Tourist go home
Zementua landari nagusitzen zaion hirigunean, badirudi urtaroen igaroaz ohartarazten duten adierazleak ere, geroz eta gehiago, naturarekin baino gehiago porlanarekin dutela zerikusia. Hala gertatzen da behintzat udarekin. Metropolian, tomatea edo berenjena landatzeko garaiaren helduera ez da izanen, orokorrean, udaren iritsieraz jabetu arazten duena. Izan daiteke asfaltoa ere urtzen duen egun sargori horietako bat uda hemen dela nabarmentzera datorrena, baina nago turista-oldea bilakatu dela adierazgarri nagusi azken urteetan.
Ez gaitezen erratu ordea: turista olatuak zerbaiten ondorio badira ez dira urtaro beroenarena, baizik eta gure bizitokien turistifikazio prozesuena —gentrifikazio prozesuekin lotura izan ohi dutenak—. Prozesu horiek zenbat eta bortitzagoak izan, orduan eta zakarragoa bisitari olatuek eratzen duten itsasoa: lan prekarioen areagotzea, pisu turistikoen ugaritzea, alokairuaren prezio igoera, bertako komertzioen itxiera, klase altuagoen poltsikoetara egokitutako kontsumo eskaintza, behe klasearen kanporatzea, etab. Kapitala pilatzera bideratutako eta burgesiaren interesetara egokitutako hiru-eredu neoliberala, finean.
Eredu horren hedapenaren arduraduntzat jo ohi dira jendarteko zenbait sektore, eta tartean dira turistak, hipster eta abarrekin batera. Lisa Vollmerrek Estrategias contra la gentrificación (Gentrifikazioaren kontrako estrategiak) [Katakrak, 2019] lanean azaltzen duenez, baina, hiri eraldaketaren beraren ondorio besterik ez lirateke, eta horiek erruduntzat jotzeak benetan arduradunak direnak —inmobiliariak eta udalak kasu— bistaz galtzea dakar. Horrekin batera, barneratzen zailagoa izan daitekeen beste kontu bat ere azpimarratzen du Vollmerrek: egunerokotasunaren turistifikazioa ematen ari dela, eta horren eraginez geure hirian bertan, ondoko auzoetara goazenean, ohartzeke autoktono izateari utzi eta turista gisa jarduten dugula sarri.
Turismoaren problematikari dagokionez daukagun paperaz hausnartzea ez baita soilik atzerrira goazenean egin beharreko ariketa. Etxean geratzen garenean ere, egiten dugun hiriaren erabileran erreparatzea komeni. Auzo bateko bizi mailaren gainetik dauden prezioak dituzten komertzio berrietan kontsumitzea edo gentrifikazio prozesu betean den auzoan udalak antolatutako makro-ekitaldietan parte hartzea gehiengoa miseriara kondenatzen duen hiri-ereduaren eraikuntzan laguntzea baita, gauden tokian gaudela. Turista atzerritarrari ezer aurpegiratu aurretik, beraz, ez legoke soberan geure hirian turista ez garela ziurtatzea. Gentrifikazioaren ondorioz noizbait kanporatuak izatekotan, pareko pareteko Tourist go home esaldia ez dadin ironiko izan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks