Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Generodun etxetresna elektrikoak: etxeko lanez arduratu, gizontasuna kaltetu gabe
Atalak: feminismoa, Sailkatugabeak
Ez da denbora asko Dyson markako xurgagailuei publizitatea egiten zien irudi surrealista harekin topo egin nuela, zeinetan 007 agentearen itxurako gizon baten soina ageri zen, trajez jantzita eta arma eskuan. Aipatu iragarkian, baina, esmokindunak esku artean eusten zuen arma ez zen Walther PPK pistola bat, Dyson V8 xurgagailu bat baizik. Hortxe Britainiako teknologia konpainiaren gantxoa: etxeko garbitasunera bideratutako aparatuari akziozko pelikula batean protagonistak eraman dezakeen armaren itxura ematea, aintzatespenik izaten ez duen, ordaintzen ez den eta lehen begi kolpean aspergarritzat jotzen den – eta ondorioz feminizatua izan den – lanari abentura ukitua emanez, gizonezkoak ere beraien produktuen kontsumitzaile bilakatzea xede. Etxeko lau pareten arteko mundutxoa gaizkitik salbatu dezakeen super gizonaren rolean ez bada, gizonezkoak eremu pribatuko ardurak hartzeko gai ez balira bezala.
Ez da Dyson, ordea, etxeko lanen kontziliazioa bultzatzen duenaren itxurak eginez bere buruari enpresa berdinzalearen domina jantzi dion bakarra. Denboran atzera gehiegi bota beharrik barik, iragan irailaren 2an, Espainiako hainbat egunkaritako azalak erosi zituen Samsung enpresa multinazionalen konglomeratu hegokorearrak. #YaNoHayExcusas (Jada Ez Dago Aitzakiarik, euskarara ekarrita) traolarekin martxan jarritako iniziatibaren baitan, merkaturatutako azken garbigailuen propaganda informazioa bailitzan zabaldu dute El Mundo, El País, La Razón, ABC, La Vanguardia edo El Periódico bezalako egunkarietan. “Samsung garbigailuak, etxeko berdintasunaren aldeko apustua” irakur zitekeen titularretan.
Garbigailua jartzeko eginkizuna bere gain hamarretik hiru gizonezkok besterik hartzen ez dutela dioen datutik tiraka, aipatu iniziatiba abiatu eta etxeko lanen banaketa berdinzalearekin konprometituta dagoenaren itxura eskaini dio jendarteari Samsung etxeak. Honako honetan, baina, estrategia ez da izan arropak garbitzeko aparailuari lehergailu kaxa edo tanke baten itxura ematea. Konglomeratuak sinpletasunean ikusi du giltza: erabilerrazagoak diren garbigailuak kaleratu ditu, gizonezkoak ere aparatua programatzeko gai izan daitezen, arrazoitu dutenez. Goi-karguen gehiengoa betetzen duen populazioaren erdiak arropa garbitzeko eginkizuna bere gain ez hartzeko arrazoia garbigailuen funtzionamendua ikasteko gaitasun gabezian balego legez.
Garbigailu erabilerrazak gizonezkoentzako preseski fabrikatuak izan direla nekez irentsi dezake batek, eta nago erabilerraztasun ezaugarriari etekina ateratzeko aitzakia besterik ez dela kontziliazioaren matraka guzti hau. Egun feminismoak jendartean daukan eragina tarteko, potentzialtasuna duten borroka guztiekin gertatu ohi den legez, geroz eta gehiago baitira borroka diskurtsoz hustu eta honen bizkar etekina ateratzeko saiakeran dihardutenak. Hainbeste, dagoeneko gizonezkook ere badituzuela Inditex-ek Indiako emakumeen esku-lan esklabuarekin ekoiztutako aldarri feministadun kamiseten baliokideak.