Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Ciutat Morta edo ‘Der Prozess’
Atalak: Gizartea
Arrazoirik gabe atxilotua izatea, errugabetasun-presuntzioaren ukapena, zehaztezina den mehatxu baten aurrean norbere burua defendatu beharra eta eskuraezina den justiziari heltzeko alferrikako ahaleginetan ahitzea. Egoera kafkianoetan kafkianoenetarikoena izan litekeenak Franz Kafka beraren ‘Der Prozess’ lana eta honen protagonista Josef K.-ren istorioa ekarri diezazkioke eleberria irakurri duena edonori gogora, zer esanik ez egoera kafkiano horren egitura berbera errepikatzen duen kasuan oinarritutako ‘Ciutat Morta’ dokumentala ikusi duenari.
4F kasua, 2006Ko otsailaren 4an hasiera eman zitzaion amesgaiztoa du gaitzat Xavier Artigas eta Xapo Ortega egileen ‘Ciutat Morta’ dokumentalak. Aipatu data horretan, jai giroan murgilduta zegoen Bartzelonako okupatutako teatro baten inguruan hasitako karga polizialak eman zion bukaera gauari, poliziaren jarrera zakarrak okupatutako eraikinean zegoen zenbait pertsonengan ere jarrera zakarra eraginez eta kontuari amaiera dramatiko xamarra emanaz: kalean zegoen polizia andanari teilatutik zenbait objetu jaurtikitzen hasteak kaskorik gabe zebilen polizietako bati buruan loreontzi batekin jo eta hau koma egoeran ustea eragin zuen. Gertakari honen ostean emandako atxiloketak, eta 4F kasua bere osotasunean, mendeku argi baten erakusle dira.
Erregimen frankistaren oinorderko dugun sistema judizialaren babesarekin eraikitako muntaia polizial honetan, zeinak oinarrizko eskubideen urraketa, arrazismoa eta klasismoa erabili dituen, ezer gutxi balio izan du zauritutako polizia jo zuen loreontzia teilatutik jaurtikia izan zelako datuak. Atxilotutako bost pertsonetatik hiru kalean zeuden erasoa eman zen momentu horretan, eta beste biak inguru hartan ere ez zebiltzan. Sinestezina gerta daitekeen arren, muntaia honetan nahasi zituzten bost norbanakoak beraien itxuragatik atxilotuak izan ziren, kolektibo oso bati erasotzea xede. ‘Gizatasun ordenantza’ deritzon lege higienista estreinatu berri zuen Bartzelona eredugarriari, gentrifikazio planen mesedetan, ezin hobeto zetorkion antisistema itxurako bost gazteak kolektibo oso baten izena zikintzeko erabiltzea. Logika makabro honen arabera eraikitako prozesuak, duela 90 urte kaleratutako eleberrian nola, pertsonaia printzipalaren akaberarekin amaitu zuen.
Kartzelako irtenaldi bat aprobetxatuaz bere buruaz beste egin zuen Patricia Heras-i omenaldia izan nahi du dokumental honek, zeinak esna egonda ere amesgaizto batetan bizitzera kondenatu zutela ikusita, bere bizitzari amaiera ematea erabaki zuen. Patriciaren azken erabakia medio, suizidiorik gabe ere aski denuntziagarria den kasu honi sentsibilitatea ukitzeko gai den ñabardura hori gehitu zaio, zeinak ikusleari espetxe politikek norbanakoan eragiten duten kaltea (doakoa gainera) ezin hobeki irudikatzea ahalbidetzen dion. Patriciari behar bezalako omenaldia ez ezik, justiziarantz eta ikusleak kontzientziatzerantz bidean emandako pausoengatik batez ere, lan bikaintzat jo daiteke ‘Ciutat Morta’ dokumentala. Aurkeztu zen egunetik gaur arte honek izan dituen ikustaldi kopurua kontutan izanda, eta honek ikusleengan izandako eragina aintzat hartuta, zinez espero dut aurrerantzean ematen diren muntaia polizialen aurrean 4F kasuak lortu duen tamainako oihartzuna eta salaketa emateko beste inork bizia utzi beharrik ez izatea.
Polizia, honen zigorgabetasuna, kartzela, sistema judiziala, … puntu askoren inguruan hausnartzeko parada ematen duen lana dugu ‘Ciutat Morta’, eta argigarri suerta dakiguke, baita ere, datozkigun garaiak aurreikusteko. Izan ere, ‘Mozala legea’ eta honen eskutik datorren Erreforma Penal onartu berria tarteko, demokraziaren joku zelaia amarru berriz josita eta are labaingarriago jarri digute. Ba omen dabil, ‘Demokraziaren kontra‘ titulupean, joku hau musu-huts uzteaz diharduen txosten bat hor zehar bueltaka, baina gaurkoz utzi dezagun kontua hemen, gehiegitxo litzateke eta beste muntaia polizial bati buruz hizketan hastea…