Hasiera »
Amaia Lekunberriren bloga - Engranaje artean
Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Teloia altxa eta…
2020-10-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazkia: Jimmy Jazz Gasteiz
“Kultura gara eta arriskuan gaude”. Badira lau hilabete S.O.S. Kultura plataformak ohartarazpena egin zuenetik, berez prekario den euskal kulturaren sektoreak pandemiaren ondorioz bizi zuen egoeraren larritasuna bistaratuz. Sektoreko hainbat eragilek sinatutako Kultura gara manifestuaren bidez, etorkizun hurbileko balizko bi eszenatoki iragarri zituzten: oihala altxa eta ekosistema kultural bizia ageri zen horietako batean, oihala goratu eta ezereza nagusitzen zen bestean.
Sektorearen biziraupena bermatzeko neurriak exijituz, gobernu zein erakunde interpelatu zituen plataformak, eta hala segi dute egiten ikuskizunen sektoreko profesionalak batzen dituen Alerta Gorria ekimenak edota ekitaldi eta ikuskizunetako teknikarien Teknikariok sindikatuak. Alabaina, eskariei entzungor, birusaren agerpenarekin hartutako neurriek idortutako eremua basamortutzea eragin du agintarien utzikeriak.
Oihala hasi da lurretik zentimetro batzuk aldentzen, eta irekitako zirrikitutik begiztatu daitekeenak antz gehiago dauka uda aurretik iragarritako bi eszenatokietako batekin: deus ez bistara, astun sumatu daitezkeen hutsunea eta isilunea besterik ez. Oihala gehixeago goratzean ezerez hori apurtuko duen zerbaitekin topo egiteko esperoan egon daiteke bat, baina toki gutxi uzten dio esperantzari berriki jaso dugun berriak: Durangoko Plateruenak ateak itxiko ditu, azken urteetako zailtasunei COVID-19aren eragina batuta, proiektuaren bideragarritasuna ezinezkotzat jota. Gauzak aldatu ezean –eta bizkor–, sektorearen egoera larria arintzeko eskumena dutenak axolagabe segiz gero, Plateruenaren izena buru duen zerrenda beltz baten aurrean geundeke.
Bistan da herri honetan agintzen dutenen agenda politikoetan kultura ez dela ageri azken hilabeteetan seta handiz bultzatu beharrezkotzat jo dituzten industrien artean. “Koma ekonomikoa” saihesteari dagokionez, kapitalismoaren zimenduak indartzeari begira, kulturan inbertitzeak ez baitirudi negoziorik onena. Are gehiago, kaltegarri ere suerta dakieke deskuiduan. Izan ere, “artea ez da errealitatea islatzeko ispilua, baizik eta honi forma emateko mailua”, zioen Bertolt Brechek; eta kulturak, arte espresioen edukiontzi denez gero, badu potentziala mailukadaz-mailukada inguratzen gaituena eraldatzeko. Ziurgabetasuna nagusi den garaiotan, bederen, zerbait ez oso desiragarria galtzeko dezente dutenentzat.
Poliki-poliki ari da oihala gehixeago altxatzen eta prekario ageri da eszenatokia. Pertsonala murritza, nekea eta artega horien aurpegietan, segurtasun distantzia gordetzen duten aulki solte batzuk, eta saiatuta ere elkarren arteko distantzia kirurgikora ohitzen ez diren ikusleria eta artistak. Eta han, izkina batean, mailu batena dirudien itzala; egoeraren gordina tarteko egonik ere, mailua herriak duen artean dena galdurik ez dagoen seinale.
Etxebizitza lubaki
2020-06-29 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Normaltasun generitzon iraganera buelta egitea ezinezkoa dela, horixe osasun krisiak ireki duen hutsartetik etorkizunari behatzerakoan gehiengoak partekatu duen irakurketa. Datorrenak dakarkigunaren bueltan, kontrara, iritzi batasunik ez da: sistema kapitalistaren barrenak bere gordinean bistaratu ditugun honetan, zentraltasuna bizitzari emango dion jendarte baterantz bideratuko gaituen paradigma aldaketa emango dela uste duenik bada; are muturrekoagoa eta autoritarioagoa den kapitalismo baterantz bidean goazela deritzonik baden bezalaxe.
Bi tesiak mahai gainean, errealitatea horietako baterantz edo besterantz lerratu dadin ahaleginetan dabilenik ez da falta. 2008koa baino indartsuago ei datorren krisi ekonomikoa kantoian buelta emanda, saretzen eta antolatzen ari da herritar asko, paradigma aldaketara bidean krisia beronen erantzuleek –hots, aberatsek– ordain dezaten xede. Nola ez, indarrean den ordena soziala bere horretan mantendu asmoz, kontrako noranzkoan dihardu establishmentak, eta gurean beronen jagole fidela den komunikabide taldea zuhurtziaz ari da norabide horretan saka egiten. El Correok etxebizitzaren aferaz informatzeko duen modua da, ziurrenik, horren adierazle nabarmenetarikoa.
Egunkariak denbora darama inurri lana egiten, iritzi publikoa jabetza pribatuaren eta aginte klasearen interesen alde agertu dadin. Urrian ikusi genuen nola kriminalizatzen zuten –beste behin– okupazioa, Portugaleten jazotako etxebizitza baten usurpazioa makiavelikoki okupazio mugimenduarekin lotuz. Gaiaren trataerak eragin zuen hainbat herritar mobilizatzea okupatutako etxebizitzak husteko –hein handi batean arrazakeriak motibaturik, gainera–. Orduko hartan hauspotutako suaren garrak bizitzeari ekin dio orain hedabideak, datorren krisia gordinen islatuko den eremuetako bat etxebizitzarena izango dela agerikoa denean. Euskadin okupatutako etxebizitzen “gehiengo handia” mafiek kudeatzen dituzte zioen iragan astean, Gueñesen herritar talde batek, Ertzaintzarekin ondoz ondo, pertsona bat okupatutako baserri batetik nola kaleratu zuten hedatu eta egun gutxira.
Testuinguru horretan ulertu behar da auzoko etxebizitza sindikatuak orain gutxi jaso duen deia: telefonoaren bestaldetik, herritar xumeen etxebizitzak okupatzea bultzatzen ari zirela leporatu zien asaldatuta batek. Etxebizitza eskubidearen defentsa usurpazioarekin nahasten zuen nonbait. Zergatik ote. Badirudi etxebizitza sindikatuek egiturazkoa den miseriari aurre egiten hasteko arrakala etxebizitzan aurkitu duten era berean, bertan aurkitu duela goi-klaseak ere miseria borrokatzera datozenak erasotzeko beste bide bat. Lehenengoek arrakala zartatu heinean, hormatu egiten dute bigarrenek, horma eraistera datorrenari zilegitasuna kentzeaz zenbait hedabide arduratzen diren bitartean. Azken hauen lanaren eraginkortasunaren berme, etxe kaleratzeak burutzen dituena (polizia-)herritarra da geroz eta sarriago. Besteren artean, arrakala horren bi aldeen artean datza biharamun bizigarriagoaren eta bizikaitzagoaren arteko norgehiagoka.
Ardura
2020-04-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Zalaparta eragin zuten Espainiako Gobernuak haurren konfinamendua leuntzeko onartutako lehen neurriek. 14 urtetik beherakoei adin nagusiko batekin etxetik irtetetzea ahalbidetzen zitzaien, bai, baina kalera ordez supermerkatura, banketxera eta farmaziara joateko. Ordu gutxiren buruan atzera egin zuen gobernuak, eta haur eta nerabeei kalera ateratzen utziko zitzaiela aurreratu. Orduantxe agertu zen, sare sozialetan baretzen hasitako eztabaidaren erdian, nire arreta deitu zuen txioa; “Eskerrak!” zioen lasaitua hartutako ama batek, aurreneko neurriak desobeditzeko hautua egina zeukala adieraziz.
Haize ufada freskoa bailitzan heldu zitzaidan mezu hura. Antzeko sentipena eragin zidan egun gutxi aurretik Italiatik heldutako berriak: itxialdi betean, eta hileta-errituak egiteko debekua hautsiz, hainbat lagunek Erromako kaleak hartu zituzten beren adiskide eta ibilbide luzeko militante Salvatore Ricciardi agurtzeko. Bateko mezua zein besteko berria, ziega –erosoa, baina ziega– itxura hartzen hasia den lau pareta artea egurastera zetozen. Epe motzean gainera. Baliteke mortua dirudien etxeko leihoaz bestalde horretan desobedientzia korronteak sortzen ari izatea.
“Ilogikoa eta irrazionala den arau bat errespetatu behar izatea, obedientzia eta mendetasun ariketa nabarmenena da”, zioten Ricciardiren hiletaren harira idatzitako artikuluaren autoreek. Nago, Paz Francesen hitzetan oinarrituz, beldurraren maneiua dela otzantasun hori elikatzen duena, jendaurrean arduragabetzat agertzea izanik izu horren adierazpide gorena. Kontrol sozialak ez baitu zertan izan goitik beherakoa, balkoietako polizien fenomenoak argi utzi bezala. Itxura guztien arabera, arduratsu agertzeaz arduratuta, arau eta jokabide irrazionalak jasaten –eta horiek razional bilakatzen, kasurik muturrekoenetan– ari gara. Zehaztuta eman zaigun arduraren esangura onartu izanaren ajeak. Alabaina, ez dirudi atzera bueltarik gabeko puntuan gaudenik, geroz eta ugariagoak baitira zentzurik eta gizatasunik ez duten arauei men egin gabe ere arduraz jokatu –eta duinago bizi, zein hil– daitekeela adieraztera datozen keinuak; eta horiek, testuingurua duguna izanik, desobedientzia forman ematen dira eta emango dira ezinbestean.
Bizitza biziraupenera mugatu duen errealitate honetan, bizi-irrikak, nonbait gordetzekotan, gizatasuna eutsi asmo duten desobedientzia keinu horien atzean behar du egon. Ez ditzagun arduragabekeriatzat jo, ez ditzagun kriminalizatu; ez behintzat kalea zapaltzen uzten digutenean bizitza bizirik iraute hutsera murrizturik ikusi nahi baldin ez badugu. Halakorik gerta dadin ekiditea ere bada ardura kontua.
“Ondo jan, eta dirurik ez baduzu, ez ordaindu alokairua!”
2020-04-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Azken urteetan etxebizitzen alokairuen abusuzko igoera antzeman eta pairatu dugu. 2013. urtetik hona, erregularizaziorik ez duen higiezinen merkatuan etxebizitzaren prezioek etengabe egin dute gora; besteak beste, alokairu turistikoen areagotzea eta funts putreen eta etxejabeen neurrira egindako legeak tarteko. Beren etxeetatik kaleratuak izan dira asko, alokairu gastuetara hileroko soldataren zati handiago bat bideratu beharrean ikusi dira hainbat, eta beste askok, prezioen igoeraren aurrean, beren bizilekuak atzean utzi behar izan dituzte.
Geroz eta larriago bilakatzen ari zen egoera guztiz eutsiezin bilakatu du koronabirusaren hedapenak: krisia tarteko langabezian egotera pasa da jende mordoa, eta etxebizitza ordaintzeko ezintasuna birusarekin batera hedatu da. Hori gutxi ez, eta Espainiako Gobernuak martxoaren 31an onartutako neurri sozialek alokairuak mantentzeari eman diote lehentasuna, maizterrei zorpetzea exijitzen duten “aterabideak” eskainiz. Egoera horren aurrean, maizterren sindikatuek eta etxebizitza eskubidearen aldeko kolektiboek alokairu greba deitu dute. Espainiako Estatuan milaka maizterrek egin dute bat grebarekin, eta martxan jarri dute apirila abiatzearekin batera. Han eta hemen, berdin egin dute tokian tokiko maizterrek. Birusa eta prekarietatea bakarrik ez, erresistentzia ere pandemiko bilakatu da:
Testuinguru honetan gaudela probestuz, eta memoria ariketa gisa, historian zehar etxebizitza eskubidea defendatzeko egin diren zenbait alokairu greba ekarri ditugu gogora. Eskubide ororen atzean gordetzen baita memorian iltzatzea komeni zaigun borroka luze baten historia.
Barakaldo, 1905
1905ekoa dugu Barakaldon hasi eta Sestaora hedatu zen alokairu greba. Bilboko itsasadar industrializatuan, fabriken produkzioa eta meatzaritza ustiapena areagotzearekin batera, populazioa hasi egin zen. Biztanleriarentzat motz geratu zen etxebizitza kopurua, eta egoera hori baliatu zuten etxejabeek prezioak igotzeko. Alokairuen igoeraren aurrean, maizterren artean beren etxebizitza beste pertsona batzuei alokatzeko joera hedatu zen, baina horrek jendea pilatuta eta baldintza kaxkarretan bizitzea eragin zuen. Izan ere, etxejabeen utzikeria tarteko, osasungarritasuna gabezia zuten bizilekuek; eta jende pilaketak ez zuen laguntzen baldintzak hobetzen. Gauzak horrela, maizterrek greba deitzea erabaki zuten.
Alokairuen ordainketak etenda, etxe-kaleratzea agindu ziren; lehenak maiatzaren 22ko data zuen. Alabaina, auzitegi funtzionarioak espero ez zuten egoerarekin egin zuten topo kaleratua izan behar zuen langilearen etxera gerturatzean: etxebizitzaren bueltan emakume andana zegoen, kaleratzea gelditzeko prest. Hala egin zuten. Behin autoritatea kanporatuta, maizterren artean kaleak okupatzea adostu zuten, eta beren etxeetako tresnekin batera hartu zuten espazio publikoa. Protestak eztanda egin berri zuen, segidan Sestaora hedatuz.
Errepresioa espero zitekeenez, trenbideak blokatu zituzten harriak eta burdin zatiak baliatuz, eta protesta gisa ekin zioten garraio oro mozteari. Alokairu grebak erreakzio kate bati eman zion hasiera, eta bukatu zuen jardun ekonomikoa eteten: Altos Hornos, Astilleros de Nervión eta beste hainbat fabrika, tipografoen sektorearekin batera, greban murgildu ziren. Bilbo Handiko jardun ekonomikoa ia hilabetez gelditu zen. Erreboltaren aurrean, aginteak “gerra egoera” deklaratu zuen.
Buenos Aires, 1907
Europatik heldutako migrazio olatuak eragindako populazio hazkundearen ondorioz, Buenos Aires-en (Argentina) jendea conventilloetan pilatuta bizi zen. Hala deitzen zitzaien gela mordoa eta bainugela komunak zeuzkaten eraikin handiei, eta familia mordoa batera bizi zen horietan. Espazio oso murritzetan jende kopuru handia biltzen zen, eta horrek eragin zuen, Barakaldon bezala, jendea osasun gabezia baldintzetan bizitzea.
Egoera hori batetik, eta alokairuen prezioen igoera bestetik, maizterrek alokairu greba hasi zuten; alokairuak %30 jaistea eta etxebizitzen baldintzak hobetzea eskatzen zieten etxejabeei. Mugimendua azkar hedatu zen maizterren artean, herrialdean barrena zabalduz. Protestei amaiera eman asmoz, gobernuak etxe-kaleratze masiboak agindu zituen. Antolatutako herriak, baina, aurre egin zion: anarkistek eta sozialistek beren lokaletako ateak ireki zituzten grebaren antolaketari lekua eskaintzeko. Istiluak jazo ziren grebalarien eta polizien artean, eta erresistentzia testuinguru horretan poliziak 17 urteko Miguel Pepe gaztea hil zuen tiroz.
Emakume grebalaria, eskoba eskuan.
Etxebizitzaren aldeko borrokan ohikoa izan ohi denez, honetan ere emakumeen papera esanguratsua izan zen. Poliziarekin aurrez aurrekoetan ez ezik, bestelako ekintzetan ere nabarmendu ziren emakumeak: jasota dagoenez, hainbat emakumek beren haurrekin batera “eskoben martxa” egin zuten La Boca auzoan, erratza eskuan hartuta etxejabeak ekortzeko asmoa zutela adieraztera emanez.
Veracruz, 1922
Hiriko portuan populazioak izandako hazkundearen aurrean espekulaziorako aukera ikusi zuten etxejabeek. Alokairuen prezio gehiegizkoen aurrean haserre, sexu-langileek alokairu greba hasi zuten 1922ko urtarrilean Veracruzeko (Mexiko) Huaca auzoan. Alokatuak zituzten bizilekuetako koltxoiak eta altzairuak leihoetatik jaurtiki zituzten, su handia egin asmoz. Segidan batu zitzaizkien protestara portuko langileak; eta egun gutxiren buruan Maizterren Sindikatu Iraultzailea sortu zuten. Martxoan abiarazi zuten alokairu greba, eta maiatza bukaerarako, 30.000 mila pertsona baino gehiagok utzi zion alokairua ordaintzeari, eta hainbat etxetako leihoetatik zintzilikatu kolore gorriko pankartetan ondoko leloa irakur zitekeen: “Greban nago eta ez dut alokairua ordaintzen”. Protestak herrialde guztian barrena hedatu ziren.
Alokairu grebaren baitan egindako protesta. Erdian Maria Luisa Marin militante anarkista, greba hartako pertsona ezagunenetakoa bilakatu dena.
Bartzelona, 1931
Alokairu greba ororen sorreran nola, honetan ere etxebizitza krisiak zetzan atzo-oihal gisa. Batetik, altuak ziren bai langabezia tasa zein alokairuen prezioa, eta bestetik, hirira iristen joandako migratzaileekin populazioa hazi egin zen eta etxebizitza eskaintza urria bilakatu zen. Ondorioz, behar baino jende gehiago hasi zen etxeetan pilatzen, osasungarritasun gabezia baldintzetan; are gehiago, “lo egiteko etxeen” fenomenoa hedatu zen, eta jendeak soilik lo egiteko erabiltzen zuen espazioagatik ordaintzen zuen.
Egoera horrela, CNT sindikatuak alokairu greba deitu zuen Eraikuntza Sindikatuko Ekonomia Defentsa Batzordearen bitartez; sektore horretako afiliatuen artean langabezia tasa %40koa zen. “Ondo jan, eta dirurik ez baduzu, ez ordaindu alokairua!” aldarri, greba sustatzeari ekin zioten, eta epe laburrean milaka maizterrek egin zuten bat alokairua eteteko deiarekin. Auzoz auzo, greba hirian barrena zabaldu zen, 100.000 maizter ingururen parte hartzea lortzeraino.
