Ume hautsiak
“Sharifullah dut izena, 16 urte ditut eta Helmandekoa naiz. Ramadanaren amaiera ospatzen ari ginela, errepidera gerturatu ginen gidariak agurtzeko. Izan ere, oso auto gutxi igarotzen da Nad Alitik, nire herritik.
Halako batean, soldaduen konboi bat ikusi genuen. Gero ez naiz ezertaz oroitzen. Ospitalean esnatu nintzen. Nire anaiak esan zidan tiro bat jaso nuela sabelean, ingelesena edo. Medikuek sendatuko naizela diote. Ez dakit. Hitz egite hutsak min handia ematen dit”.
“Ihmatullah dut izena. Musa Qalah (Helmand) herrikoa naiz. 16 urte ditut. Ardiekin genbiltzala, soldadu eta talibanen arteko suak harrapatu gintuen. Kohete bat erori zen alboan. Nire anaia txikia hil zen. Nik metrailak josita daukat gorputza baina medikuek diote jada guztia atera didatela”.
“Abdulraziq dut izena eta Farah probintziakoa naiz. 13 urte ditut. Sadaradin nire herrian etxe huts batean sartu ginen. Aldian behin jendea ikusten genuen, kutxak eta paketeak sartzen bertan, baina denok genekien etxe hartan ez zela inor bizi. Jakinminak jota geunden eta, azkenean, joan den astean sartu ginen. Ate alboko kutxa bat mugitzean, zerbaitek eztanda egin zuen. Ospitalean esan zidaten talibanen biltegi bat zela hura. Eskubiko besoa eta begia galdu ditut.
“Abdul Waheed dut izena. 64 urte ditut eta Daudchanen aitona naiz. Sei urte ditu eta ezkerreko hanka moztu behar izan diote. Bere bi urteko anaiari, ordea, biak. Nire semearekin motorrean zihoazela, IED (bide bazterreko bonba) batekin topo egin zuten”.
Muhamed, 12 urte. Etxeko sabaian nengoela kolpe gogor bat sentitu nuen bularrean. Gibela birikari itsatsita etorri nintzen ospitalera. Amerikarren bala bat izan zen. Erizainak dio mirari bat dela ni bizirik egotea.
“Quadratullah naiz. 14 urte ditut eta Ghereshkekoa (Helmand) naiz. Hanka biak, eskubiko eskua eta begi bat galdu ditut. Eztanda egin zuen zerbait jaso nuen lurretik. Gaur bisita eguna da. Lo egin nahi dut. Nire aitak dena kontatuko dizu gero”.
“Mateo naiz, Milangoa. Emergency eta MSF GKEk Helmanden duten ospitaleko medikua naiz. Gure biktimen %90 zibilak dira; horietatik erdia, umeak”.
Ikaragarria… Aspaldi ez nuen horrelako testigantza gogorrik jaso. Segi fuerte Karlos!
Zer tristura….horrela betiko
Hor armak; edonork, edonon, nolanahi…. Armak jaun da jabe.
Horko ospitale guztiak Medicins sans Frontieres erakuende bezalako eskuetan al daude? Behar adina laguntzarik al dute? Bolondresak, bertakoak dira? Informazio gehiago mesedez.
Nola egiten duzu paraje horietan mugitzeko?
Beno Karlos zure kroniken zai gelditzen gara. Zaindu
Milesker, Lander!
Endrike,
MSFk medikuntza orokorra kudeatzen du eta Emergency-k gerra zaurituak soilik. Nolanahi, elkarren alboan daude.
Lehenengoa Kabul eta Lashkargahko ospitaleetan dago eta, bigarrena, Panshir, Kabul eta Lashkargahn. Medikuak kanpotarrak nahiz bertakoak dira.
Handik mugitzeko? Low profile;o)
Mila esker Karlos, horrelako testigantza hunkigarriegatik, inoiz entzuten ez direnen ahotsa helaraztearren.
Ondo segi!
Hitzik gabe geratu naiz…
Ikaragarria, komunikabide haundi mandiek ez dute ez horrelako ezer kontatuko. Zaindu Karlos!
Ados Aitorrekin, horregatik da bere txikitasunean hain handia Argia.
Zaindu zaitez Karlos!!
Qué hay más grande que aliviar el dolor de los que sufren? Eutsi gogor Karlitos, bazekiat momentu gogorrak bizi ari haizela honbeste sufrimendu ikusiz ta esperimentatuz. Bueltatze haizenian koadrilakook egingo diagu terapia. Hold fast my friend!
“Qué hay más grande que aliviar el dolor de los que sufren?”
Tamalez, ezin apaldu. Zuengana iritsi bada, zakua beteta!