Hasiera »
Patxi Larrionen bloga - Ez gara hutsaren hurrengoak
Patxi Larrion
Historiaren istorioak topatuko dituzu blog honetan. Egilearen asmoa ez da tradizioari traizioa egitea, baina nork daki.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Patxi Larrion(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Luistxo(e)k Joaquín Vidalen prosa bidalketan
- Aitor(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Iban(e)k Datozela antxeta rafaga horiek bidalketan
- Santi Leoné(e)k Petralic, Nikolai eta Ion bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
Kapital sentimentala (2)
2011-01-19 // Diaspora, Ez gara hutsaren hurrengoak // Iruzkinik ez
Iruñeko Donibane auzoa, duela 15 urte edo, paper-sorten artean ari naiz notarioen agiriak biltzen zituen artxibategian. Ondoko mahaian ikerlari ezagun bat, esku artean liburutzar bat, begirik kendu gabe ari da. Halako batean niregana bihurtu eta:.
Aurkitu dut! (gehiago…)
Kapital sentimentala (1)
2011-01-12 // Diaspora, Ez gara hutsaren hurrengoak // 4 iruzkin
Akabo miseria!
Pozik, ezin kabituz bota zuen lehengusu txikiak Japoniako osaba sorterrira zetorrela jakin bezain pronto. 1978ko uda zen. Osaba Jose Japoniara joana zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren. AEBetako armadak 1945ean Japonia inbaditu zuenean, besteak beste, erlijio askatasuna ezarri zen Sortaldeko Inperioan, eta horrek hainbat ordenu erlijioso animatu zituen misiolariak hara bidaltzera. Jose misiolari korazonista zen, eta gainerako ordenu erlijosoen gisan anitz diru mugitu zuen Japonian proselitismoa xedea zuelarik. (gehiago…)
Benjamin eta falafela
2010-12-20 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Falafela egiten.
Eguerdi hotza Pariseko La Marais auzoan, jatetxea judua da, jendez lepo dago.
Lagunak zorutik hartu du erori berri zaion falafela. Ondoko mahaian, ezin hurbilago, itxuraz ashkenazi izan zitekeen gaztea pita ogiaren barnekoa irensten ari da The New Yorker irakurtzen ari den bitartean, mahai bat haratago lau ikasle solasean, ikasketak dute hizpide, kipa (txano judua) daramate buru gainean, mizrahiak dirudite, haiek ere txitxirio-kroketak ari dira jaten. Ni kebab itxura duen ogitartekoarekin ausartu naiz.
– Benjamin Tuterakoak hau bezalako falafelik hartuko al zuen? Galdetu dit lagunak. Laguna tematuta dabil azken hilabete honetan, juduak eta euskaldunak, euskaldunak eta juduak, badirudi ez duela besterik buruan. Mesanotxian Bidaien Liburua laketu zaio.
Benjamin Tuterakoa.
Benjamin Tuterakoa Marko Polo nafarra, veneziarra baino mende bat lehenago bidaiatu zen eta hainbat ohar hartu zituen bere ibileren berri emanez. Liburu moduan 1543an ageri zen, Lingua Vasconum Primitiae baino bi urte lehenago. Konstantinopolisen editatu zen liburua. Badugu euskarazko bertsio bat. Nafarroako Gobernuak 1994an argitara emana, hirueleduna da edizioa, hebreeraz, gazteleraz eta euskaraz liburu bakar batean. Bat baino gehiagok 34. orrialdean ageri den mapa gustuko izanen du. Xabier Kintanak bihurtu zuen Bidaien liburua euskarara.
Benjaminek, Tuteratik abiatu eta Europa, Asia eta Afrika aldeko hainbat judu komunitate bisitatu zituen. Erroma, Tebas, Konstantinopolis, Beirut, Jerusalem, Damasko, Bagdad, Kairo, Alexandria…Merkataria omen zen Benjamin, harri bitxien zale nonbait. Tuterarrak diasporari egin zion bisita, judu komunitateen egoeraz kezkaturik, horien bizi baldintzen berri eman zigun.
Liburuan urri dira jakien inguruko aipamenak, falafelik ez da ageri bere kontakizunean, baina bai falafela egiteko osagaiak.
