Okela
[Okela iz. ‘jateko haragia, abere-hegaztiena’]. Horixe euskaltzaindiaren arabera ‘okela’-ri dagokion esanahia. Elhuyarren hiztegira salto egin eta ‘haragi’ hitzaren esanahia bilatzerakoan ostera [Haragi iz. Okela] erantzunarekin batera, hitz honen erabileraren adibide gisa animalia ez-gizakiari egiten zaizkion zenbait erreferentziaren artean ondorengoa biak aurkitu daitezke: ‘hezur-haragizko gizakia naiz’, gaztelerara itzulita ‘soy un hombre de carne y hueso’ bilakatu dutena bata eta ‘Teresaren haragi gaztea’ bestea. Daflipat. Ia txikitu zaizkit ene betaurreko moreen kristalak mila zatitan tamainako aberrazioarekin.
Gizona, hezur-haragizkoa bera, pertsona osoa bezala aurkezten zaigu. Ezin gauza bera esan Teresaren inguruan ostera, hau hezur-haragizkoa baino, haragi pusketa bat bailitzan azaltzen baitzaigu: Teresa alde batetik, oraindik gaztetasunaren ohiko xalokeria mantentzen duen neskatoa, eta inon gozamenerako (hezur-haragizko gizon horrentzako kasu) balio dezakeen beronen haragi gaztea bestetik. Adibideok papereratu dituen norbanakoa, eredu egokiak ematetik baino, Vladimir Nabokov-en ‘Lolita’ lanaren antzeko eleberri bat idaztetik gertuago ibili da. Baina ez gaitezen katramilatu Nabokov-en lanetan, geldi hor, jarraian plazaratu nahi dudan gaia behar bezala lantzeko ezinbestekoa baitzait seguraski inor gutxiri atentzioa deitu dion esanahiotako beste aspektu batetan ere erreparatzea: animali ez-gizakiaren presentzia, eta presentzia honen nolakotasuna.
Gizakiak ez diren izaki bizidunen esplotazioa hain normalizatua dagoen jendartean, zeinak haurren heziketa eredu konbentzionaletik hasita animaliak gizakion mesedetara dauden izaki-produktu bezala aurkezten dituen, ez da harritzekoa oso jende gutxiri begitantzea animalia ez-gizakienganako dugun hartu-emana zilegi ez den botere harremanean oinarritzen dela. Euskaltzaidiak ‘Okela’ hitzari emandako esanahia dugu normalizazio horren eredu argia. ‘Jateko haragia’ dio, deskuiduan hitzok joera kanibalistarik iradoki ez dezaten ‘abere-hegaztiena’ behar duela izan azpimarratuaz badaezpada ere. Argi geratu bedi beraz, ondoko bizilagunaren okela jatea, aipatu hezur-haragizko gizonarena alegia, erdeinagarria dela. Ondo jakin ‘abere-hegazti’ horien okelaz elikatzea munduko gauzarik normal eta naturalena ezezik, beharrezkoa ere badela. Eta zalantzarik ez izan hezur-haragizko gizaseme horrek, ozenki esatea zatarkeria izan daitekeen arren, Teresaren okela jateko agian ez, baina beste zentzu zabal batetan zeure gozamenerako ‘happy meal’-a dela. I’m lovin’ it!
