau emaria!
Lagunak aterkia zabaldu du. Ilunabarra Iruñeko Ermitagañan. Cohen anaien True Grit ikusi berri dugu. Lagunak, nik ez bezala. Charles Portisen eleberria irakurri du filma ikusi aurretik. Urkaturiko indiarra beltza omen da eleberrian, eta hartza-larruz mozorraturiko petrikiloa Cohendarren asmazio hutsa. Gustatu zaigu, gozatu dugu. Western generoaren iturrietaz mintzo gara, gidoilariek moldatzen dituzten istorioak ditugu hizpide.
-Ba al dik oinarri historikorik? Ausartu natzaio
– Fort Smith zibilizazioaren muga huan garai hartan
Guztiz harira ez badator ere, Shoshone Mike eleberrian oinarrituriko filmarik egin ote den galdetu diot. Western aferatan gutxi izanen dira laguna bezain jantziak, inoiz gogoa hango mendebalan duela ematen du. Ez dit argibiderik eman.
Euskal jatorrizko Frank Bergonen eleberria duzu Shoshone Mike. Kontakizunak indiarren kontra Amerikako Estatu Batuetan egin zen azken sarraskia du oinarri. Sarraskia 1911ko otsailaren 26an gertatu zen, Kelly Creeken (Nevadako iparraldean).
Indiar talde baten buruzagia zen Mike, talde horretako zortzi lagun, Mike barne, hil zituzten sarraski hartan. Emakume bat eta hiru haur bizirik atera ziren. Zein izan zen mendekuaren arrazoia?
Sarraskia gertatu baino hiru aste lehenago, 1911ko otsailaren 7an edo, abelgorri batzuen afera tarteko, Shoshone Miken taldeak Harry Cambron, Pierre “Pete” Erramouspe, Jean Baptiste Laxague eta Bertrand Indiano hil zituen Little High Rock Canyon-en (Washoe-Nevada).
Cambron abeltzain aberatsa omen zen, gainerako hiruak artzainak, euskaldunak. Gorpuak aurkitu eta jazarpena hasi zen. 200 milia, 300 kilometro inguru egin zituzten taldea topatu zuten arte. Gertakarion oihartzunak bizirik dirau Nevadako komunitatean, bestalde, The Indian Massacre of 1911 at Little High Rock Canyon liburua behar dugu aipatu, Effie M. Mack liburuaren egileak Miken taldea ezagutu zuten hainbat shoshonen testigantzak jaso baitzituen.
Frank Bergonek bazuen eleberrirako non dokumentatu, eta bestalde, bazuen nori erantzun. Izan ere, Shoshone Mike neurri handi batean The last free man Dayton O. Hyderen lanari eman arraspotua baita. Hydenek, abelgorrien afera baino, euskaldunek Miken alaba iraindu izana jotzen zuen liskarraren arrazoitzat.
Bergonen literaturan mendebala espazio multikural gisa ageri ohi da, horren ingurukoak, euskaraz, Monika Madinabeitia, Asun Garikano eta Miel A. Elustondoren lanei esker ezagutzen ditugu. Sarraskiaren mendeurrena probestuz ezer berririk eskainiko ote diguten, ezin jakin.
Emaria ez da eten Iruñeko karriketan, laguna ez da isildu, westernak greziar tragediarekin lotzen duen teoria du gogokoena, bakarrizketan ari dela dirudi. Gogoak beste mendeurren batera narama, aurten atharratzekoaren bigarren mendeurrena ospatuko baita. Nago ezer gutxi dakigula morroi hartaz, Shoshone Mike ez bezala beti egiten digu ihes Agostik.
Patuaren kiribilak. Aste honetako zenbakian Miel A. Elustondok Frank Bergon elkarrizketatu du
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2266/frank-bergon