Etxe-kaleratzeei etenik gabe egin zieten aurre maizterrek, eta konfrontazioa haziz joan zen herritarren eta poliziaren artean. Poliziaren indarkeriak 18 hildako eragin zituen, eta ehunka pertsonak egin behar izan zieten aurre atxiloketei eta prozesu judizialei. Alabaina, grebak gailur jo eta gerora ere protestek utzitako arrastoa nabarmena zen, maizter askok eta askok elkarrekin antolatzeari ekin baitzioten.
Gizon bat, lo egiteko etxe baten atarian.
Varsovia, 2010
Etxebizitza publikoaren pribatizazioaren aurrean, ZSP sindikatuak grebarako deia egin zien pribatizazioak pairatu zituzten maizterrei, eta 2010eko urrian alokairu grebari ekin zioten Varsovian (Polonia).
Urte bete lehenago antzerako esperientziaren testigu izan ziren herritarrak, maizter talde batek beren eraikinaren pribatizazioa ekiditea lortu baitzuen protesta bidez. Garaipen horrek eman zion bide Maizterren Defentsa Komiteari, zeinak etxe-kaleratzeko arriskuan edo pribatizazioari aurre egin beharrean zeuden norbanakoei laguntza eskaintzeari ekin zion.
ZSPk deitutako 2010eko greban ondoz ondo aritu zen Maizterren Defentsa Komitea ere, eta deialdia hainbat eraikinetara hedatzea lortu zuten. Pribatizazioei ez ezik, gentrifikazioari, etxebizitzen baldintza negargarriei eta alokairuen abusuzko prezioei ere egin zieten aurre. Protestaren bidez pribatizazio gutxi gelditu baziren ere, lortu egin zen Parlamentuak higiezinen merkatua are gehiago liberalizatuko zuen legea baztertzea.
Etxebizitza eskubidearen defentsan egindako hamaika protesten lagina besterik ez dira hauek. Gehiagoren gogoz geratu denak, Miren Osa Galdonak bere garaian idatzitako honetan aurkitu ditzake beste zenbait adibide.
Komunitatearen ongizateak ez du poliziarekin errimatzen
2020-03-25 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Biharamunean alarma egoera ezarriko zela jakinik bildu ginen lagun artean. Kosta egiten zitzaigun zein egoeratan murgiltzear ginen imajinatzea, baina aurretik genuena ez zela egun batzuetarako itxialdi hutsala izango eta gauzak errotik aldatzera zihoazela iradokitzera zetorren sentimendua hasia zitzaigun barrenean ernaltzen. Berriz bildu arte luze itxaron beharko genuela susmatu genezakeen, eta perspektiba belztuz, koronabirusaren hedapena tarteko jendartean zabaltzen hasitako zenbait jarrera hasiak zitzaizkigun ordurako arreta ematen: birusa baino abiada handiagoan barreiatzen hasia zen beldurra, bizilagunarekiko mesfidantza elikatuz eta “herritar-poliziaren” figura ongarrituz. Itxialdi bezperako agur hura bera balkoietako eta gortina arteko zaindariengandik ahalik eta ezkutuen egin beharrean ikusi ginen; debekuak indarrean egotera iritsi aurretik, kalera ateratzea lintxamendurako motibo bilakatua zen.
Itxialditik astebete pasa igaro den honetan, ez da giro distopia itxura hartu duen errealitatean: basamortutako kaledun Polizia Estatu batean bizitzera igaro gara, zeinetan herritar asko eta asko indar polizialen eskuineko esku bilakatzen ari diren. Hala izaten lagundu du agintariek eginiko hiztegi belikoaren erabilerak: birusa etsai gisa aurkeztu eta koronabirusaren hedapenari aurre egitea gudu terminoetan planteatu dute, eta logika belizista hori barneratuta ari da polizia kalean den oro –arrazoia edozein izanik– etsaitzat jotzen, etengabeko abusu jarrerei inpunitate osoz bide emanez. Inpunitate osoz, kalean testigurik ez dagoelako batetik, eta bestetik, kale bazterrean edo leiho atzean egon daitezkeen testigu bakanetako askok poliziaren abusuzko jarrerak onargarritzat jo eta horiek salatzetik urruti, txalotu egiten dituelako. Harritzekorik ez kontuan hartzen badugu aipatu logika belizistaren arabera herritarrok nekez izan gaitezkeela lehen lerroko soldadu edota polizia ez den beste ezer.
Alabaina, ez gaizki ulertu: indar polizialenganako errefusak ez du bat “herritar-polizia” izatetik libratzen. Jakin badakigu inguratzen gaituen jendarte egiturak goitik behera eta alde guztietatik zeharkatzen gaituela, eta ondorioz, gustuko izan ala ez, denon baitan gorde daitekeela polizia agente bat, indar polizialak txalotu ez arren bizilagunekin polizia bagina bezala jokatzera eraman gaitzakeena. Entzun ditut segurtasun indarrak gorroto dituztenak pareko bizilaguna kuestionatzen eta epaitzen, aintzat hartu gabe pertsona bakoitza eta beronen errealitatea bakarra eta ezberdina dela, eta beraz konfinamendua egiteko hamaika era daudela. Jarrera horiek zuritzen saiatu gaitezke geure buruak engainatzera heltzeraino, “ongizate komunitarioarena” bezalako argudio errespetagarrien izenean adibidez, baina jarraituko dute direna izaten. Paralelismoetarako balio dezakeelakoan, poliziak kalean zebilen herritarra kolpatzen duenean txalo jotzen duenak ere uste du komunitatearen ongizatearen izenean ari dela. Ondokoa zaintzea eta zelatatzea ez direla gauza bera seinalatzea, beraz, funtsezkoa bilakatzen ari da; bai behintzat ongizate komunitarioaren izenean joera autoritarioak nagusitu daitezen ekidin nahi badugu. Hala egiteak soilik zabaldu ahal baitigu krisi honetatik errealitate bizigarriago batera igarotzeko atea.