Sandra Bartky filosofo feministak behin adierazi zuen bezala ‘feministok ez ditugu gainontzekoek ikusten ez dituzten gauzak ikusten, gauza berberak beste ere batera ikusten ditugu’, eta okelaren industria ez dago, inolaz ere, kritika feministatik salbu. Indarrean den sistema kapitalista, patriarkal eta arrazistan gizonak emakumearen gainean daukan indarraren eraginez generoaren araberako dominazioa bat ematen den era beran, dominazio hori animaliak (batez ere kontsumitzen ditugunak) ikusteko dugun erarekin hertsiki loturik dago. Izan ere, Carol J. Adams-ek The Sexual Politics of Meat liburuan azaltzen duen bezala emakumeenganako zein animalienganako zapalkuntzak eragiten duen biolentziak hiru puntu komun izan ohi ditu: (g)izaki bat gauza bilakatzea berau harnasa hartu eta sufritzeko gai den bizidun ordez objektutzat har dadin; (g)izakia zatikatzea edo desmuntatzea, izaki horren osotasuna guztiz hondatzeraino; eta (g)izaki honen kontsumoa, dela jaki gisa edo indarkeria/bortxaketa bidez. Bueltatu gaitezen orduan ‘Teresaren haragi gaztea’ esaldira, eta aztertu dezagun momentu batez. Nor da Teresa, bere haragi gaztetik haratago? Antza denez, eta esaldiak aditzera ematen duenaren arabera, inor ez. Ez behintzat hezur-haragizko gizon horren pareko inor. Gizona osoa da, Teresa ez. Teresa haragia da, zatikatua, hondatua, kontsumagarria. Teresa jaki hau besterik ez da:
Eta produktu/haragi multzo batek produktu horren kontsumitzailea behar duenez gero, eta alderantziz, genero eraikuntzak dominazio zirkulu hori betierekotuko duen beste mekanismo bat darabil The Sexual Politics of Meat -en irakurri dezakegunaren arabera: maskulinitatea. Izan ere, hein handi batetan, maskulinitatea okelaren kontsumoarekin eta beste gorpu batzuen gaineko kontrolarekin lotzen da gure kulturan. Urrutira joan barik, gurean okela jateari uko egin diolako txarri bodetara edo bildots-janetara joaten ez den gizonezkoari burla egiten zaio, sarri ‘maritxu’ bezalako termino sexistak tarteko. Nesken kasuan ostera, ez da izaten izekarako hainbeste tarterik, ‘gure itxura zaintzeaz’ hain arduraturik egon beharrak dena justifika dezake eta… emakumeok pentsatzeko, gauzak zalantzan jartzeko eta printzipioengatik okela jateari uztea erabakitzeko gai ez bagina bezala. Saiheskirik nahi ezean, tori sexismo platerkada. Asetu arte.
Dena ez da hor bukatzen ordea, Carol J. Adams-ek The pornography of Meat liburuan agertzen duen legez, iragarki eta industria pornografikoak bai emakumeen zein animalien irudia etengabe degradatzen baitute, hauek dibertimendurako objektu huts gisa irudikatuz. Horren adibide garbiak ditugu animaliak sexualizatzen/feminizatzen dituzten iragarkiak, eta emakumeak animalizatzen dituztenak:
Adibide bakan hauek joera normalizatu baten lagin xume bat besterik ez direla kontutan hartuta, eta patriarkatuak emakumeen kontra darabiltzan indar mekanismoetariko asko animalien kontra egiteko erabiltzen dituen berdinak direla jakinda, izan ahal daiteke feminismoa espezista? Eta antiespezismoa matxista? Kontraesana nabaria bada ere, adibideak ez zaizkigu falta. PETA erakundearen kanpaina askotan ikuspegi feminista baten falta agerikoa bezain salagarria den era berean, badira emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako kanpainak egiteko orduan animalien kontrako indarkeria gutxiesten dutenak ere. Emakumearentzat ez ezik beste arraza batentzat ere umiliagarria den iragarki hau zabaltzean, ez al gara asaldatzen? Eta zergatik ez zaigu, orokorrean, berdina gertatzen animalien osotasuna iraintzen dutenekin? Animalien eskubideen aldeko sentsibilizazio lanketa baten faltan, nekez lortuko dugu hainbeste desira dugun horizontaltasunean eta berdintasunean oinarritutako jendartea. Hausnarketan sakondu nahi duenarentzat, Nina Simone musikariaren hitzokin uzten zaituztet: ‘Maitasuna zerbitzatzeari uzten diotenean, mahaitik altxatzen ikasi behar duzu’.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks