Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Ez da iraila gorroto duguna
Atalak: Sailkatugabeak
(Ilustrazioa: Nathalie Lees / The Guardian)
Gehiago edo gutxiago itotzen duten –baina itotzen duten– geure errutinetara berriz egokitzeko ahaleginetan buru-belarri, heldu gara iraila amaierara. Konturatzeke batzuk –hainbeste kexu eta gero nork esango zuen–, eta iraileko aldapa eternala izan denaren irudipenaz beste batzuk; pertsonak bezainbeste egokitzapen prozesu eta errealitate baitaude, errealitate batzuen baldintzetara egokitzea arnasestua eragiteraino itogarria izanik.
Dela desenpleguagatik, kontratu finko etenak epealdi baterako langabezian utzi izanagatik edo pribilegio bilakatzetik gertu dagoen opor eskubidea izateagatik, opor egunez gozatzeko aukera izan duen askok ondoezarekin ordaindu du udako hutsartea ikasketetara, lan-bulegoko ilarara edo lanera bueltatzerakoan. Opor osteko sindromea omen; gaitz kliniko gisa sailkatua ez badago ere, albo-kalte fisiko eta psikikoak eragiten dituena. Irailarenganako herra ezin zitekeen izan berezkoa hainbeste pertsonarengan.
Duela gutxi sailkatutako sindromea ei da, denboran atzera identifikatu gabea, eta horrek pentsarazten dio bati zerikusia izan dezakeela egungo errealitatearekin eta beronen bizi-baldintzekin, hots, neoliberalismoarekin. Gure bizimoduak bizigarri ez direla ohartaraztera datozen gaitz edo ondoeza guztiekin gertatu ohi den bezala, baina, identifikatu zen momentutik indibidualtzat jo zen sindromea. Hala zioen ARGIAren 2.656. zenbakian hiperaktibitateaz psikologo batek: “Neoliberalismoaren ezaugarri bat da. Berak sortzen dituen arazoak arazo indibidual bihurtu nahi ditu garuna hondatuta dugula esanez”. Kasu honetan pentsa daiteke garuna hondatua dugula esatea ez dela bideragarri ikusi, hala egiteak bizirauteko ezinbesteko duen lan indarraren galera onartezina suposatuko bailioke makinari.
Estresa eragiten duen egokitzapen arazoa besterik ez dela, errutinara egindakoan joan ohi dela, hala diote sindromeaz diharduten hamaika artikuluek. Baina jakin badakigu muturreko kapitalismoa zein punturaino ari den bizitza bizigaitz bilakatzen, nola den geroz eta zailagoa errutina horietara moldatzea. Panorama beltza argitzera dator Marina Garcés mesanotxean daukadan Ciutat Princesa liburuko lerro artetik: “Bizitza eta lanaren arteko tartea geroz eta handiagoa da. Arrakala irekita dago. Izan daiteke infinituki, eguzkitik eguzkira lan egin badugu ere, behin eta berriz egin beharreko bidea. Edo izan daiteke bizitza material eta iraupen duina bermatuko duten beste erantzun batzuk aurkitzeak eskatzen digun distantzia”. Hobe genuke, beraz, aparteko orduak lanean ordez erantzun horien bilaketan ematea: asanblada, espazio autogestionatu, kontsumo talde, herri baratze, langile sare, maizter sindikatu… Nondik hasi, bada aukeratzeko. Astelehenekin gertatu bezala, gorroto duguna ez baita asteko egun jakina, ezta kasu honetan urteko hilabete hori; gorroto duguna, nago, kapitalismoa da.