Karlos Zurutuza Afganistandik
Hasiera » Analisia » Besteaz etxetik, amaiera
Urr27 8

Besteaz etxetik, amaiera

Atalak: Analisia, Egunerokoa

Atzo gauean iritsi nintzen Euskal Herrira, beraz, bloga “ixteko” eguna dugu gaur. Egia esan, erantzukizun handiegia gertatzen zait honako post hau, “Karlos Zurutuza Afganistandik” izeneko honek pertsona bakarra baino dezente gehiago inplikatu baitu: zuek irakurleok eta proiektu honen bideratzaile den Argia; sei asteotan azaldutako istorioen jabeak eta, jakina, ni neu. Esan bezela, erantzukizun potoloegia gaurkoa, bai horixe!

Nimrozeko lagun taldea

Nimrozeko lagun taldea

Atzo Kabulen gosaldu eta Donostian afaldu nuen; egunbeteko bidaia izan zen bueltakoa. Ez, ezin esan Afganistan urruti dagoenik; ez, behintzat, geografikoki. Orain etxean nago, ordenagailu aurrean, blog hau nola itxi asmatu nahian…egokitzeko, “lurreratzeko” denborarik izan gabe!

“Idatzi zuri gertatutako “abenturatxo” bat, asko izango dituzu eta!”, esan dit batek baino gehiagok azken asteotan”. Hainbatetan egiteko zorian egon naiz, bai eta idazten hasita ere. Baina, nola txertatu honelako anekdota ñimiñorik Ahmed, Mateo edota Herateko emakumeen istorioen artean?

“Gerra gehiago azaltzea espero nian”, bota dit beste batek. Bada, nire ustez, gerra istorioak izan dira denak. Soldadu ugari, gehiegi ikusi ditut egunotan: amerikarrak, britainiarrak eta afganiarrak, bai eta estoniarrak, kroaziarrak, turkiarrak, bulgariarrak… nolanahi, Helmand eskualdean inoiz baino gertuago egon naiz gerratik edo, “gerra” kontzeptu horretatik.

Bertako ospitalean, gerraren ondorioz eskuak, begiak edota hankak galdu zituzten umeak topatu nituen. Sharifullah, Abdulraziq, Ihmatullah, Ahmed… horiek jakin badakite gerra zer den. Baina “gerrakoa” ere bada, hots, Abdul Rahman kanaberazko zuku saltzailearen istoria edota Fahima emakume hautagairena, bi besterik ez aipatzearren. Kabulen edo Mosulen gaudela ere, jendeak ogia erosten du egunero; tea hartzen du lagunekin edota umeak eskolara eramaten ditu. Robert Fisk gerra kazetari ospetsuak honela zioen: “gerra denboraren %96an ezer gutxi gertatzen da; gainontzeko %4an, aldiz, jendea erotu eta egoera kontrolezina bilakatzen da.”

Nik zorte handia izan dut ez baitzait egokitu %4 hori. Hobe, gerra “ikustea” baino, gerraren biktimekin, afganiarrekin, hitz egitea nahiago nuen nik.

Kuchi nomada.

Kuchi nomada.

Robert Fisk handiaz ari garela, ezin aipatu gabe ere utzi Ryszard Kapuscinski maisua. Erreportari poloniarrak Bestea-z mintzo zen beti; bere lana, kazetariarena, Bestea-rengana gerturatzea zela zioen. Bestea txiroa zen Kapuscinskirentzat, afganiarra izan, irakiarra, somaliarra edota azerbaiandarra. Tamalez, nekez izaten dugu Bestea-ren berri mundu aberatsean. Areago, ezjakintasun horrek Bestea-rekiko beldurra sorrarazten digu askotan.

Esan bezela, egunbeteko bidaia da Bilbo-Kabul. Nik, ordea, etxe albokoak balira sentitu ditut afganiarrak azken sei asteotan.

Ezin amaiera eman honi zuei, irakurleoi, eskerrak eman gabe. Tristura, amorrua eta etsipena bideratzeko idatzi dut behin baino gehiagotan sei aste hauetan zehar. Halakoetan, zuek leundu duzue hainbatetan jasanezina egin zaidan emozio-zama ikaragarria.

Eta eskerrak ere Argiari bere ezinbesteko laguntzagatik. Berari zor diot, hein handi batean, kazetari sartu izana. Nekez topa nezake ogibide aberasgarriagorik.

8 Iruzkin

  1. endrike | 2010-10-27 at 16:52

    Eskerrak zuri kronika hauekin afghanistango errealitatea erakutsi diguzulako. Benetako protagonisteei aukera eman diezu hitzegiteko. Hemendik ordubetera daude baina gero eta gertuago eta ezin dugu ez ikusiarena egin.

    Ongi etorria etxera low profile

    Reply
  2. IÑIGO | 2010-10-27 at 19:46

    Aupa Zuru eta ongi etorri kanpaleku basera.
    Lan “earra” hire azken abenturatxo hau, gertukoa, gazia eta aldi berean gozoa. Baina aberasgarria gure txoko seguruetan gaudenontzzat. Eskerrak aberastasunik ez dugun inork kentzeko…
    Aparitxo batean kontatuko dizkiguk denak. Ea noiz ikusten garen.
    Eutsi goiari.

    Reply
  3. Peri | 2010-10-27 at 23:58

    Ongi etorri, makina! Blog hau nire bunkerrean ireki den lehiatilatxo pizgarri bat izan da.

    Reply
  4. Kepa | 2010-10-28 at 7:58

    Aupa Zuru! Ongietorri etxera. Lan bikaina egin duzu, inon agertzen ez den Afganistanen aurpegia erakutsi diguzu!

    Reply
  5. Markel | 2010-10-28 at 9:31

    Bihotzetik egindako lana, aspaldian ikusitako hunkigarriena. Zorionak, Karlos!

    Reply
  6. Ibai | 2010-10-28 at 22:26

    Aupa Karlos, nik ere oso gustura irakurri ditut zure nondik norakoak! Ongietorri etxera.

    Reply
  7. PFF | 2010-10-28 at 23:17

    Ongi etorri zuru! lan bikaina egin duzu!

    Reply
  8. Mikel Agirrezabala | 2010-11-04 at 19:17

    Oso ona Zuru! Pozte nauk benetan bustatzen zitzaikena egiten ari zera ta!

    Reply

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention Besteaz etxetik, amaiera -- Topsy.com - [...] This post was mentioned on Twitter by Argia Astekaria and Karlos Olasolo Urkia, Xabier Letona. Xabier Letona said: Zer…

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Karlos Zurutuza Afganistandik

Azken bidalketak

  • Besteaz etxetik, amaiera
  • Gozoa eta garratza
  • Emakume tortxen hiria
  • Balutxeekin topo
  • Zorte hutsa!

Iruzkin berriak

  • KZ(e)k Mateo bidalketan
  • maite(e)k Mateo bidalketan
  • Mikel Agirrezabala(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
  • PFF(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan
  • Ibai(e)k Besteaz etxetik, amaiera bidalketan

Artxiboak

  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila

Kategoriak

  • Analisia
  • Artikuluak mapan kokatuta
  • Egunerokoa
  • Sailkatugabeak
  • Testigantzak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA