Norbait falta da hemen!
“Mr Karlos, hiru hautagairekin elkarrizketa lotu dizut gaur goizerako!”, esan dit Rahmatullahk telefonoz 8:00etan. Bi ordu beranduago bere autoan jasotzean, emakume batekin, pastun batekin eta tajiko batekin genuela hitzordua jakin dut. “Teshekur, mr Rahmatullah!”, eskertu diot, ostegunean iritsi nintzenetik hamaikagarren aldiz.
Rahmatullahk “goizerako” esan du baina Kabulgo trafiko izugarria batetik, eta hiru ordezkari zirela ikusita bestetik, asuntuak egun osorako joko zuela pentsatu dut. Baita zera ere!
“Hirurak batera ikusiko ditugu, mr. Karlos. No problem!”.
Eta han zeuden denak gure zain, Kandaharreko pastundarraren etxean, hain juxtu. Hasi aurretik, otordu baten inguruan eseri gara bostok. Pastak, pistatxoak eta intxaurrak te zurrutekin irensten nituen bitartean, elkarrizketak egiteko modu bitxia bezain azkarra iruditu zait hura: banan banan, elkarren atzetik, beti ere besteak aurrean daudela ere.
Emakumeak lehendabiziko elkarrizketa izugarria eman dit. Antza, datorren larunbateko hauteskundeetan aurkezten diren 2500 hautagaietatik, 410 dira emakumezkoak. Baina hauteskunde kanpaina honetan, 10 erasotik bederatzi jaso dituzte beraiek: heriotza mehatsuak, eraso fisikoak, bahiketak baita hilketak ere sofritu dituzte asteotan bai emakumeok, baita beraien kanpainan lan egiten dutenek ere…
Hauteskunde hauek “lehengo urtekoak bezain zikinak” izan zitezkelakoan dago Wali Zada anderea. Edonola ere, bizia arriskatzeko prest da emakume ausarta, hain da handia bere nekea.
Tajikoa izan da hurrengoa. Karzairen gestioa “bikaina” iruditzen zaio, bai eta afganiar legebiltzarraren eta Koalizioko tropen jarduna ere. Herrialdeak egun pairatzen duen egoera, Irani eta Pakistani soilik leporatzen die Ahmadi jaunak.
Bukatzeko, Kandaharreko pastundarrak biziki insistitu du: “Bai, taliban gehienak pastundarrak dira, baina pastundarren artean gutxiengo bat besterik ez dira talibanak. Popal jaunaren diskurtsoak ez nau ustekabean harrapatu, “txuribeltzeko” mundu honetan joera nabarmena baitugu honelako ekuazioak egiteko: “musulmana=gaiztoa”, “pastundarra=talibana”, eta abar.
Bertako abegikortasun kodeak agindu legez, bazkaltzeko gelditu beharra izan dut. Gonbita, jakina, gusto handiz onartu dut baina norbait faltan bota dut aldi berean. Wali Zada andereak elkarrizketa bukatu eta berehala alde egin du.
“Segurtasun neurriak”, esan lezake baten batek. Agian bai. Baina, funtsean, Wali Zada anderea ez dago gonbidatuta gizonentzako otordu honetara.
Oraindik ez.



Uste baino urrunago…