Karlos Zurutuza Afganistandik
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- KZ(e)k Mateo bidalketan
- maite(e)k Mateo bidalketan
- Mikel Agirrezabala(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
- PFF(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
- Ibai(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan


Nazioarteko Turismoaren Eguna?
Atalak: Egunerokoa
Turismoa Afganistanen
“World Tourism Day” -Nazioarteko Turismoaren Eguna- irailaren 27an ospatzen omen da. Interneten aurkitu dut informazioa gaur, panel honekin topo egin eta gero. Azpialdeko ezkerreko koadroari erreparatu eta afganiar turismo elkarterik izan badela deskubritu dut gaur.
Bada, egia esan, izugarria da herrialde honek eskaini liezaiokeena balizko turistari. Azter dezagun Afghan Tourism Organization-ek azpimarratutakoa:
“Mountanious” (menditsua) irakur daiteke goialdean. Izan ere, Hindu Kusheko mendikateak Afganistan erdibitzen du. Wakhango pasabidean, Ipar-ekialderantz zabaltzen den mingain hartan, 7000 metrotaraino iristen dira gailurrak. Gainera, “mingaina”ren puntak Txina ukitzen du.
“Buddha” (Buda): Gogoratzen al zarete Bamiyango budetaz? 2001an talibanek lehertarazi zituztenak? Bada, haiexek ziren munduan izandako greziar-budista kultura bakarraren ikur nagusiak. Egun zuloak besterik ez dauden arren, bertakoak, hazara etniakoak, zibilizazio haren ondorengoak dira oraindik.
“Silk Route” (Zetaren Bidea) ere azpimarratzen du afitxak. Bide nagusiak Afganistan aldetik aldera zeharkatzen du; Irango mugako basamortu itzelak atzean utzi eta ekialderantz beti, Khyber mendi pasabide izugarriraino iritsi arte. Eta handik Peshawarrera…
“Hospitality” (abegikortasuna): Gauza jakina da afganiarrak oso abegitsuak direla. Momentuz, Rahmatullahk goiari eutsi dio jada.
“Adventure” (abentura): Edonondik ikusita ere, Afganistanerako bidaia abentura izan da beti.
Jar ditzagun “Tradition” (tradizioa) eta “Ancient” (antzinakoa) batera eta zentra gaitezen “Spirit of free” delako horretan. Ingelesera oker itzulita badago ere, “bihotz askea” litzateke euskarazko itzulpena. Ez da harritzekoa, Afganistani “Inperioen hilobia” deitu ohi zaio; greziarrak, britaniarrak eta sobietarrak gogor saiatu arren, ezin izan zuten sandaliaz borrokatzen duten gerlariok mendean hartu. Gaur makina bat Blackhawk amerikar helikoptero ikusi ditut Kabulgo zerua zeharkatzen. “Historiaren lehenengo ikasgaia, berau behin eta berriz errepikatzen da”, pentsatu dut orduan.
Tamalez, turismo industriak denbora beharko du oraindik erabat sustraitzeko hemen.