Bitxia oso jaki honen ibilbide historikoa, batzuk Indian kokatzen dute falafelaren jatorria, beste batzuk Egipto aldean. Turkiarrak eta juduak izan dira txitxirioz edota babaz egindako kroketa munduan barna hedatzearen erantzuleak. Falafela jateak juduak eta arabiarrak batzen ditu, batu edota etsaitu. Bai Israelek bai Libanok janari nazionaltzat daukate falafela, eta gai hori ere liskarbide bilakatu dute.
Gazte ashkenazia altxatu berri da, baina mahaiak ez du luze hutsik iraun. Beltzez jantziriko bizardun bi eseri dira ondoko mahaian, diosalik ez, hebreeraz edota yidishez ari dira.
– Benjaminenek ulertuko al zuen hauen elea? Ausartu da laguna.
Benjaminen garaian, XII. mendean, hizkuntz hila zen hebreera, alta hori izan zen tuterarrak bisitatu zituen komunitate juduekin harremanetan sartzeko erabili zuen lingua franca. Hebreeraren berreskurapena pasa den mendekoa dugu, Israelgo estatuaren sorrerarekin lotua, eta mendeetako tradizio hori du oinarrietako bat. Ezer ikasi genuen euskaldunok berreskuratze horren esperientziatik.
Imanol Berriatua.
Imanol Berriatua elantxobearrak ulpan ikastetxeen eredua ezagutu zuen 1976az geroztik. Euskalduntzen (gogoratzen marrazkilaria?) eta bereziki Hitz egin euskara ikasteko metodoak asko zor diote ulpanen esperientziari. Hitz egin Berriatuaren ekarpena izan zen, liburuaz gain metodo honek bazituen hainbat liburuxka irakurmena lantzeko sortuak, horietako bat dugu Ikasle Israelen, irakurgai horretan Imanolek Benjamin Tuterakoaren ibilbideaz jardun zuen, bereziki Jerusalemen igarotako denboraz. Ezin jakin non ikasia duten hebreera edota yidisha falafelari ekin berri dioten beltzez jantziriko bi gizonek. Laguna eta biok Euskalduntzen eta Hitz Egin metodoen garaikoak gara.
Hotza da kalean La Marais auzoan.
Spam
2010-11-25 // Ez gara hutsaren hurrengoak // 5 iruzkin
Iruñeko bigarren zabalgunea, larunbat goiza, erosketak eginik azoka ondoko ostatua hobetsi dut bermuta hartzeko. Lokalak berrogei urte inguru ditu, txinatarrak barraren bestaldean, garai berrien adierazgarri. Nire ondoko mahaian, laurogeiak beteko ez dituzten hiru agure, gerra ondorengo giroa dute hizpide. Berritsuenak pasa den mendeko 50.eko hamarkadan eguberrien aurretik Lizarrako koartel militarrera egin ohi zuen txangoa gogora ekarri du.
-Einsenhower pakete bat hartzen nuen urtero.
Entzuna nuen Einsenhower paketearena, II. Mundu Gerran eta gerraostekoan ere aliatuen ikurretako bat izan zena.
Agureak jarraitu du
-Badakizue, espagetiak, txokolatea, kafea, haragi-lataren bat.
Spam lata
SPAM markakoa izan zen merkaturatu zen lehendabiziko haragi-lata. 1937an izan zen hura, eta II. Mundu Gerran bilatu behar dugu spam produktuaren hedatzea, mundu mailan hedatu ere. Enpresa Amerikako Estatu Batuetakoa, haragia argentinar edota uruguaitar jatorrizkoa, eta spam laten helmuga armada amerikarraren interesgune oro, Paris, Berlin, Okinawa, Korea, Lizarra…, hau da ludi osoa. Monty Python-ekoei zor diegu zabor-posta izendatzeko SPAM hitza zabaltzearena.
Agureak dio haragi-latak eguberri eguneko mahaia hornitzen zuela. Ezin jakin Lizarran jasotako horiek spam markakoak ote ziren, ezta puskaz interesgarriagoa dena, noiz hasi zen agurea jasotzen Einsenhower paketea.
Ostatuko telebista aparailuan Formula 1eko sailkapen proba, Shanghaien ari dira, barraren bestaldean Nafarroako chardonnay zerbitzatzen ari direnak txineraz mintzo.