Karlos Zurutuza Afganistandik
Hasiera » Egunerokoa » Rahmatullah, Jorge eta hirurok
Ira10 4

Rahmatullah, Jorge eta hirurok

Atalak: Egunerokoa

Rahmatullah

Rahmatullah

Rahmatullah zain neukan Kabulen, haserre. Ez nion esan bila etortzeko aireportura… Kontua da goizeko 5:30ean iritsi naizela eta goizegi iruditzen zitzaidan bila etortzeko eskatzea. Azkenean, 10:00etan egin dugu topo eta bostekoa eman diogu elkarri lehenengo aldiz bizitzan –telefonoz eta internetez baino ez genuen elkar ezagutzen–. Rahmatullah ordea, zein den? Utzi errebobinatzen.

Joan den urtean nahiko e-posta bitxia jaso nuen. Jorge izeneko igorleak nire izena interneten aurkitu eta gero, gerlari kurduei buruz erreportaje bat egin nahi zuen eta “kontaktuak” eskatzen zizkidan horretarako. Erantzunik eman aurretik, Google-era jo eta nik ere bere izena aurkitu nuen. Beste askoren artean, lotura honekin egin nuen topo.

Ez dut luzatu nahi gizon honen profil izugarriarekin, Google denon eskura baitago. Laburbilduz, Jorgeri kontaktuak pasa nizkion eta bere helburua bete du aurtengo udaberrian. Ordainetan ezer espero ez nuen arren, nonbait Jorge zerbait zor zidalakoan zegoen.

“25 urte daramatzat Afganistanera bidaiatzen. Inoiz joan nahi baduzu, kontaktu bikain bat pasako dizut”, esan zidan telefonoz. Asmatuko zenuenez, Rahmatullah zen kontaktu hura.

Orain badakizue Jorge eta biok nola ezagutu genuen elkar. Anekdota xume bat baino ez dela pentsatuko duzue, ez dela hainbesterako… bat nator; benetako historia, Rahmatullah eta Jorgeren artekoa da:

“1982an sobietarrek nire herria erasotu eta bizkar hezurrean zauritu ninduten. Sei urte besterik ez nuen orduan. Pakistanera alde egin eta Peshawarren bat egin genuen beste milaka errefuxiatuekin. Ospitalean nengoela, Jorge Melgarejo gerra kazetaria ezagutu nuen. Afganistana bidean zegoen, garai hartan kazetariek Peshawarretik gurutzatzen zuten muga Mujahidinekin bat egiteko. Nire bizkar hezurreko zauri larriak ibiltzea galarazten zidala entzutean, Jorgek zera esan zien nire gurasoei, Espainian ebakuntza egin eta sendatzeko aukera zegoela. Azkenean, sei hilabete eman nituen Madrilen, Jorge eta Ana bere bikotearen etxean, osatu arte. Zauria mingarria bazen ere, egonaldi hartako berebiziko oroimena daukat, nire bizitzaren kapitulu polit bat izan zen hura. Jorge eta Ana nire gurasoak bezala portatu ziren sei hilabete haietan eta harremana gaurdaino mantendu dugu, jakina. Hein handi batean, berari zor diot gaur ibili ahal izatea.”

Rahmatullahk hamaika gonbita luzatu eta bere laguntza guztia eskaini dit datozen asteotarako. Bostekoa bigarren aldiz elkarri eman ondoren, abiatzen ikusi dut bere gibeletik. Herren, baina oinez.

4 Iruzkin

  1. asier | 2010-09-10 at 12:42

    Nik dakidanez Sobietarrek ez zuten Afganistan iunbaditu , lagundu baizik.Afganistango alderdi komunista hauteskundeetan bozkatuena izan eta gero aliantzen bidez poterea lortu zuen eta Talibanek,jauntxo tribalak eta Estatu batuek estatu kolpe bat eman zuten.gauzak argi esan behar dira.

    Reply
  2. Abel | 2010-09-10 at 13:31

    Asier, gauza bat da zuk, zure etxeko sofatik sinestu nahi duzuna. Nik ez dakit zehatz han zer gertatu zen, baina afganiar honek esaten badu “1982an sobietarrek nire herria erasotu eta bizkar hezurrean zauritu ninduten”, nik sinestu egiten dut.

    Euskal Herrian badugu soviet batasunak herritar askoren gainean eragindako sufrimenduaz ahazteko ohitura nahiko txarra…

    Aupa Karlos, segi lanean fuerte!

    Reply
  3. Gorka Bereziartua | 2010-09-10 at 14:05

    Testuan ez da esaten Sobietarrek Afganistan inbaditu zutenik, 1982an bere herria erasotu zutela baizik. Egia da Apirileko Iraultzatik aurrera Afganistanen gertatu zena izugarri desitxuratu dutela hedabideek, batez ere Sobiet Batasunak jokatu zuen rola; baina ados egongo zara nirekin, Asier, Sobiet Batasunaren laguntza militarraren ondoren milaka hildako izan zirela bi bandoetan, zaurituak ugari, eta horrelakoetan biktima guztiak ez direla militarrak izaten.

    Reply
  4. MIKEL AYESTARAN | 2010-09-10 at 16:22

    Zurukzai, zaindu eta laister arte!

    Reply

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Karlos Zurutuza Afganistandik

Azken bidalketak

  • Besteaz etxetik, amaiera
  • Gozoa eta garratza
  • Emakume tortxen hiria
  • Balutxeekin topo
  • Zorte hutsa!

Iruzkin berriak

  • KZ(e)k Mateo bidalketan
  • maite(e)k Mateo bidalketan
  • Mikel Agirrezabala(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
  • PFF(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
  • Ibai(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan

Artxiboak

  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila

Kategoriak

  • Analisia
  • Artikuluak mapan kokatuta
  • Egunerokoa
  • Sailkatugabeak
  • Testigantzak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA