Karlos Zurutuza Afganistandik
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- KZ(e)k Mateo bidalketan
- maite(e)k Mateo bidalketan
- Mikel Agirrezabala(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
- PFF(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
- Ibai(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
Herri txikia…
Atalak: Egunerokoa
Afganistango luzeena omen da Helmand ibaia. Hindu Kusheko mendi garaietan jaio eta Iranen hil bitartean, 1.150 km-ko bidaia egiten du. Bide erdian, Lashkar Gah hiria dago.
Helmand ibaia Lashkar Gah igarotzen
Munduan kontsumitzen den heroina gehiena ur hauek asetutako amapoletatik ateratzen da. Hala diote.
Amapola zelai izugarriak omen daude hiri honen inguruan. “Omen” diotzuet zeren oraindik ez dut berauek ikusteko paradarik izan. Ez, ez da nagikeri hutsa izan. Kontua da oso jende gutxi ausartzen dela Lashkar Gahko hirigunetik ateratzen.
“Talibanen txekpoint bat ikusi zuten atzo hemendik X kilometrora”, hementxe zurrumurrua. Eman ixari bat eta bostaren arteko balioa, eta hantxe talibanak.
“Ezta pentsatu ere!”, esan zidan aurrekoan Helmand eskualdeko gobernadoreak. Jarraian, honako gonbita hau luzatu zidan: “Nahi baduzu, Marjara eramango zaitut. Arazorik ez dagoela ikusiko duzu”.
Geroxeago jakin nuen 25 ibilgailuek osatu zutela Mengal gobernadorearen konboia Marjararako bere azken bisitan. Ez da harritzekoa, 17 aldiz saiatu baitira bera hiltzen bere kargua duela bi urte hartu zuenetik. Hala esan zidan bere laguntzaileak.
“Mengal lapurti bat besterik ez da eta atzerriko tropek babesten dute”, entzun nuen Lashkar Gahn atzo.
Espero bezela, amerikar soldadu ugari daude Helmanden, bai eta britainiarrak, estoniarrak, georgiarrak, kroaziarrak…eta, jakina, afganiarrak ere. Edonola, Helmandeko gobernadoreak eskualde honetako hiriburua besterik ez du mendean. Eta nekez.
“Ba al dakizu nor aberastu den gehien amapola guzti hauekin? Karzairen anaia gazteak; huraxe Afganistango trafikanterik handiena!”, zioen beste batek.
Zurrumurruak zurrumurru, Helmand ibaiaren ertza toki ezinhobea da basamortu honetako beroa uxatzeko: umeak bertan bainatzen dira, gizonek euren motorrak edo autoak garbitu, eta alfonbrak etxekoandreek. Irudi honen aurrean, nekez pentsa genezake Afganistango eskualderik ezegonkorrenetakoa dela hau. Bestalde, Lashkar Gah hiria zeharkatzean, detailetxo batek baino ez digu atentzioa ematen: honako erretratu hau salbu, gainontzeko guztiak auto barnetik atera ditut.
Halaxe eskatu dit nire gidari-itzultzaileak. Zanaullah nire segurtasunaz kezkatuta dago; baita bereaz ere.
“Zanaullah atzerritar bati laguntzen ikusi nuen atzo”, komenta lezake bateren batek.
Herri txikiek hori dute.