Hasiera »
Amaia Lekunberriren bloga - Engranaje artean
Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Gonbidatu deserosoak
2022-03-29 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Patriarkatuak kazetaritzan duen islaren adierazleetako bat besterik ez da plazaratutakoa, desparekotasuna beste hamaika formatan ere azaleratzen baita. Horietako zenbait jasotzen ditu Martxoak 8aren bezperetan El Salton argitaratutako ¿Por qué el feminismo es más una lucha que una realidad en las redacciones? (Erredakzioetan zergatik da feminismoa borroka bat, errealitatea baino gehiago?) erreportajeak. Tituluak aurreratzen dio hipotesi nagusia irakurleari: feminismoa ez da egikaritutako zerbait erredakzioetan, borroka baizik. Eta lehen lerroan mahaigaineratzen da horren arrazoi nagusitzat jotakoa: “Botere eta korporatibismo maskulinoak zaildu egiten dute praktika feministak eta kazetaritza feminista modu orokortuan txertatzea”. Bat nator azpimarratutakoarekin. Halere, esango nuke badela, aipatutakoekin batera, parekidetasuna oztopatzen duen mekanismo sotilagorik –eta hortaz, indartsuagoa izan daitekeenik–.
Belen Gopeguiren Tiroa kontzertuaren erdian: eleberrietan politikaz aritzeari buruz (Txalaparta, 2011) lanaren hitzaurrean, erdigunera iristen diren bazterreko gorputzez mintzo da Eider Rodriguez. Hala gertatzen denean stablishmentaren mekanismoa zein izan ohi den azaltzen du: “txuleta zatia” jaurti ohi die heldu berriei, eta horien arreta desbideratuta, une hori probesten du beharrezko egokitzapenak egiteko, presentzia berriarekin ere denak lehengo logika eta martxari eutsi diezaion. Modu horretan, oreka berri bat, aurrekoaren aldaera sotil bat, ezartzen du: “Aurrerantzean zapalduei kexatzeko baimena emango zitzaien, baldintza batekin: biktima papera onartu behar zuten eta inolaz ere ez ziren ahaleginduko ez zegokien beste paper bat jokatzen (…) Ordenan integratu nahi izango dira, ordena irauli behar ez izateko”. Beste hitz batzuekin esanda: toki bat esleitzen zaie, baina mugatua eta edozein mugimendu aurreikusgarri bilakatzen duena, indarrean den ordena desorekatu dezakeen ororen suhesi.
Emakume gisa kazetaritzan betetzen dudan tokiaz hausnartzerakoan, hitzok oihartzun egiten dute nire baitan. Eta zentzu horretan, hainbatetan entzunagatik, ezagun zait El Saltoko erreportajean iturri batek dioena: emakume izateagatik, ulertutzat jotzen dela guri dagozkigula zenbait gai (indarkeria matxista kasuak, Martxoak 8, “bigun” kontsideratzen diren gaiak…), horien jarraipena egin nahi ez badugu ere. “Dagokigun paperak” mugatzen gaitu sarri, hori ere paper erre bilaka daitekeen arren. M8ko gertakaria horren adibide: manifestazioaren jarraipena egiten ari nintzela garrasi batzuk aditu nituen bizkarrean; laupabost gizon kazetari ziren, kamerak eskuan, fokuratuta zeukaten espazioan genbiltzan gainontzeko kazetarioi baztertzeko esanez. Beren lana besteonaren gainetik balego bezala. Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izanik, paradoxikoa iruditu zitzaidan, gutxienez. Eta ikaragarri argigarria ere bai. Keinu sinpleenek esplizitatu baitezakete egunerokoan inplizitua den logika oso bat: batzuon lana bigarren mailakoa eta ordezkagarria dela (baita “dagozkigun gaietan” ere), eta oraindik orain gonbidatuak besterik ez garela festa honetan, adibidez.
Inoren festan egonik, ez ote da lizentzia lartxo hartzea zer eta gauza hauetaz hitz egiteko ahotsa altxatzea, non eta iritzi artikulu batean. Beinke, zeinen esker txarrekoak izan daitezkeen gonbidatuak.
Langileen eskubideak, sintoma arinekin
2022-01-25 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Proba bat egin ostean, COVID-19an positibo eman dut. Ondo nago, sintoma arinekin. Hurrengo egunetarako aurreikusitako agenda publikoa atzeratu eta konfinamendutik lanean segituko dut”. Kendu agenda publikoaren zera hori erditik, eta edonorenak izan zitezkeen adierazpenok, ziurrenik azkenaldian hainbatetan entzungo edo adieraziko baikenuen gauza bera. Baina kontua da oraingoan ez dituela edozeinek esan hitzok, baizik eta Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroak.
