Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
«I AM WHAT I AM»
Atalak: Gizartea
« I AM WHAT I AM’» horra marketinaren azken eskaintza munduari, horra publizitate garapenaren maila gorena, zirikada guztietan aurreratuena, ohiko “izan zaitez desberdin”, “izan zaitez zu zeu”, “edan ezazu Pepsi” baino hagitzez aurreratuago. Kontzeptuak asmatzen igarotako hamarkada hauek guztiak, honetara iristeko, tautologia hutsera. NI=NI.
‘Heldu den Matxinada’ saiakeran irakur daitezkeen Batzorde Ikusezinaren hitzok ezin hobeak iruditu zaizkit neuk ere, hipsteriak jotako norbanako bezala, Victor Lenore-ren ‘Indies, Hipsters y Gafapastas, Cronica de una dominación cultural’ liburua ematen ari den zeresanean muturra sartzeko. Iragan hurbilak erakutsi digunaren arabera, bada halako joera bat modernoak jo puntuan jartzeko (gogoratu bedi irakurleak Mursegoren ‘Eusnob’ kantua edo Beñat Sarasolaren ‘Euscool manifestua’) , zeinak ezinbestean eragin ohi dituen modernoa nor den edo nor ez den defendatzera datozen mila argudioz puztu eta ondoriorik gabe itzali ohi diren elkarrizketak. Lenoreren liburua gauza berri larregi esatera ez datorren arren, hau irakurri dutenen artean dezente errepikatu den iruzkinik bada: irakurlea, orokorrean, idazleak kritikatzen duen jarreraren bat edo besterekin identifikatzen da. Eta horrek, onartu dezagun, izorratu egiten du bat. Baina honen aurrean defentsiboki jarri eta norbere burua arrazoi merkeekin zuritzera mugatu diren jarrerek zer pentsatua ematen didate, eta nago honako jarrera honekin bilatzen den bakarra norbere printzipioekiko inkoherentziak besteen begietara koherente bilakatu eta bizi eroso batekin lasai jarraitzea dela, beti ere ‘hipster’ edo ‘e(u)snob’ etiketetatik salbu. Batzorde Ikusezinaren hitzok oso adierazgarri iruditu zaizkit kontu honi pare bat buelta emateko, izan ere aipatu NI=NI tautologiaren burrunba momenturo jasateak gugan duen eraginak gure Nia-ren kudeatzaile asegaitz bilakatu gaitu, eta nago hipsterizazio faseko zenbait puntu betetzea dela horren adibide garbiena. Izan ere, zer da Hipster bat Nia egituratu eta zaindu batekiko obsesioa, maila patologikoraino eramana, ez bada? Maila ezberdinetan bada ere, ez al gara guztiok erortzen gure Nia-ren zizelkaritzan?
«NI NAIZENA NAIZ». Nire gorputza nirea da. Ni ni naiz, zu zu zara, eta hala oker gabiz. Masa pertsonalizazioa. Kondizio guztien indibidualizazioa: bizitzarenak, lanarenak, nahigabearenak (…) Ni izateko nahia handitzen den heinean handitzen da sentitzen dudan hustasuna. Zenbat eta gehiago esan, orduan eta isilago nago. Nire buruaren atzetik zenbat eta gehiago korrika egin, orduan eta nekatuago nago. Leihatila aspergarri baten antzera kudeatzen dut, duzu, dugu gure Nia. Geure buruaren ordezkari komertzialak bilakatu gara: merkataritza bitxia. Pertsonalizazioz mozorrotutako anputazio baten berme emaile bihurtu gara.
Tak eta tak, zizelarekin Nia-ri forma ustez originala eman asmoz jotako kolpe bakoitzean geure benetako nortasuna anputatu eta merkatuaren nahietara modelatzen gara. Izan ere, ez al gara konturatu darabilgun zizela, gure tresna, merkatuarengandik eskuratu dugula? Geure nortasunaren nolakotasuna azaleratzeko kontsumitzen ditugun produktuak merkatuak saldu nahi izan dizkigun berberak direla? Alternatibotasuna merkaturatzeak berau produktu kontsumigarri bilakatu duela? Eta produktu horiek kontsumitzeak, H&M-ko Ramonesen kamisetak kasu, kontrakulturaletik ezer ez duela? Manualeko Hipsterraren irudiarekin identifikatu gaitezke ala ez, Mondosonoro irakurketa interesgarritzat ala ipurdia garbitzeko orri sortatzat jo dezakegu, modernoei dagozkien gustuak partekatu ditzakegu edo ez, baina edozelan ere gustuen bereizketa horrek ez du inor salbatzen. Lenorek bere liburuan Hipsterrei dagozkien gustuak gurutziltzatu baditu ere, ez dut uste kontua bereizketa horretan dagoenik, baizik eta gustuen nolakotasunean. Neu ere bat nator Gorka Erostabek Hipster zu, hipster ni (I) artikuluan dioenarekin, zeren salbuespenak badiren arren, orokortua da egun kultura eta kontsumoa, kultura eta merkatua bikote banaezin balira bezala tratatzea; produktuek eta ni isolatuek aspaldi hartu baitzioten gaina kulturaren esperientzia kolektiboari, ni eta zu-ez gu-a eraikitzen deneko esperientziari.
Kontsumitzen dugunaz eta hau kontsumitzeko daukagun eraz kontziente izatea, hortxe nik uste dominazio kulturaletik ihes egiteko gakoa. Ez nator bat lehenengoak bigarrenak baino pisu gutxiago duelako ustearekin ordea, kontrakulturaren esparruari buruz hitz egiten ari naizenez geroztik ez baitzait berbera iruditzen Arcade Fire bezalako talde bat entzutea, zeinak beraien jarraitzaileei ongi janzteko eskatzen dien, edo boteprontoan talde bat aipatzearren, Akauzazte entzutea. Arcade Fire entzun edo ez erabakitzeko unean honen jarrera elitista erabakigarria izan beharko litzateke, baita Hipster tendentzian hain presente egotera iritsi diren gainontzeko jarrera matxista, indibidualista, arrazista eta kontsumistak ere. Lehenik eta behin kontsumitzen dugun horri filtroa jarri beharko genioke, eta behin filtroa pasa ezkero hau kontsumitzeko modu egokiez hausnartzea litzateke logikoena: Zer nahi dugun, nola nahi dugun, eta kontsumitzaile huts izatera mugatu ote nahi dugun. Hori bai, beti ere kolektiboan eta horizontalki, izan ere…
… « I AM WHAT I AM’» ez da gezur soil bat: kanpaina militar bat da, gizabanakoen artean dagoen guztiaren aurkakoa, ordenarik gabe mugitzen den guztiaren aurkakoa, modu ikusezin batez elkartzen gaituenaren aurkakoa, atsekabeari oztopo egiten dion guztiaren aurkakoa, existitu gaitezen ahalbidetzen duen guztiaren aurkakoa.