Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Bilbao Trick or Treat
Atalak: Politika
MTV Music Week Bizkaia ekimenaren aurkezpena (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)
BBK Live, Red Bull Cliff Diving, Europako Errugbi finalak, UEFAren 2020ko Eurokopa, The World´s 50 best Restaurants, Bilbao Bizkaia Pride edo MTV European Music Awards bezalako ekimenek betetzen dituzte, sasoi batetik hona, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kultur agenda eta aurrekontua. Instituziook makro ekimenen sukarrak jota dabiltza, sintomak ez dute dudarako tarterik uzten: agintarien ahoak ingelesezko terminologiaz eta Bizkaiko hiriburua turistaz bete dira, eta alde guztietan ikusten duten “inpaktu ekonomikoa” eldarnioaren ondorio izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak ere hortxe diraute.
Susmoak areagotu egin dira azken egunotan, maiatzean Bilbon burututako Europako Errugbi finalak izandako inpaktua ez baita heldu esperotako emaitzak betetzera, ez ekonomikoki ez bisitari kopuruari dagokionez. Zenbait ordezkari politikok “itxaropen irrealak” sortzea eta “gardentasunik barik” jardutea egotzi dizkiete, besteak beste, makro ekimenen zale sutsuei. Badirudi bultzatzen dabiltzan hiri ereduaren gaineko mesfidantza herri mugimenduen eremutik harago hedatu dela.
Gauzak horrela, giroa nahasita harrapatu ditu Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren agendako izarretakoa den ospakizunak, MTV European Music Awards delakoak. Musikariak saritzean datzan ekimena azaroaren 4an egingo dute Barakaldoko BECen, eta honek Bizkaiari ekarriko dizkion onurak asetu arte goraipatu badituzte ere –inpaktu ekonomikoa everywhere– , ez dute gogo berberarekin azpimarratu 3 milioi euro balio dituen ekimena pribatua dela. Xehetasun horrek sor ditzakeen eztabaiden aurrean nola esku hartu jakin dute ordea, hobekien ematen zaien eran gainera: beste ekimen bat of course, MTV Music Week Bizkaia. Ekimen honen baitan, BECeko ekitaldiaren aurreko astean doako kontzertuak egingo dituzte Barakaldo, Durango, Getxo eta Bilbon.
Ekimenok diru publikoaz ordaintzen direnez gero hauen “doakotasuna” eztabaidagarria dela alde batera utzita, ezin ezikusia egin azken eskaintzaren izaera zuritzaileari. Saiakera ederra, baina batek bi begitarte dituenean aurpegi garbiketa nekeza izaten da. Jakina baita kulturaren izenean diru publikoa makro ekimenetan xahutzen ari diren horiek direla auzoko jaietarako dirurik ez dagoela esan eta gune autogestionatuak husten dituztenak, herri honen emari kulturalaren birikak biak ala biak. Bakoitzak aterako ditu kontuak: Music Week bat, kultura eskaintza propiorik gabeko city baten truke. Trick or treat.