Izan ere, geroz eta agerikoagoa ari da bilakatzen egoera honek ezinbestean ekarriko duela paradigma aldaketa, eta aldaketa hori dagoeneko hasia dela forma hartzen, arriskuak bezainbeste aukera mahai gaineratuz. Beraz testuinguruak exijitzen du kontzientzia hartu eta geure buruei galdetzea zein norabidetan lerratu nahi dugun errealitate berri hori. Zaintzak –bizitza, alegia– erdigunean jarriko dituen paradigma baten alde borroka egin nahi dugu, ala gehiengoaren kalterako diren logika zaharkituei utziko diegu beste behin gailentzen?
“Hilabeteetan kaosa, isolamendua eta beldurra bizi eta gero, normaltasunera itzultzeko desira ikaragarri indartsua izan daiteke, nahiz eta normaltasun hori abusuzko sistema izan”, ohartarazi du Max Haivenek ROAR bidez. Alabaina, kontuan hartuta “normaltasun” hark ekarri gaituela bizi dugun egoerara, lehengora bueltatzeak ez dauka aterabide itxurarik. Are gehiago, posible denik ere ez dirudi, gauzatzen hasia den aldaketak atzerabiderik gabekoa baitirudi. Hein handi batean geure esku dago aldaketa hori errealitate bizigarriago ala bizikaitzago baterantz bideratzea.
Denborarik galdu gabe lanean hasi denik bada, mugimendu feministaren mahai teknikoa eta auzo eta herrietako elkartasun sareak kasu. Alarma egoera honi segida emango diona bizigarriagoa den errealitate bat izatea nahi badugu, hartu beharreko norabidea zein den seinalatua dago jada. Alabaina, harantz abiatzea soilik izango da posible baldin eta, besteak beste, kolektiboa, zaintzak, elkartasuna eta elkar-laguntza lehenesten baditugu; denak ere zipayoaren printzipioei kontrajartzen zaizkion balioak. Paradigma berdinzaleago batek ezinbestean exijitzen du, beraz, barruan daramagun polizia akabatzea. Nago komunitatearen ongizateak ekintza hori beste gauza askoren gainetik eskertuko lukeela.
Koronabirusa kontrolatzeko aplikazioak eta muturreko zelatatzea
2020-03-20 // Gizartea, Politika // Iruzkinik ez
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du koronabirusa prebenitzeko eta kasuen jarraipena egiteko aplikazioa sortuko duela. Hainbat herrialdetan erabili den formula mesfidantza iturri da, herritarren muturreko jagoletza normalizatu dezakeelako.
Iñigo Urkulluk ostegunean egindako agerraldian hainbat neurri aipatu zituen koronabirusari aurre egiteko, tartean sakelakoetarako aplikazio baten sorrera. Hainbat herrialdek egin dutenari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak ere bere egin du sistema. Azaldutakoaren arabera, aplikazioak ahalbidetuko du prebentzio neurriak azaltzea eta ezagutzera ematea, eta baita kutsatuak diagnostikatzea eta horien jarraipena egitea.
Herritarrek aplikazioa deskargatu ahalko dute, eta behin instalatutakoan, sintomak dituenak galdetegi bat bete ahalko du, dituen sintomak eta datu pertsonalak xedatuz. Aplikazioak jasotako informazioarekin ondorioak aterako ditu, eta beharrezkotzat joz gero, erabiltzaileari koronabirusaren proba egiteko txanda emango dio. Positibo ematen duten herritarren jarraipena ere aplikazio bidez egin ahal izango da.
Sistema hau EAEn aplikatzeko lanean ari dira zenbait enpresa, Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera. Urkulluren arabera, aplikazioak “berme mediko guztiak eta datuen babeserako sistemak” izango ditu. Alabaina, gisa horretako sistemek herritarren zelatatze muturrekoa normalizatu dezaketela seinalatzera datoz hainbat irakurketa.
Herritarren eskubideak, koronabirusa kontrolpean izatearen truke txanpona
Hego Koreatik dator koronabirusa kontrolpean hartzeko aplikazioaren ideia, eta beste hainbat herrialderekin konparaketa eginez gero, lortu dute koronabirusaren hedatzea apalagoa izatea. Alabaina, aplikazio bidezko sistemak izan ditzakeen albo kalteez ohartarazten hasiak dira hainbat, birusa kontrolpean izateak herritarren muturreko jagoletza eta eskubideen urratzea dakartzala seinalatuz.
Honezkero hainbat herrialdetan jarri dute martxan Hego Korean asmatutako sistema. Pauso hori ematen lehena Txina izan zen, eta bertako esperientzia ardatz hartuta, aplikazioak –beste zenbait neurriren artean– jendartearen zelatatze masiboari ateak ireki dizkiola azaldu du Lily Kuo-k, Kaosenlared.net atarian irakur daitekeen artikuluan.
Kuok azaldu du azken hilabeteetan gobernua maila handiagoan sartu dela herritarren bizian, eta hori “norma berria” bilakatu daitekeela, hainbat adituk ohartarazi dutenez. Norma berri horrek herritarren muturreko zelatatzea normalizatzea eragingo luke. Koronabirusaren aitzakiarekin hartutako zenbait kontrol neurri betikotzeko arriskuaren aurrean gaudela, alegia.
Aplikazioa tarteko denetik, txinatarren egunerokotasunean nola eragin duen azaldu du Kuok. Norbere bizitegi-gunera edo lanera sartzeko QR kode bat eskaneatu behar dute herritarrek, eta behin kodea eskaneatuta xedatu egin behar dituzte beren izena, NAN zenbakia, tenperatura eta egindako azken bidaiak. Bestetik, telefono operadoreak jendearen desplazamenduak arakatzen ari dira. Hori gutxi ez, eta zenbait sare sozialek –WeChat eta Weibo aipatzen ditu Kuok– kutsatuak egon daitezkeen herritarren berri emateko bideak sortu dituzte, eta zenbait tokitan gaixorik egon daitekeen herritarra salatzen duen norbanakoari ordainsariak eskaintzera heldu dira.
Baliabide teknologikoak birusa kontrolpean izateko tresna gisa behin planteatuta, hainbat ei dira ildo horretan lanean ari diren enpresak, eta aurpegi ezagutza bidez sukarra duten edo maskararik ez daramaten norbanakoak identifikatzeko teknologiak garatu dituzte. Herritar bakoitzaren osasun datuen arabera, hainbat aplikaziok herritarrak ohartarazten ditu kutsatutako norbait –edo kutsatu batekin harremanetan egon den norbait– gertuan dutenean.
Guangzhou Wang Aizhong ekintzailearen hitzak jaso ditu Kuok: “Dudarik gabe, epidemia honek herritarrak kontrolatzeko aitzakia gehiago eman dizkio gobernuari, ez dut uste koronabirus-agerraldiaren ostean autoritateek jagoletza maila hau mantentzeari uko egingo diotenik”.
Kuoren arabera, adituek diote birusak aitzakia perfektua jarri diela eskura autoritateei, herritarren datu pertsonalak bildu eta horiek aztertzeko. “Arriskutsua, kontuan hartuta ez dagoela lege zorrotzik datu pertsonalen erabilerari dagokionez”, egin du irakurketa.
Pribatutasun eta informazio legeetan aditua den Stuart Hargreavesek jagoletza muturrekoa “norma berria” dela dio argi eta garbi, eta egoera berri honetan gakoa izan daitekeen aspektu bati erreparatu dio: “Txinak jakin behar du zein den herritarrak toleratuko ez duen jagoletza maila, halakorik baldin bada”.
Antza, koronabirusaren eraginez sortutako alerta egoera honen aurrean, neurtu beharrekoa ez da gorputzeko tenperatura soilik; areagotzen ari den kontrol sozialaren aurrean garatzen dugun tolerantzia neurtzen joatea ere komeni. Zein puntura arte estutu gaitzaken frogatu asmoz tenperatura hartuko digunik ez baita faltako.
Itxialdian indarkeria matxistari nola aurre egin
2020-03-18 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Koronabirusaren aurrean alerta-egoera ezarri ondotik hainbat neurri hartu dituzte agintariek, eta herritarrok etxean ixteko agindua jaso dugu. Alabaina, konfinamendua COVID-19aren aurrean prebentzio neurri izan badaiteke ere, gure osotasunaren eta osasunaren kontra atentatu dezaketen arriskuak indartu ere egiten ditu, indarkeria matxista kasu. Izan ere, egoerak emakume asko beren erasotzaileekin isolatu ditu, eta lau pareta artean gertatzen dena ikusezina den heinean, indarkeria matxista kasuak indartu egin daitezke. Hala ohartarazi zuen mugimendu feministak ere, zaintza krisia kudeatzeko mahai teknikoa egiteko asmoen berri emanez astelehenean egindako agerraldian.
Beste behin, egoera honen aurrean erantzun indibidualen ordez erantzun kolektiboak artikulatu beharra agerian geratzen da. Elkarren zaintzak soilik ahalbidetu baitezake konfinamendu egoerak inor babesgabe ez hustea. Ildo horretan, itxialdi egoerari aurre egiteko zenbait aholku jaso ditu indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan aditua den Maitena Monroy Romerok Naizen. Indarkeria kasu baten aurrean kaltetuak berak zein gertukoek zer egin dezaketen argitu dezakeelakoan, Monroyk esanak laburbildu ditugu.
Indarkeria pairatzeko arriskua duena norbera izatekotan
Indarkeria pairatzeko arriskuan duen emakumearen kasuan, Monroyk garrantzitsutzat jo du izua kontrolpean izatea. Bere aburuz, izuak negatiboki eragin dezake hartuko diren erabakietan, eta horrek norbere bizia eta norberaren menpe daudenena arriskuan jartzea dakar.
Horrez gain, komenigarritzat jo du indarkeria psikologikoaren adierazleak kontsultatzea. Horrek ahalbidetu dezake bizi dugun indarkeriaren dimentsioa neurtzea, eta agian oharkabean pasa zaizkigun adierazleetan erreparatzea. Adierazle ikusezinenak zein diren zehaztu du:
-Zure bikotekideari edo berau haserretzeari beldur izatea.
-Zure bikotekidearen eraginez zure buruarengan mesfidantza izatea.
-Zure bikotea zu gertukoengandik urruntzen saiatzea, eta hirugarren pertsonekin duzun komunikazioa kontrolatzea.
-Zure gorputzarekin gaizki sentitzea, bikotearen eraginez.
-Bikotekideak zu jotzea bere osasunaren eta sentimenduen arduradun.
-Bikotekidea isiluneez baliatzea zu zigortzeko.
Behin indarkeriaren dimentsioa neurtuta, hartu beharreko neurriak xedatu ditu. Suerta daitekeen egoerarik okerrena irudikatzea gomendatu du, egoera hori jazoz gero zer egin pentsatzeko. Azpimarratu du emakume askok uste duela bere erasotzailearen indarkeria kontrolatu dezakeela, baina ez dela hala, indarkeria ez dagoela lotuta emakumeak egiten edo egiteari uzten duenarekin. “Bere indarkeriari mugak jarri ahal dizkiozu soilik. Konfiantza izan zugan, zure kriterioetan.”, xedatu du. Zerbait gaizki doala sentituz gero gaizki doan seinaletzat jotzeko eta esku hartzeko gomendatu du, eta zenbait aholku luzatu:
Hirugarren pertsonentzako aholkuak
Indarkeria matxista pairatzen duen emakumearekin eta honen erasotzailearekin bizi den pertsonaren kasuan:
Indarkeria pairatzen duen pertsonaren gertukoa bazara, baina berarekin bizi ez bazara:
Bizilagunentzako aholkuak:
Auzoko norbait indarkeria matxista jasaten ari dela uste izatekotan egin beharrekoak ere xedatu ditu Monroyk. Ezer baino lehen, argi utzi du asmo onez egindako ekintzak kaltegarri suerta daitezkeela, kasu hauetan nola esku hartu ez baldin badakigu. Hala bada, zer egin ez jakitekotan laguntza bilatzea aholkatu du.
Gomendio gisa, ondoko aholkua eman du: balkoian, leihoan edo atean indarkeria matxistaren aurkako ikurren bat jartzea, bizilagunak jakin dezan zurekin harremanetan jarri daitekeela laguntza behar izatera.
*Indarkeria matxista pairatzen ari bazara eta zure erasotzailearekin isolatuta bazaude, telefono zenbaki honetara dei dezakezu. Ez da telefono fakturan agertzen. Zenbakia anonimoa da, baina komenigarria da mugikorreko dei zerrendatik eskuz ezabatzea.
Bihotza dugu sutan
2020-02-21 // musika, Politika // Iruzkinik ez
“Ez egin iganderako planik. Sorpresa.” zioen urtarrilaren 31ko ostiral iluntzean jaso nuen mezuak. Momentu batez jakinminak eragindako blokeoa gaindituta, neurera segi nuen, intriga atze-oihal gisa. Ordu batzuren buruan, lagunaren mingainari tira ta tira, lortu nuen sorpresa haren gaineko xehetasunak ezagutzea: El Corazón del Sapo taldeak kontzertua joko zuen Arrasateko gaztetxean.
Ahoz aho zabaldutako kontzertua izanik, erdi sinesgogor egin nuen Arrasateko gaztetxeko eskaileretarainoko bidea. Norbera sinesgaitz, eta alboan nora generaman ere ez zekien laguna; kontuak bazuen hasieratik kutsu berezia. Atea noiz zabalduko ilaran zain zetzan jendearekin topo egitean, orduantxe paratu genituen hankak lurrean eta zetorrenari parez pare begiratu, irribarre zabala ahoan. Apoaren bihotzaren taupaka somatu genezakeen gertuan. Momentu hartatik aurrerakoa Xalba Ramirezek jaso du kontzertuaz egin duen kritikan. Eta hala ere, ezin izan diot eutsi taldearen itzulera motzaren gainean bigarrenez idazteari. Ez nuke errepikakor izan nahi ordea. Arrasateko kontzertuaren nondik norakoak Igandero hardcorea, mesedez artikuluak ederki biltzen ditu; ni neguko arratsalde tropikal hartan Apoaren eskutik bizitakoak utzitako sentipenei kanporako bidea ematera besterik ez nator. Kontua berriz ahotan hartzea ez dago sobera, talde beteranoari aitortza egiteko bada.
Aitortza, ez direlako asko, etenaldi luzearen ostean, gisa horretan itzultzeko gai diren taldeak: indartsu, urte dezenteren ostean gaurkotasun osoa mantentzen duten abestiekin, eta ezaugarritu dituen konpromiso politiko berari eutsiz.
Eszenatokitik publikoari helarazten diotenarekiko koherente jardun izan du Aragoiko taldeak urte hauetan guztietan –91tik, alajaina!–, eta horrek bilakatzen ditu sinesgarri beren doinu eta hitzak. Ez da kasualitatea taldeak erakutsitako konpromiso berarekin erantzutea publikoak. Arrasateko gaztetxeko lau pareta artean ahots goran abestutakoek, kantutik bezainbeste zeukaten uste sendoz aireratutako aldarrikapenetatik, eta ehundik gora ahotsen burrunba bateratuak behin baino gehiagotan harrotu zizkigun ileak. Bazen giroan halako indar bat, sentiarazten zuena abesten zenuen hori, ondoan zenituenekin, posible litzatekeela; sentiarazten zuena geunden tokitik, beste mundu bat gertuago genuela.
Kontzertuak bihotzean beste mundu bat daramagun jendea bildu gintuela irakurri nion biharamunean bati; ez dut uste oker zebilenik. Eta nire kolkorako pentsatu nuen zenbat aldiz entzun behar izan ote dugun, bestelako mundu bat gura izateagatik, inguratzen gaituenaren aurrean sumintzeagatik, gorrotoz betetako jendea garela. Mundu bat irauli eta beste bat eraiki nahi dugun heinean, baina, gorrotoa haina maitatzeko gai gara –gehiago ez bada–, eta hori nabari zitekeen kontzertuko giroan, Ramirezek ere azpimarratu duenez. Antzeman zitekeen bezalaxe, ia guztia kontra dugun mundu honetan, ikasi egin dugula dantza bilakatzen kolpe ta kolpe arteko erresistentzia. Eta horretan, asko zor diegu El Corazón del Sapo bezalako taldetzarrei; dantzak behar baititu neurrira egindako doinuak. Taldeko abeslari Fer-i elkarrizketa batean irakurri niona lerrootara ekarriz: “Gerra ere dantzatu egiten da, eta musikak lagundu egiten digu borrokatzen eta maitatzen, salto egiten eta kalera irteten, mugitzen eta mobilizatzen. Maitatu dantza egin ohi duzun eran, dantzatu borrokatzen duzun modura”.
Zantzu guztien arabera dantza horretan luzaz beharko dugunez iraun, indarrez bete gintuen taldeak hil hasieran –susmoa dut helburu hori zutela hasieratik–. Berdin egin du igaro berri den asteburuan Katalunian; Espainiako Estatuak orain hiru urte ekindako oldarraldiei eusten diharduen herriari faxismoaren aurkako bi indar kolpe eskaini dizkio laukoteak, KOP eta Batec taldeekin batera, eta otsailaren 23a bezalako data esanguratsua tarteko. Orain, Apoaren bihotzaren taupakarekin bat egiteak eragindako txinpartari esker erritmoa bizituta gabiltz asko eta asko. Ezin dugu infernutik atera, bihotza dugu sutan. Zinez, mila esker su hori hauspotzeagatik.
Sua beleen zeruari!
Desokuparen porturatzea, okupazioaren kriminalizazioaren eskutik
2019-12-23 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Desokupako kideak
Alerta jo du Portugaleteko Giza Eskubideen Bulegoak orain egun batzuk publiko egindako oharrak. Bertan jakinarazten zenez, etxegabetze estrajudizialak egiten dituen Desokupa enpresa pribatuko kideak Portugaleten aritu dira azkenaldian, alokairuan bizi den emakume bat eta honen ardurapeko adin txikikoa etxetik kanporatu asmoz. Antza denez, emakumeari beltzean zion egina alokairu kontratua jabeak, eta orain ez dio berritu nahi. “Egoera hori izanik, jabeak ezin du auzitara jo bera delako arau-hauslea; hala bada, bortxa darabilen enpresarengana jo du ‘higiezinen mobbing-a’ deitu daitekeena burutu dezaten”, azaldu zuen bulegoak.
Hala igaro da maizterra etxeko jabearen partetik ez ezik, etxekaleratzeetaz beren ogibidea egin duten gorila batzuen partetik ere jazarpena pairatzera. Horixe baita Desokupa: paramilitarrak eta ultraeskuindarrak barne biltzen dituen bizkartzain taldea, bortxaz eta legezkotasunaren mugetan jardunez desalojo estrajudizialak egiten dituena. Alabaina, faktore horiek tarteko egonik ere, zenbait higiezinen agentziak eta jabe espekulatzailek ez du eskrupulurik enpresaren zerbitzuak kontratatzerako orduan.
