Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
“Ondo jan, eta dirurik ez baduzu, ez ordaindu alokairua!”
Atalak: Sailkatugabeak
Azken urteetan etxebizitzen alokairuen abusuzko igoera antzeman eta pairatu dugu. 2013. urtetik hona, erregularizaziorik ez duen higiezinen merkatuan etxebizitzaren prezioek etengabe egin dute gora; besteak beste, alokairu turistikoen areagotzea eta funts putreen eta etxejabeen neurrira egindako legeak tarteko. Beren etxeetatik kaleratuak izan dira asko, alokairu gastuetara hileroko soldataren zati handiago bat bideratu beharrean ikusi dira hainbat, eta beste askok, prezioen igoeraren aurrean, beren bizilekuak atzean utzi behar izan dituzte.
Geroz eta larriago bilakatzen ari zen egoera guztiz eutsiezin bilakatu du koronabirusaren hedapenak: krisia tarteko langabezian egotera pasa da jende mordoa, eta etxebizitza ordaintzeko ezintasuna birusarekin batera hedatu da. Hori gutxi ez, eta Espainiako Gobernuak martxoaren 31an onartutako neurri sozialek alokairuak mantentzeari eman diote lehentasuna, maizterrei zorpetzea exijitzen duten “aterabideak” eskainiz. Egoera horren aurrean, maizterren sindikatuek eta etxebizitza eskubidearen aldeko kolektiboek alokairu greba deitu dute. Espainiako Estatuan milaka maizterrek egin dute bat grebarekin, eta martxan jarri dute apirila abiatzearekin batera. Han eta hemen, berdin egin dute tokian tokiko maizterrek. Birusa eta prekarietatea bakarrik ez, erresistentzia ere pandemiko bilakatu da:
Testuinguru honetan gaudela probestuz, eta memoria ariketa gisa, historian zehar etxebizitza eskubidea defendatzeko egin diren zenbait alokairu greba ekarri ditugu gogora. Eskubide ororen atzean gordetzen baita memorian iltzatzea komeni zaigun borroka luze baten historia.
Barakaldo, 1905
1905ekoa dugu Barakaldon hasi eta Sestaora hedatu zen alokairu greba. Bilboko itsasadar industrializatuan, fabriken produkzioa eta meatzaritza ustiapena areagotzearekin batera, populazioa hasi egin zen. Biztanleriarentzat motz geratu zen etxebizitza kopurua, eta egoera hori baliatu zuten etxejabeek prezioak igotzeko. Alokairuen igoeraren aurrean, maizterren artean beren etxebizitza beste pertsona batzuei alokatzeko joera hedatu zen, baina horrek jendea pilatuta eta baldintza kaxkarretan bizitzea eragin zuen. Izan ere, etxejabeen utzikeria tarteko, osasungarritasuna gabezia zuten bizilekuek; eta jende pilaketak ez zuen laguntzen baldintzak hobetzen. Gauzak horrela, maizterrek greba deitzea erabaki zuten.
Alokairuen ordainketak etenda, etxe-kaleratzea agindu ziren; lehenak maiatzaren 22ko data zuen. Alabaina, auzitegi funtzionarioak espero ez zuten egoerarekin egin zuten topo kaleratua izan behar zuen langilearen etxera gerturatzean: etxebizitzaren bueltan emakume andana zegoen, kaleratzea gelditzeko prest. Hala egin zuten. Behin autoritatea kanporatuta, maizterren artean kaleak okupatzea adostu zuten, eta beren etxeetako tresnekin batera hartu zuten espazio publikoa. Protestak eztanda egin berri zuen, segidan Sestaora hedatuz.
Errepresioa espero zitekeenez, trenbideak blokatu zituzten harriak eta burdin zatiak baliatuz, eta protesta gisa ekin zioten garraio oro mozteari. Alokairu grebak erreakzio kate bati eman zion hasiera, eta bukatu zuen jardun ekonomikoa eteten: Altos Hornos, Astilleros de Nervión eta beste hainbat fabrika, tipografoen sektorearekin batera, greban murgildu ziren. Bilbo Handiko jardun ekonomikoa ia hilabetez gelditu zen. Erreboltaren aurrean, aginteak “gerra egoera” deklaratu zuen.
Buenos Aires, 1907
Europatik heldutako migrazio olatuak eragindako populazio hazkundearen ondorioz, Buenos Aires-en (Argentina) jendea conventilloetan pilatuta bizi zen. Hala deitzen zitzaien gela mordoa eta bainugela komunak zeuzkaten eraikin handiei, eta familia mordoa batera bizi zen horietan. Espazio oso murritzetan jende kopuru handia biltzen zen, eta horrek eragin zuen, Barakaldon bezala, jendea osasun gabezia baldintzetan bizitzea.
Egoera hori batetik, eta alokairuen prezioen igoera bestetik, maizterrek alokairu greba hasi zuten; alokairuak %30 jaistea eta etxebizitzen baldintzak hobetzea eskatzen zieten etxejabeei. Mugimendua azkar hedatu zen maizterren artean, herrialdean barrena zabalduz. Protestei amaiera eman asmoz, gobernuak etxe-kaleratze masiboak agindu zituen. Antolatutako herriak, baina, aurre egin zion: anarkistek eta sozialistek beren lokaletako ateak ireki zituzten grebaren antolaketari lekua eskaintzeko. Istiluak jazo ziren grebalarien eta polizien artean, eta erresistentzia testuinguru horretan poliziak 17 urteko Miguel Pepe gaztea hil zuen tiroz.