Ezkertiartzat aurkezten zaigun Lan ministro baten partetik gisako mezuak zabaltzeak ez dirudi, ez, egokiena, arrazoi sinple eta argi batengatik: a priori langileen eskubideen defendatzaile eta eredu izan beharko litzateke. Eta kontrako norabidean, adierazpenon atzean askok antzeman du langileriarentzat mezu bat: gaixorik egonik ere, egon zaitezke lanerako moduan. Esandakoaren desegokitasunagatik bakarrik ez, jada agerikoa dena nabarmentzera datozelako ere badira esanguratsuak ministroaren hitzok; COVID-19aren aitzakian, gaixorik lan egitea normalizatzen ari garela, alegia. Ez ziren alferrik seinalatu telelanaren balizko arriskuak pandemiaren hastapenetan.
Eta egongo da esango duenik Díaz ez dagoela gaixorik, koronabirusaren sintoma arinak hotzeriaren gisako zerbait izatera datozela, eta horrela egoteak ez duela bat lanerako ezgaitzen. Puntu horretaraino bat nator irakurketarekin, baina ñabardura garrantzitsu bat uzten du kanpoan: hotzeriagatik inork ez dauka konfinatu eta bizitza normala egiteari utzi beharrik, koronabirusarekin ez bezala. Logikoa iruditu dakiguke, COVID-19aren nolakotasunak tarteko hartu beharreko salbuespen neurria, eta hargatik lanarekin uztargarria. Baina produzitzea ez ezik beste ia guztirako ezgaitzen gaituzten agertokiei atea irekitzeak, printzipioz, alerta eman beharko liguke. Kutsatutakoentzako eta kontaktu zuzenentzako baja eskubideak izango du izateko arrazoirik, ezta?
Díazen hitzei tiraka, bada kezkatzen nauen beste aspektu bat ere: sintomak izanik, kriterio pertsonalen arabera erabakitzeak lanerako gai edo ezgai gauden, ze berme ematen dio langileari? Kutsatuta lan egitea normalizatzen ari den testuinguruan, gehiengoarentzat lan esparruan nagusi diren ezegonkortasuna eta prekarietatea faktore erabakigarri izango dira bat lanerako dagoen ala ez erabakitzerako orduan. Inozoa litzateke kontrakoa pentsatzea. Erabat jota egon ezean nola ba hartu baja, pattal egonik ere lanean jarraitzen duten lankideak geroz eta gehiago badira? Nola jarri, bada, osasuna lanaren aurretik, ezaxolakeria keinu gisa uler badaiteke –eta ondorioz, ogibidea arriskatzea ekar badezake–?
COVIDaren agerpenaz geroztik herritarrok kutsatzaile potentzialak garen era berean, soldatapeko lana –eta hortaz, logika kapitalista– existitzen denetik langileok alper potentzialak gara. Bien arteko nahasketa, telelanarekin tarteko, koktel arriskutsua.
Etxebizitza, auzi feminista
2021-11-12 // Etxebizitza // Iruzkinik ez
Argazkia: Tano D’ Amico
Bilboko txabolismoa du ikergai Iñigo López Simónek, eta fenomeno hura aztertzerakoan genero ikuspegia kontutan hartzearen garrantziaz mintzo zen berriki argitaratu dugun elkarrizketan. Gizonak ez bezala, sexuaren araberako lan banaketak emakumeak ia egun osoz lotzen zituen etxoletara, eta horrek bilakatu ditu baldintza duinak ez zituzten bizileku haietaz hitz egiteko testigu fidel. Pentsatzekoa denez, beren egunerokoa etxeari hain lotua egoteak bultzatu zituen 1905ean hainbeste emakume Barakaldoko alokairuen greba aurrera eramatera, azpimarratu izan denez borroka hartan emakumeak nabarmendu baitziren.
Garaiak aldatu dira, eta emakumeon lan-merkatura sarbideak murriztu egin du etxean ematen dugun ordu kopurua. Askatzaile izatetik urruti, baina, aldaketak emakumeak zamatu ditu lanaldi bikoitzarekin –etxekoarekin eta etxetik kanpokoarekin–, eta hanka bat eremu publikoan izanik ere, gehienbat emakumeek segitzen dute izaten etxebizitza arazoen aurrean esku-hartzeko joera. Kataluniako giza eskubideen behategiak (DESC) eta Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak egindako ikerketa baten arabera, etxeko eta zaintza lanetan egozten zaien erantzukizunak bultzatzen ditu etxebizitza arazoaren aurrean esku-hartzera.
