Engranaje artean
Hasiera » Sailkatugabeak » Itxialdian indarkeria matxistari nola aurre egin
Mar18 0

Itxialdian indarkeria matxistari nola aurre egin

Atalak: Sailkatugabeak

Koronabirusaren aurrean alerta-egoera ezarri ondotik hainbat neurri hartu dituzte agintariek, eta herritarrok etxean ixteko agindua jaso dugu. Alabaina, konfinamendua COVID-19aren aurrean prebentzio neurri izan badaiteke ere, gure osotasunaren eta osasunaren kontra atentatu dezaketen arriskuak indartu ere egiten ditu, indarkeria matxista kasu. Izan ere, egoerak emakume asko beren erasotzaileekin isolatu ditu, eta lau pareta artean gertatzen dena ikusezina den heinean, indarkeria matxista kasuak indartu egin daitezke. Hala ohartarazi zuen mugimendu feministak ere, zaintza krisia kudeatzeko mahai teknikoa egiteko asmoen berri emanez astelehenean egindako agerraldian.

Beste behin, egoera honen aurrean erantzun indibidualen ordez erantzun kolektiboak artikulatu beharra agerian geratzen da. Elkarren zaintzak soilik ahalbidetu baitezake konfinamendu egoerak inor babesgabe ez hustea. Ildo horretan, itxialdi egoerari aurre egiteko zenbait aholku jaso ditu indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan aditua den Maitena Monroy Romerok Naizen. Indarkeria kasu baten aurrean kaltetuak berak zein gertukoek zer egin dezaketen argitu dezakeelakoan, Monroyk esanak laburbildu ditugu.

Indarkeria pairatzeko arriskua duena norbera izatekotan

Indarkeria pairatzeko arriskuan duen emakumearen kasuan, Monroyk garrantzitsutzat jo du izua kontrolpean izatea. Bere aburuz, izuak negatiboki eragin dezake hartuko diren erabakietan, eta horrek norbere bizia eta norberaren menpe daudenena arriskuan jartzea dakar.

Horrez gain, komenigarritzat jo du indarkeria psikologikoaren adierazleak kontsultatzea. Horrek ahalbidetu dezake bizi dugun indarkeriaren dimentsioa neurtzea, eta agian oharkabean pasa zaizkigun adierazleetan erreparatzea. Adierazle ikusezinenak zein diren zehaztu du:

-Zure bikotekideari edo berau haserretzeari beldur izatea.

-Zure bikotekidearen eraginez zure buruarengan mesfidantza izatea.

-Zure bikotea zu gertukoengandik urruntzen saiatzea, eta hirugarren pertsonekin duzun komunikazioa kontrolatzea.

-Zure gorputzarekin gaizki sentitzea, bikotearen eraginez.

-Bikotekideak zu jotzea bere osasunaren eta sentimenduen arduradun.

-Bikotekidea isiluneez baliatzea zu zigortzeko.

Behin indarkeriaren dimentsioa neurtuta, hartu beharreko neurriak xedatu ditu. Suerta daitekeen egoerarik okerrena irudikatzea gomendatu du, egoera hori jazoz gero zer egin pentsatzeko. Azpimarratu du emakume askok uste duela bere erasotzailearen indarkeria kontrolatu dezakeela, baina ez dela hala, indarkeria ez dagoela lotuta emakumeak egiten edo egiteari uzten duenarekin. “Bere indarkeriari mugak jarri ahal dizkiozu soilik. Konfiantza izan zugan, zure kriterioetan.”, xedatu du. Zerbait gaizki doala sentituz gero gaizki doan seinaletzat jotzeko eta esku hartzeko gomendatu du, eta zenbait aholku luzatu:

  • Mugikorra beti gainean izatea.
  • Etxetik atera ahal izateko estrategia pentsatua izatea.
  • Arrisku egoeran zaudela uste izatekotan, laguntza bilatzea.
  • Egoera konpontzeko egin asmo duzunaren berri ez eman erasotzaileari. Egin asmo duzuna egin, zuzenean.
  • Autodefentsa tekniketan formakuntzarik ez izatekotan ez arriskatu. Zeure burua salbu jartzeaz arduratu.
  • Etxetik ateratzea ezinezkoa izatekotan, izan espazio ziurren bat lokalizatuta. Indarkeria egoera bat gertatuz gero bertan gorde (haurrekin, haurrak tartean egonez gero), “sua” oihu egin eta larrialdietara deitu.

Hirugarren pertsonentzako aholkuak

Indarkeria matxista pairatzen duen emakumearekin eta honen erasotzailearekin bizi den pertsonaren kasuan:

  • Egoera larria izatera iritsi daitekeela argi izan. Hala bada, estrategiak garatu, egoera larriak emanez gero eskura izateko.
  • Ahalik eta babes gehien ematen saiatu emakumeari, erasotzailearekin aurrez aurrekoak ekiditearekin batera. Enfrentamendua etxetik ateratzea beharrezkoa den momentura mugatu.
  • Erasotzailearen ondoan egon behar baduzu, ez aurre egin fisikoki.
  • Adin txikikoak indarkeriaren biktima badira, ez itzazu erasotzailearekin bakarrik utzi.

Indarkeria pairatzen duen pertsonaren gertukoa bazara, baina berarekin bizi ez bazara:

  • Deitu eta idatzi. Jakinarazi hor zaudela, behar izatera.
  • Ondo dagoela baieztatu, egunean hainbat aldiz.
  • Pertsona horren bizia arriskuan dagoela uste izatekotan, deitu gaian espezializatutako Poliziari.

Bizilagunentzako aholkuak:

Auzoko norbait indarkeria matxista jasaten ari dela uste izatekotan egin beharrekoak ere xedatu ditu Monroyk. Ezer baino lehen, argi utzi du asmo onez egindako ekintzak kaltegarri suerta daitezkeela, kasu hauetan nola esku hartu ez baldin badakigu. Hala bada, zer egin ez jakitekotan laguntza bilatzea aholkatu du.

Gomendio gisa, ondoko aholkua eman du: balkoian, leihoan edo atean indarkeria matxistaren aurkako ikurren bat jartzea, bizilagunak jakin dezan zurekin harremanetan jarri daitekeela laguntza behar izatera.

 

*Indarkeria matxista pairatzen ari bazara eta zure erasotzailearekin isolatuta bazaude, telefono zenbaki honetara dei dezakezu. Ez da telefono fakturan agertzen. Zenbakia anonimoa da, baina komenigarria da mugikorreko dei zerrendatik eskuz ezabatzea.

 

 

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Amaia Lekunberri

Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.

Azken bidalketak

  • Barka, baina teoria hori…
  • Birziklatu, arren
  • Ziztadak eta beste
  • Gonbidatu deserosoak
  • Langileen eskubideak, sintoma arinekin

Iruzkin berriak

  • Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
  • Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
  • Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
  • LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
  • Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan

Artxiboak

  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko iraila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko urria

Kategoriak

  • arrazakeria
  • Etxebizitza
  • feminismoa
  • Gizartea
  • jendartea
  • musika
  • Politika
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • turistifikazioa
  • xenofobia

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA