Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Bihotza dugu sutan
Atalak: musika, Politika
“Ez egin iganderako planik. Sorpresa.” zioen urtarrilaren 31ko ostiral iluntzean jaso nuen mezuak. Momentu batez jakinminak eragindako blokeoa gaindituta, neurera segi nuen, intriga atze-oihal gisa. Ordu batzuren buruan, lagunaren mingainari tira ta tira, lortu nuen sorpresa haren gaineko xehetasunak ezagutzea: El Corazón del Sapo taldeak kontzertua joko zuen Arrasateko gaztetxean.
Ahoz aho zabaldutako kontzertua izanik, erdi sinesgogor egin nuen Arrasateko gaztetxeko eskaileretarainoko bidea. Norbera sinesgaitz, eta alboan nora generaman ere ez zekien laguna; kontuak bazuen hasieratik kutsu berezia. Atea noiz zabalduko ilaran zain zetzan jendearekin topo egitean, orduantxe paratu genituen hankak lurrean eta zetorrenari parez pare begiratu, irribarre zabala ahoan. Apoaren bihotzaren taupaka somatu genezakeen gertuan. Momentu hartatik aurrerakoa Xalba Ramirezek jaso du kontzertuaz egin duen kritikan. Eta hala ere, ezin izan diot eutsi taldearen itzulera motzaren gainean bigarrenez idazteari. Ez nuke errepikakor izan nahi ordea. Arrasateko kontzertuaren nondik norakoak Igandero hardcorea, mesedez artikuluak ederki biltzen ditu; ni neguko arratsalde tropikal hartan Apoaren eskutik bizitakoak utzitako sentipenei kanporako bidea ematera besterik ez nator. Kontua berriz ahotan hartzea ez dago sobera, talde beteranoari aitortza egiteko bada.
Aitortza, ez direlako asko, etenaldi luzearen ostean, gisa horretan itzultzeko gai diren taldeak: indartsu, urte dezenteren ostean gaurkotasun osoa mantentzen duten abestiekin, eta ezaugarritu dituen konpromiso politiko berari eutsiz.
Eszenatokitik publikoari helarazten diotenarekiko koherente jardun izan du Aragoiko taldeak urte hauetan guztietan –91tik, alajaina!–, eta horrek bilakatzen ditu sinesgarri beren doinu eta hitzak. Ez da kasualitatea taldeak erakutsitako konpromiso berarekin erantzutea publikoak. Arrasateko gaztetxeko lau pareta artean ahots goran abestutakoek, kantutik bezainbeste zeukaten uste sendoz aireratutako aldarrikapenetatik, eta ehundik gora ahotsen burrunba bateratuak behin baino gehiagotan harrotu zizkigun ileak. Bazen giroan halako indar bat, sentiarazten zuena abesten zenuen hori, ondoan zenituenekin, posible litzatekeela; sentiarazten zuena geunden tokitik, beste mundu bat gertuago genuela.
Kontzertuak bihotzean beste mundu bat daramagun jendea bildu gintuela irakurri nion biharamunean bati; ez dut uste oker zebilenik. Eta nire kolkorako pentsatu nuen zenbat aldiz entzun behar izan ote dugun, bestelako mundu bat gura izateagatik, inguratzen gaituenaren aurrean sumintzeagatik, gorrotoz betetako jendea garela. Mundu bat irauli eta beste bat eraiki nahi dugun heinean, baina, gorrotoa haina maitatzeko gai gara –gehiago ez bada–, eta hori nabari zitekeen kontzertuko giroan, Ramirezek ere azpimarratu duenez. Antzeman zitekeen bezalaxe, ia guztia kontra dugun mundu honetan, ikasi egin dugula dantza bilakatzen kolpe ta kolpe arteko erresistentzia. Eta horretan, asko zor diegu El Corazón del Sapo bezalako taldetzarrei; dantzak behar baititu neurrira egindako doinuak. Taldeko abeslari Fer-i elkarrizketa batean irakurri niona lerrootara ekarriz: “Gerra ere dantzatu egiten da, eta musikak lagundu egiten digu borrokatzen eta maitatzen, salto egiten eta kalera irteten, mugitzen eta mobilizatzen. Maitatu dantza egin ohi duzun eran, dantzatu borrokatzen duzun modura”.
Zantzu guztien arabera dantza horretan luzaz beharko dugunez iraun, indarrez bete gintuen taldeak hil hasieran –susmoa dut helburu hori zutela hasieratik–. Berdin egin du igaro berri den asteburuan Katalunian; Espainiako Estatuak orain hiru urte ekindako oldarraldiei eusten diharduen herriari faxismoaren aurkako bi indar kolpe eskaini dizkio laukoteak, KOP eta Batec taldeekin batera, eta otsailaren 23a bezalako data esanguratsua tarteko. Orain, Apoaren bihotzaren taupakarekin bat egiteak eragindako txinpartari esker erritmoa bizituta gabiltz asko eta asko. Ezin dugu infernutik atera, bihotza dugu sutan. Zinez, mila esker su hori hauspotzeagatik.
Sua beleen zeruari!