Emakumeak etxebizitzagatik borrokatzera bultzatzen dituen bestelako faktorerik ere bada ordea. Lan-merkatura jauziak diru-sarrera propioetara atea ireki arren, tratua tranpatia suertatu da, soldatapeko lanaren truke jasotzen dugun ordaina urriagoa izan ohi baita –dela soldata-arrakalagatik, lanbide feminizatuen gutxiespenagatik, edota kontziliazioagatik jardun erdira lan egiteagatik–. Lerro batzuk gorago aipatutako ikerketak dioenez, norbanakoen diru-iturriei behatuz gero, emakumeen %49 pobrezia arrisku egoeran legoke. Kaudimen ekonomiko estua izateak –edo halakorik ez izateak– etxebizitza duin batetara sarbidea ez ezik, bertan mantentzea ere zailtzen digu, eta beren kabuz teilatupe bat ordaintzeko ezintasunak behartzen ditu emakume asko tratu txarrak ematen dizkien pertsonekin bizitzera. Alegia, etxebizitzaren aldeko borrokaren feminizazioa ematen bada, prekarietateak eta etxebizitza arazoak emakume aurpegia izan ohi duelako da.
Etxe batera sarbidea bilatzean, kaleratze baten aurrean… gurutzatzen gaituen egiturazko zapalkuntza oro erreproduzitu egiten da etxebizitzaren alorrean, eta zenbaitetan, gainera, indarkeria instituzioen eskutik joan ohi da. Horren adibide gordinik baldin bada, Batu Elkarlaguntza Sareko kide Joaquirena da. 97an banandu zen tratu txarrak ematen zizkion gizonarengandik, eta beldurragatik, ondasun-banantzean erasotzaileari eman zion etxebizitzaren usufruktu eskubidea. Ordutik bertan bizi izan da alaba eta bi bilobekin, baina behin genero-indarkeria delitua preskribatuta, erasotzaileak salaketa jarri dio eta epaileak haren alde egin du. Azaroaren 25eko data darama agindutako etxe kaleratzeak. Aurten, beraz, protestatik ekintzara igarotzeko eskakizuna dakarkigu data seinalatuak. Joaqui, haren alaba eta biloben etxe kaleratzea gelditzea indarkeria matxistarik gabeko bizitzak exijitzea baita. Feministok, kaltetu zuzen izan edo ez, badugu fronte bat etxebizitzaren aldeko borrokan. Etxebizitzarena, klase eta arraza auzia den bezala, genero auzia ere bai baita.
Deserria
2021-09-15 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Maketoa naiz eta arto nago”. Hala zioen udaberri aldera auzoko pareta batean loratutako pintadak. Lerro hauen atzean denari irri bihurria atera zion esaldiak, baina oso bestelako irakurketak ere izan zituen. Bigarren zentzua izan zezakeen esaldia izatetik urruti, zentzugabekeria zeritzon askok, trauskilkeria. Sarera ere egin zuen salto pintaketaren argazkiak, beronen bueltako iritzi gehiago ezagutzeko aukera irekiz. Erdaldun baten kexa gisakoa izan zitekeela zioenik bazen –nahiz eta euskara erabili–, bere burua maketotzat duenak kexa euskaraz adierazi izanaz trufatzen zenik ere bai. Nire baitarako pentsatu nuen bazitekeela esaldiaren ironia tonua oharkabe pasa izana.
Arreta eman zidan ohartzeak pintaketa haren egilea gure ingurunetik at kokatzen zuela hainbatek, auzoan eta euskaraz idatzia egonik ere. Bazirudien gaur gaurkoz ere askorentzat maketoak bestetasuna, gu –zernahi dela ere hori– ez den hori, izaten segitzen duela. Urte hauetan guztietan tarterik izan ez balitz bezala behinola irain izandakoaz jabetu eta norbere identitatearen parte gisa onartzeko eta aldarrikatzeko, euskalduntasunarekin batera, zergaitik ez. Batak eta besteak ez baitaukate zertan kontrajarriak egon. Ez ote da, hain justu, bestetasun horretara betikotzen dituen logikaz kexu izango pintaketa?
