Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Komunitatearen ongizateak ez du poliziarekin errimatzen
Atalak: Sailkatugabeak
Biharamunean alarma egoera ezarriko zela jakinik bildu ginen lagun artean. Kosta egiten zitzaigun zein egoeratan murgiltzear ginen imajinatzea, baina aurretik genuena ez zela egun batzuetarako itxialdi hutsala izango eta gauzak errotik aldatzera zihoazela iradokitzera zetorren sentimendua hasia zitzaigun barrenean ernaltzen. Berriz bildu arte luze itxaron beharko genuela susmatu genezakeen, eta perspektiba belztuz, koronabirusaren hedapena tarteko jendartean zabaltzen hasitako zenbait jarrera hasiak zitzaizkigun ordurako arreta ematen: birusa baino abiada handiagoan barreiatzen hasia zen beldurra, bizilagunarekiko mesfidantza elikatuz eta “herritar-poliziaren” figura ongarrituz. Itxialdi bezperako agur hura bera balkoietako eta gortina arteko zaindariengandik ahalik eta ezkutuen egin beharrean ikusi ginen; debekuak indarrean egotera iritsi aurretik, kalera ateratzea lintxamendurako motibo bilakatua zen.
Itxialditik astebete pasa igaro den honetan, ez da giro distopia itxura hartu duen errealitatean: basamortutako kaledun Polizia Estatu batean bizitzera igaro gara, zeinetan herritar asko eta asko indar polizialen eskuineko esku bilakatzen ari diren. Hala izaten lagundu du agintariek eginiko hiztegi belikoaren erabilerak: birusa etsai gisa aurkeztu eta koronabirusaren hedapenari aurre egitea gudu terminoetan planteatu dute, eta logika belizista hori barneratuta ari da polizia kalean den oro –arrazoia edozein izanik– etsaitzat jotzen, etengabeko abusu jarrerei inpunitate osoz bide emanez. Inpunitate osoz, kalean testigurik ez dagoelako batetik, eta bestetik, kale bazterrean edo leiho atzean egon daitezkeen testigu bakanetako askok poliziaren abusuzko jarrerak onargarritzat jo eta horiek salatzetik urruti, txalotu egiten dituelako. Harritzekorik ez kontuan hartzen badugu aipatu logika belizistaren arabera herritarrok nekez izan gaitezkeela lehen lerroko soldadu edota polizia ez den beste ezer.
Alabaina, ez gaizki ulertu: indar polizialenganako errefusak ez du bat “herritar-polizia” izatetik libratzen. Jakin badakigu inguratzen gaituen jendarte egiturak goitik behera eta alde guztietatik zeharkatzen gaituela, eta ondorioz, gustuko izan ala ez, denon baitan gorde daitekeela polizia agente bat, indar polizialak txalotu ez arren bizilagunekin polizia bagina bezala jokatzera eraman gaitzakeena. Entzun ditut segurtasun indarrak gorroto dituztenak pareko bizilaguna kuestionatzen eta epaitzen, aintzat hartu gabe pertsona bakoitza eta beronen errealitatea bakarra eta ezberdina dela, eta beraz konfinamendua egiteko hamaika era daudela. Jarrera horiek zuritzen saiatu gaitezke geure buruak engainatzera heltzeraino, “ongizate komunitarioarena” bezalako argudio errespetagarrien izenean adibidez, baina jarraituko dute direna izaten. Paralelismoetarako balio dezakeelakoan, poliziak kalean zebilen herritarra kolpatzen duenean txalo jotzen duenak ere uste du komunitatearen ongizatearen izenean ari dela. Ondokoa zaintzea eta zelatatzea ez direla gauza bera seinalatzea, beraz, funtsezkoa bilakatzen ari da; bai behintzat ongizate komunitarioaren izenean joera autoritarioak nagusitu daitezen ekidin nahi badugu. Hala egiteak soilik zabaldu ahal baitigu krisi honetatik errealitate bizigarriago batera igarotzeko atea.
Izan ere, geroz eta agerikoagoa ari da bilakatzen egoera honek ezinbestean ekarriko duela paradigma aldaketa, eta aldaketa hori dagoeneko hasia dela forma hartzen, arriskuak bezainbeste aukera mahai gaineratuz. Beraz testuinguruak exijitzen du kontzientzia hartu eta geure buruei galdetzea zein norabidetan lerratu nahi dugun errealitate berri hori. Zaintzak –bizitza, alegia– erdigunean jarriko dituen paradigma baten alde borroka egin nahi dugu, ala gehiengoaren kalterako diren logika zaharkituei utziko diegu beste behin gailentzen?
“Hilabeteetan kaosa, isolamendua eta beldurra bizi eta gero, normaltasunera itzultzeko desira ikaragarri indartsua izan daiteke, nahiz eta normaltasun hori abusuzko sistema izan”, ohartarazi du Max Haivenek ROAR bidez. Alabaina, kontuan hartuta “normaltasun” hark ekarri gaituela bizi dugun egoerara, lehengora bueltatzeak ez dauka aterabide itxurarik. Are gehiago, posible denik ere ez dirudi, gauzatzen hasia den aldaketak atzerabiderik gabekoa baitirudi. Hein handi batean geure esku dago aldaketa hori errealitate bizigarriago ala bizikaitzago baterantz bideratzea.
Denborarik galdu gabe lanean hasi denik bada, mugimendu feministaren mahai teknikoa eta auzo eta herrietako elkartasun sareak kasu. Alarma egoera honi segida emango diona bizigarriagoa den errealitate bat izatea nahi badugu, hartu beharreko norabidea zein den seinalatua dago jada. Alabaina, harantz abiatzea soilik izango da posible baldin eta, besteak beste, kolektiboa, zaintzak, elkartasuna eta elkar-laguntza lehenesten baditugu; denak ere zipayoaren printzipioei kontrajartzen zaizkion balioak. Paradigma berdinzaleago batek ezinbestean exijitzen du, beraz, barruan daramagun polizia akabatzea. Nago komunitatearen ongizateak ekintza hori beste gauza askoren gainetik eskertuko lukeela.