Emakume grebalaria, eskoba eskuan.
Etxebizitzaren aldeko borrokan ohikoa izan ohi denez, honetan ere emakumeen papera esanguratsua izan zen. Poliziarekin aurrez aurrekoetan ez ezik, bestelako ekintzetan ere nabarmendu ziren emakumeak: jasota dagoenez, hainbat emakumek beren haurrekin batera “eskoben martxa” egin zuten La Boca auzoan, erratza eskuan hartuta etxejabeak ekortzeko asmoa zutela adieraztera emanez.
Veracruz, 1922
Hiriko portuan populazioak izandako hazkundearen aurrean espekulaziorako aukera ikusi zuten etxejabeek. Alokairuen prezio gehiegizkoen aurrean haserre, sexu-langileek alokairu greba hasi zuten 1922ko urtarrilean Veracruzeko (Mexiko) Huaca auzoan. Alokatuak zituzten bizilekuetako koltxoiak eta altzairuak leihoetatik jaurtiki zituzten, su handia egin asmoz. Segidan batu zitzaizkien protestara portuko langileak; eta egun gutxiren buruan Maizterren Sindikatu Iraultzailea sortu zuten. Martxoan abiarazi zuten alokairu greba, eta maiatza bukaerarako, 30.000 mila pertsona baino gehiagok utzi zion alokairua ordaintzeari, eta hainbat etxetako leihoetatik zintzilikatu kolore gorriko pankartetan ondoko leloa irakur zitekeen: “Greban nago eta ez dut alokairua ordaintzen”. Protestak herrialde guztian barrena hedatu ziren.
Alokairu grebaren baitan egindako protesta. Erdian Maria Luisa Marin militante anarkista, greba hartako pertsona ezagunenetakoa bilakatu dena.
Bartzelona, 1931
Alokairu greba ororen sorreran nola, honetan ere etxebizitza krisiak zetzan atzo-oihal gisa. Batetik, altuak ziren bai langabezia tasa zein alokairuen prezioa, eta bestetik, hirira iristen joandako migratzaileekin populazioa hazi egin zen eta etxebizitza eskaintza urria bilakatu zen. Ondorioz, behar baino jende gehiago hasi zen etxeetan pilatzen, osasungarritasun gabezia baldintzetan; are gehiago, “lo egiteko etxeen” fenomenoa hedatu zen, eta jendeak soilik lo egiteko erabiltzen zuen espazioagatik ordaintzen zuen.
Egoera horrela, CNT sindikatuak alokairu greba deitu zuen Eraikuntza Sindikatuko Ekonomia Defentsa Batzordearen bitartez; sektore horretako afiliatuen artean langabezia tasa %40koa zen. “Ondo jan, eta dirurik ez baduzu, ez ordaindu alokairua!” aldarri, greba sustatzeari ekin zioten, eta epe laburrean milaka maizterrek egin zuten bat alokairua eteteko deiarekin. Auzoz auzo, greba hirian barrena zabaldu zen, 100.000 maizter ingururen parte hartzea lortzeraino.
Etxe-kaleratzeei etenik gabe egin zieten aurre maizterrek, eta konfrontazioa haziz joan zen herritarren eta poliziaren artean. Poliziaren indarkeriak 18 hildako eragin zituen, eta ehunka pertsonak egin behar izan zieten aurre atxiloketei eta prozesu judizialei. Alabaina, grebak gailur jo eta gerora ere protestek utzitako arrastoa nabarmena zen, maizter askok eta askok elkarrekin antolatzeari ekin baitzioten.
Gizon bat, lo egiteko etxe baten atarian.
Varsovia, 2010
Etxebizitza publikoaren pribatizazioaren aurrean, ZSP sindikatuak grebarako deia egin zien pribatizazioak pairatu zituzten maizterrei, eta 2010eko urrian alokairu grebari ekin zioten Varsovian (Polonia).
Urte bete lehenago antzerako esperientziaren testigu izan ziren herritarrak, maizter talde batek beren eraikinaren pribatizazioa ekiditea lortu baitzuen protesta bidez. Garaipen horrek eman zion bide Maizterren Defentsa Komiteari, zeinak etxe-kaleratzeko arriskuan edo pribatizazioari aurre egin beharrean zeuden norbanakoei laguntza eskaintzeari ekin zion.
ZSPk deitutako 2010eko greban ondoz ondo aritu zen Maizterren Defentsa Komitea ere, eta deialdia hainbat eraikinetara hedatzea lortu zuten. Pribatizazioei ez ezik, gentrifikazioari, etxebizitzen baldintza negargarriei eta alokairuen abusuzko prezioei ere egin zieten aurre. Protestaren bidez pribatizazio gutxi gelditu baziren ere, lortu egin zen Parlamentuak higiezinen merkatua are gehiago liberalizatuko zuen legea baztertzea.
Etxebizitza eskubidearen defentsan egindako hamaika protesten lagina besterik ez dira hauek. Gehiagoren gogoz geratu denak, Miren Osa Galdonak bere garaian idatzitako honetan aurkitu ditzake beste zenbait adibide.