“Ez dakit nire gurasoek destierro moduan bizi izan zuten euren herrietatik alde egin eta mila kilometrora bizimodua topatzera behartuta egotea. Baina nire bizitza deserri huts legez bizi izan dut (…) Beste batzuena zen herrian jaio eta haztea da deserria. Betirako trenak ekarritakoa izatea da deserria”. Sonia Gonzalezen hitzak dira, Erreka Haizea lanean jazoak, eta muturren parean jartzen diote bati maketoak arto egoteko izan ditzakeen motiboen artean bat aski potoloa: norbere herrian arrotz izatera kondena. Konplexurik gabe maketo gisa identifikatzerakoan harrotasuna ordez artotasuna besarkatzera eraman dezakeena, ondoriozta dezaket.
Orain gutxi irakurritako iritzi artikulu baten harira gogoratu dut pintaketaren pasartea. Aipatu idatziak euskararen egoeraren pagaburu bilakatzen zituen migratzaileak, “inmigrazio masibo” gisako terminoak erabiliz eta hala izendatzen zenari “aurre egin beharraz” mintzatuz. To! Atzerritarrek euskara kaltetzen dutela defendatzeko, industrializazio garaiko migrazio fluxuak euskara urritu izanaren argudioa zerabilen autoreak. Puntu horretantxe oroitu nuen garai hartan etorritako norbaiten ondorengoak egindako auzoko pintaketa. Irakurtzen ari nintzen diskurtsoa hedatzearen arriskuak ez ziren gutxi eta edonolakoak, baina bakarra aipatzearren –eta inolaz ere ez larriena–, beste belaunaldi bat kondena zezakeen bere herrian bertan deserrian sentitzera, Beste izatera.
Aniztasunari tokia egingo dion eta euskara kohesiorako –eta ez diskriminaziorako– erabiliko duen herria bada nahi duguna, urgentziazkoa zaigu gisako diskurtsoei bidea moztea. Kanpotik etorri(ko) direnen ondorengoek biharko egunean paretak sprayatuko badituzte, artotasuna adierazteko baino, harrotasuna adierazteko arrazoi gehiago izan ditzaten.
Ez manipulatzaileak, ezta koitaduak ere
2021-07-05 // feminismoa // Iruzkinik ez
Duela hilabete, hotzikara eragiten duen berria heldu zitzaigun Kanariar Uharteetatik: urtebete eta zazpi urteko Anna eta Olivia alabak hil zituen Tomás Gimenok. Apirilean haurrak bahitu zituenetik beren berri jakin gabe egon ostean, ekainaren 10ean itsasoko uretan ahizpa nagusiaren gorpua aurkitzeak eszenatokirik beltzenera zeraman kasua. Hipotesi nagusia da aitak txikiena ere hil izana.
Hilketok harrabotsa sortu zuten jendartean, tamainako doilorkeriaren aurrean gaitzespen olatua eraginez. Itsaso harro bilakatutako iritzi publikoan, baina, korronteek irentsi egin zuten indarkeria matxista pairatzen duten amen eta haurren errealitatearen gaineko perspektiba zabaltzeko –eta berau problematizatzen eta salatzen jarraitzeko– parada luzatzen zuen albistea: Oliviaren hilotza aurkitu eta biharamunean, Juana Rivas andaluziarra bere kabuz aurkeztu zen espetxean; 3 eta 11 urteko bere semeak tratu txarrak eman dizkien aita eta bikote-ohiarengandik babestu asmoz hasitako periploak eraman zuen bertaraino.
Horratx problematika beraren txanponaren bi aldeak: aitak hildako haurrak eta seme-alabak arrisku horretatik libratzeko borrokan diharduten emakumeak. Behin harremana moztutakoan, emakumeari min egiten jarraitzeko azken heldulekua haurrak baitira tratu txarrak ematen dituen gizonaren begietara. Beatriz Zinnermanek harremana moztu zuenean sortu zitzaion Gimenori berau kaltetzeko nahia, alabak hiltzera eramango zuena; Francisco Acurik bereganako zuen indarkeriazko jarreragatik jarri zuen distantzia gizonaren eta bera zein bere semeen artean Rivasek, eta orduan ekin zion beste aldeak epaitegietan semeen zaintza exijitzeari; eta hor dugu Irune Costumero bizkaitarraren kasua ere, zeinak hiru urte daramatzan zortzi urte dituen alaba tratu txarrak ematen dizkion aitarengandik babesteko borrokan, existitzen ez den Gurasoen Alienazio Sindromea leporatuta Bizkaiko Foru Aldundiak haurraren tutoretza kendu baitzion –tratu txarrengatik salatutako gizonari emateko–.
Feminicidio.net-ek bildutako informazioaren arabera, 2013 eta 2018ko martxoa artean, Espainiako Estatuan jazotako feminizidioen biktimen artetik, 40 adin txikikoak ziren eta horietako hamar bisita erregimenaren edota zaintza partekatuaren bidez aitaren eskuetara igarotzean hil zituzten. Ama den hainbatek badu beldurrez, arduratuta eta asaldaturik egoteko motiborik, aurreiritzi matxistetan oinarrituz –besteak beste, emakumeak manipulatzaileak garela eta gizonari dena kendu nahi diogula– justizia patriarkalak seme-alabak besoetatik erausten dizkienean berauen osotasunarentzat arrisku diren gizonen eskuetan uzteko. Tenerifeko hilketen gisako kasuak irmoki gaitzesten ditugun era berean, Costumeroren eta Rivasen egoeran dauden hamaika emakumeei babesa helarazi eta horien borrokara lerratzea legokiguke. Indarkeria bikarioaren aurrean haurren amak manipulatzaile edo koitadu izatera kondenatzen dituen logikarekin hausteak bai baitauka bere urgentzia.
Porn Riot-az eta kazetaritzaz
2021-03-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazkia: Betevé
Pablo Haselen atxiloketaren harira deitutako mobilizazioen eskutik mahai gaineratu da, ebatzi gabea izateagatik, tarteka eztanda egin ohi duen auzia: gatazka sozialaren ondorioz istiluak sortzen direnean, zer duen zilegi argitaratzea lekuko izan den (foto)kazetariak. Orain hiru aste Bartzelonan jasotako protesten harira, gori-gori egon da eztabaida, publiko egindako hainbat irudiren aitzakian: manifestari asko eta asko ageri ziren, identifikatzeko erraz, eta legearen aurrean delitu kontsideratzen diren ekintzak gauzatzen.
Kexu agertu dira herritar eta kolektibo ugari, protestetan parte hartu eta ekintza zuzena gauzatu nahi izatera, (foto)kazetaritza eredu horrek beren segurtasuna urratzen duela eta maiz beren ekintzei ere trabak jartzen dizkiela seinalatuz. Interpelazioen aurrean, pilota bere teilatutik kanpora jaurti duenik ez da falta izan, adierazpen askatasunaren izenean autokritikari ateak itxi eta jaten ematen dion kazetaritza eredu sarraskijalearen defentsa eginez. Isilik mantendu den kazetaririk ere egon da. Eta beste zenbaitek, eztabaida aurrerapausoak emateko aukera gisa baliatuz, beren jardunaren berrikusketari eta eztabaidari bide eman die. Alabaina, iruditu zait badela argudio bat postura ezberdinek baliatu dutena, zeinaren erabilerak artegatzen nauen, iruditzen zaidalako bi ahoko sorbatza izan dezakeela eta norbere jarduna zuritzeko baliatu daitekeela: kazetarion presentziak bermatzen duela protesta egiten dutenen segurtasuna, gertakizunen testigu garen heinetik.
Bada, bai eta ez. Kazetarion jarduna giltzarri da edozein gertakariren aurrean –poliziaren gehiegikeria, kasu– testigantza zuzena eta frogak aurkezteko. Baina kaltetuari nola, beste aldeari ere balio diezaioke froga bezala dokumentatu dugunak, baldin eta informazio konprometitua eskuragarri jartzen badiogu. Adibide bat jartzearren: Bartzelonako protestetan emakume bati begia leherrarazi zion mossoa ustez identifikatzea ahalbidetzen duten irudiak justiziari luzatu dizkion fotokazetari berberak hamaika argazki ditu sarean publikatuak, protesta horietan parte hartu zuen hainbaten identifikaziorako balia daitezkeenak. Kazetariak begia txikitu dioten emakumearen kasuan egindako ekarpenari baliorik kentzeko inolako asmorik barik, baina jarduteko modu horrekin, nago, kaltetu ditzakegun pertsonak gehiago direla mesedetu ditzakegunak baino.
Porn Riot-ak (istiluen pornoa) pisua duen garaiotan, zerbait argitaratzerakoan, iruditzen zait erraz antzean gailentzen zaiola irudiaren inpaktatzeko gaitasuna eta estetika berorrekin ematen dugun informazioaren egokitasunari. Eta horrek, boterea jagon eta kuestionatu xedez kazetari sartu denari bederen, alarma jo beharko lioke; eskutan darabilgun informazioarekin, lana erraztu baitiezaiokegu hormaren kontra jarri gura dugun horri. Ez al litzateke kazetarion eginbeharra gure jardunarekin defendatzen dugun horren alde protesta egiten duten herritarren segurtasuna bermatzea –nahiz eta horrek eskatu daukagun irudi potenteena sakrifikatu eta argitara ez ematea–?
Zaintzak, garaiotan
2020-12-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Konfinamenduan, isolatzeak aterabidetik baino galbidetik gehiago zuela oharturik, zaintza sareak eratu ziren han-hemenka, eta kolektiboaren, elkar-babesaren eta elkar-zaintzaren garrantzia azpimarratu. Joan dira ordutik zenbait hilabete, eta zaintzak segitzen badu ere ezkerreko sektoreen diskurtsoetan presente, antzeman daiteke beronen ulerkerari dagokionean ezberdintasunak azaleratzen hasi direla.
Ezberdintasun horiek zerbaitek egin baditu ageriko, izan da kaleak hartu eta protesta egiteak egungo testuinguruan duen (des)egokitasunaren bueltako eztabaida. Zenbaitek, osasunaren izenean, etxean geratzearen aldeko postura agertu du, argudiatuz gu guztion zaintzak horixe exijitzen duela momentuotan; postura horretatik protesten kriminalizazioa egitera iritsi denik bada, protesta eta zaintza kasik aurkakotzat agertuz, eta kaleak hartzea eskuin muturraren logika neoliberaletan erortzea litzatekeela ulertzera emanez. Bestelako iritzia agertu duenik bada, argudiatuz kaleko mobilizazio oro eskuin muturrekotzat jotzea ezkerrari protestarako zilegitasuna deuseztatzea litzatekeela, eta bizi dugun koiunturak exijitzen duela kalera ateratzea, izan oinarrizko eskubide eta zerbitzuen alde, izan eskuin muturrak jendearen ondoeza kapitalizatzea eragozteko.
“Protesta oro negazionista da” premisari jarraiki iritzi publikoaren zati handi batek kontrakoa egozten dion arren, zaintzaren esangura zabalena bigarren posturak darabilenaren iritzikoa naiz. Izan ere, pandemia hasi zenetik gaiztotuz doan egoera –aspaldiko krisi ekonomiko bortitzena dirudiena dugu ate joka– ari da eragiten geroz eta jende gehiagok ez izatea bermatuta beharrizan material oinarrizkoenak, eta minimo horien bermeak, errealitate horren aurrean sorgor dirauen aginte klasearen aurrean, exijitzen du kalera atera eta protesta egitea; bai behintzat jendarteko estratu zaurgarrienetaraino helduko den zaintzaz badihardugu, guztion osasunaz hitz egin nahi badugu.
Geroz eta gordinagoa den egoeran urkoaren zaintzak exijiitzen ditu geroz eta irmoagoak diren esku-hartzeak, alegia. Klase zantzu argiak dituzten “osasun” neurrien aurrean, diskriminatzailea ez den zaintzak ezinbestean baitakar gatazka. Horren adibide, azkenaldian hainbat etxe kaleratzeren aurkako mobilizazio jendetsuen irudiak ari zaizkigu heltzen, Kataluniatik gehienbat, ageriko eginez osasunaren izenean etxean gelditzeko agintzen diguten berberek jendea aterperik gabe uzteko eskrupulurik ez dutela; eta halakorik ekiditeko modu bakarra, gaur eta hemen, kalea hartu eta erantzun sendoa artikulatzea dela. Zaintza amaren magalaren goxotasunarekin lotzen badugu ere, nekropolitika inposatzen denean eta pribilegioen araberakoa denean, ezinbestean doalako gatazkaren eskutik.
Teloia altxa eta…
2020-10-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazkia: Jimmy Jazz Gasteiz
“Kultura gara eta arriskuan gaude”. Badira lau hilabete S.O.S. Kultura plataformak ohartarazpena egin zuenetik, berez prekario den euskal kulturaren sektoreak pandemiaren ondorioz bizi zuen egoeraren larritasuna bistaratuz. Sektoreko hainbat eragilek sinatutako Kultura gara manifestuaren bidez, etorkizun hurbileko balizko bi eszenatoki iragarri zituzten: oihala altxa eta ekosistema kultural bizia ageri zen horietako batean, oihala goratu eta ezereza nagusitzen zen bestean.
Sektorearen biziraupena bermatzeko neurriak exijituz, gobernu zein erakunde interpelatu zituen plataformak, eta hala segi dute egiten ikuskizunen sektoreko profesionalak batzen dituen Alerta Gorria ekimenak edota ekitaldi eta ikuskizunetako teknikarien Teknikariok sindikatuak. Alabaina, eskariei entzungor, birusaren agerpenarekin hartutako neurriek idortutako eremua basamortutzea eragin du agintarien utzikeriak.
Oihala hasi da lurretik zentimetro batzuk aldentzen, eta irekitako zirrikitutik begiztatu daitekeenak antz gehiago dauka uda aurretik iragarritako bi eszenatokietako batekin: deus ez bistara, astun sumatu daitezkeen hutsunea eta isilunea besterik ez. Oihala gehixeago goratzean ezerez hori apurtuko duen zerbaitekin topo egiteko esperoan egon daiteke bat, baina toki gutxi uzten dio esperantzari berriki jaso dugun berriak: Durangoko Plateruenak ateak itxiko ditu, azken urteetako zailtasunei COVID-19aren eragina batuta, proiektuaren bideragarritasuna ezinezkotzat jota. Gauzak aldatu ezean –eta bizkor–, sektorearen egoera larria arintzeko eskumena dutenak axolagabe segiz gero, Plateruenaren izena buru duen zerrenda beltz baten aurrean geundeke.
Bistan da herri honetan agintzen dutenen agenda politikoetan kultura ez dela ageri azken hilabeteetan seta handiz bultzatu beharrezkotzat jo dituzten industrien artean. “Koma ekonomikoa” saihesteari dagokionez, kapitalismoaren zimenduak indartzeari begira, kulturan inbertitzeak ez baitirudi negoziorik onena. Are gehiago, kaltegarri ere suerta dakieke deskuiduan. Izan ere, “artea ez da errealitatea islatzeko ispilua, baizik eta honi forma emateko mailua”, zioen Bertolt Brechek; eta kulturak, arte espresioen edukiontzi denez gero, badu potentziala mailukadaz-mailukada inguratzen gaituena eraldatzeko. Ziurgabetasuna nagusi den garaiotan, bederen, zerbait ez oso desiragarria galtzeko dezente dutenentzat.
Poliki-poliki ari da oihala gehixeago altxatzen eta prekario ageri da eszenatokia. Pertsonala murritza, nekea eta artega horien aurpegietan, segurtasun distantzia gordetzen duten aulki solte batzuk, eta saiatuta ere elkarren arteko distantzia kirurgikora ohitzen ez diren ikusleria eta artistak. Eta han, izkina batean, mailu batena dirudien itzala; egoeraren gordina tarteko egonik ere, mailua herriak duen artean dena galdurik ez dagoen seinale.
Etxebizitza lubaki
2020-06-29 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bi tesiak mahai gainean, errealitatea horietako baterantz edo besterantz lerratu dadin ahaleginetan dabilenik ez da falta. 2008koa baino indartsuago ei datorren krisi ekonomikoa kantoian buelta emanda, saretzen eta antolatzen ari da herritar asko, paradigma aldaketara bidean krisia beronen erantzuleek –hots, aberatsek– ordain dezaten xede. Nola ez, indarrean den ordena soziala bere horretan mantendu asmoz, kontrako noranzkoan dihardu establishmentak, eta gurean beronen jagole fidela den komunikabide taldea zuhurtziaz ari da norabide horretan saka egiten. El Correok etxebizitzaren aferaz informatzeko duen modua da, ziurrenik, horren adierazle nabarmenetarikoa.
Egunkariak denbora darama inurri lana egiten, iritzi publikoa jabetza pribatuaren eta aginte klasearen interesen alde agertu dadin. Urrian ikusi genuen nola kriminalizatzen zuten –beste behin– okupazioa, Portugaleten jazotako etxebizitza baten usurpazioa makiavelikoki okupazio mugimenduarekin lotuz. Gaiaren trataerak eragin zuen hainbat herritar mobilizatzea okupatutako etxebizitzak husteko –hein handi batean arrazakeriak motibaturik, gainera–. Orduko hartan hauspotutako suaren garrak bizitzeari ekin dio orain hedabideak, datorren krisia gordinen islatuko den eremuetako bat etxebizitzarena izango dela agerikoa denean. Euskadin okupatutako etxebizitzen “gehiengo handia” mafiek kudeatzen dituzte zioen iragan astean, Gueñesen herritar talde batek, Ertzaintzarekin ondoz ondo, pertsona bat okupatutako baserri batetik nola kaleratu zuten hedatu eta egun gutxira.
Testuinguru horretan ulertu behar da auzoko etxebizitza sindikatuak orain gutxi jaso duen deia: telefonoaren bestaldetik, herritar xumeen etxebizitzak okupatzea bultzatzen ari zirela leporatu zien asaldatuta batek. Etxebizitza eskubidearen defentsa usurpazioarekin nahasten zuen nonbait. Zergatik ote. Badirudi etxebizitza sindikatuek egiturazkoa den miseriari aurre egiten hasteko arrakala etxebizitzan aurkitu duten era berean, bertan aurkitu duela goi-klaseak ere miseria borrokatzera datozenak erasotzeko beste bide bat. Lehenengoek arrakala zartatu heinean, hormatu egiten dute bigarrenek, horma eraistera datorrenari zilegitasuna kentzeaz zenbait hedabide arduratzen diren bitartean. Azken hauen lanaren eraginkortasunaren berme, etxe kaleratzeak burutzen dituena (polizia-)herritarra da geroz eta sarriago. Besteren artean, arrakala horren bi aldeen artean datza biharamun bizigarriagoaren eta bizikaitzagoaren arteko norgehiagoka.
Ardura
2020-04-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Zalaparta eragin zuten Espainiako Gobernuak haurren konfinamendua leuntzeko onartutako lehen neurriek. 14 urtetik beherakoei adin nagusiko batekin etxetik irtetetzea ahalbidetzen zitzaien, bai, baina kalera ordez supermerkatura, banketxera eta farmaziara joateko. Ordu gutxiren buruan atzera egin zuen gobernuak, eta haur eta nerabeei kalera ateratzen utziko zitzaiela aurreratu. Orduantxe agertu zen, sare sozialetan baretzen hasitako eztabaidaren erdian, nire arreta deitu zuen txioa; “Eskerrak!” zioen lasaitua hartutako ama batek, aurreneko neurriak desobeditzeko hautua egina zeukala adieraziz.
Haize ufada freskoa bailitzan heldu zitzaidan mezu hura. Antzeko sentipena eragin zidan egun gutxi aurretik Italiatik heldutako berriak: itxialdi betean, eta hileta-errituak egiteko debekua hautsiz, hainbat lagunek Erromako kaleak hartu zituzten beren adiskide eta ibilbide luzeko militante Salvatore Ricciardi agurtzeko. Bateko mezua zein besteko berria, ziega –erosoa, baina ziega– itxura hartzen hasia den lau pareta artea egurastera zetozen. Epe motzean gainera. Baliteke mortua dirudien etxeko leihoaz bestalde horretan desobedientzia korronteak sortzen ari izatea.
“Ilogikoa eta irrazionala den arau bat errespetatu behar izatea, obedientzia eta mendetasun ariketa nabarmenena da”, zioten Ricciardiren hiletaren harira idatzitako artikuluaren autoreek. Nago, Paz Francesen hitzetan oinarrituz, beldurraren maneiua dela otzantasun hori elikatzen duena, jendaurrean arduragabetzat agertzea izanik izu horren adierazpide gorena. Kontrol sozialak ez baitu zertan izan goitik beherakoa, balkoietako polizien fenomenoak argi utzi bezala. Itxura guztien arabera, arduratsu agertzeaz arduratuta, arau eta jokabide irrazionalak jasaten –eta horiek razional bilakatzen, kasurik muturrekoenetan– ari gara. Zehaztuta eman zaigun arduraren esangura onartu izanaren ajeak. Alabaina, ez dirudi atzera bueltarik gabeko puntuan gaudenik, geroz eta ugariagoak baitira zentzurik eta gizatasunik ez duten arauei men egin gabe ere arduraz jokatu –eta duinago bizi, zein hil– daitekeela adieraztera datozen keinuak; eta horiek, testuingurua duguna izanik, desobedientzia forman ematen dira eta emango dira ezinbestean.
Bizitza biziraupenera mugatu duen errealitate honetan, bizi-irrikak, nonbait gordetzekotan, gizatasuna eutsi asmo duten desobedientzia keinu horien atzean behar du egon. Ez ditzagun arduragabekeriatzat jo, ez ditzagun kriminalizatu; ez behintzat kalea zapaltzen uzten digutenean bizitza bizirik iraute hutsera murrizturik ikusi nahi baldin ez badugu. Halakorik gerta dadin ekiditea ere bada ardura kontua.