Orori gainjartzen zaion espekulazio goseak azaldu dezake eskrupulu falta hori, eta logika kapitalista oso bat arduratzen da berau zilegiztatzeaz. Iruditzen zait, baina, kasu honetan egon daitekeela faktorerik etxejabearen begietara are gehiago legitimatu duenik Desokupa bezalako enpresa batekin lan harremana ekitea: etxebizitza baten usurpazioa tarteko, azken hilabeteetan Portugaleten jazotako gertakariak eta horiei buruz egin den trataera mediatikoa.
Gertatu zenari buruz ez dakiena jakinaren gainean jartzeko: urrian, bere ahizpari bisita egitera joan zen Victoria del Castro, Portugaleteko adineko andrea; egun batzuk eman zituen kanpoan, eta itzultzerakoan bere etxea jendeak hartua zegoen, zerraila aldatuta. Zenbait egun kanpoan igaro ostean, kale gorrian aurkitu zuen bere burua 94 urteko emakumeak. Gertakariaren aurrean sututa, hainbat herritar mobilizatzen hasi ziren, bost egunen buruan Del Castroren etxea hustea eraginez. Egun horietan bizitako herritarren erantzunak eta hedabide hegemonikoek gertakariei egindako jarraipenak ematen du zer pentsatua. Tarte gutxian herri berean Desokupa enpresa esku hartu nahirik dabilela jakitean areagotzen den zer pentsatua.
Amorrua norabide okerrean zuzentzearen albo kalteak
Okupazio kasuetan ez-ohiko diren ezaugarriak izan ditu Del Castroren etxebizitzaren bueltan jazotakoak: bai etxearen okupazioari zein eman zaion erantzunari dagokionez, ohiko okupazio kasu baten bestelako moldez garatu da dena.
Gertakarien harira publiko egindako oharrean Bilboko Okupazio Bulegoak azaldu duenez, mugimendua urte luzez hutsik dauden etxe eta espazioak okupatzearen aldekoa da, eta ahal dela jabe handien, banketxeen eta higiezinen agentzien jabetzak baliatzea lehenesten du. “Jabetzaren logikari, kolektibizazioarena kontrajartzen diogu”, zehaztu dute. “Hala ere, etika horrekin ez dute denek bat egiten, okupa izan edo ez. Egon daitezke elkarbizitza arauak errespetatzen ez dituzten auzokideak, eta amaitu dezakete kalteak eragiten bizi diren komunitate edo auzoan”, gehitu dute. Ildo horretan, Del Castroren kasuan erabilitako okupazio moldeak espekulatzaileen logika berari jarraitzen diola azpimarratu dute, “doilorkeria kapitalistatzat” joaz.
Gauzak horrela, argi utzi nahi izan dituzte pare bat kontu: hizpide dugun kasuak ez duela zerikusirik okupazio mugimenduarekin eta mota askotako “jende gaitzesgarria” dagoela, izan okupa, etxejabe zein maizter. “Hala bada, bizilagun batek komunitatean edo auzoan arazoak sortzen baditu, ez da okupa edo arrazializatua izateagatik, baizik eta sozialki eman zaion ‘jendaila’ rolari erantzuten diolako eta hargatik estigmatizatuak direlako, edo baten batek hargatik ordaintzen dielako. Hor begiratu behar da”.
Bulegoak seinalatutako norabidean behatuz gero, argi da Portugaleteko gertakarien nolakotasunean eta nondik norakoetan pisu nabarmena izan duela Del Castroren etxebizitza okupatu zutenak ijitoak izateak; herritar xehe den emakumeari etxea kentzeak sortu zezakeen gaitzespena indartu egin du “okupen” etniak. Ohituta gaudenaren kontrara, kasu honetan kontrako bandoak ez zituzten betikoek osatzen –kapitalista eta espakulatzaileak alde batetik, eta herritarrak bestetik–; honako honetan, herritar apalak aritu dira elkarren kontra, arrazakeria eta xenofobia zirela atze-oihal gisa. “Kasu honetan beste hainbatetan borroka kide ditugunak dira etsaiari irudi eta argudio boteretsuak eskaintzen dizkietenak. Txiroen arteko ohiko guda da, eta bien bitartean goseak jota gauzkaten horiek pozarren dauden”, azpimarratu du bulegoak.
Agintearen mesedetan jarduten duten hedabideek irudi eta argudio horiek baliatu dituzte okupazioa kriminalizatzeko. El Correo, desobedientzia zibila darabilen Tsunami Democrátic kataluniarrarekin paralelismoak eginez, mobilizatu diren norbanako multzoa “Tsunami herritarra” gisa izendatzera heldu da; ijitoei oldartu zaizkien herritarrak herri boterearekin lotura duen mugimendua bailiran aurkeztu ditu; herri botere bat, okupazioaren aurka dagoena. Atera kontuak. Okupazioaren aurkako diskurtso horrekin “pobreen kontraboterea kriminalizatzen ari dira, higiezinen agentzien, banketxeen eta Jabetza Pribatuaren izenean”, salatu du bulegoak. Eta horren kalteak –sorpresa!– behe klaseak pairatzen ditu, hasi Del Castrorengandik, bere etxean sartu direnenengandik pasa eta horiei oldartu zaien herritarrenganaino.
Agidanez, beraz, amorrua norabide okerrean bideratu dute herritarrek; gorantz ordez, alboetara. Eta horrek, bistan denez, albo kalteak eragin ditu. Gertakariek eta hedabideek iritzi publikoan izandako eraginak diskurtso eta jarrera arrazista, xenofobo eta klasistentzako haztegi aproposa den giroa sortu dute, baita okupazioaren kaltetan jabetza pribatuaren aldeko iritzia indartu ere. Giro bat ezin aproposagoa etxejabe batek Desokupa bezalako enpresa baten zerbitzuak kontratazea erabakitzeko. Bizitzaren prekarizazioaren eta horrek eskutik dakarren etxebizitza arazoaren izaera estrukturalari ez erreparatzearen ajeak.
“Gehiago zaindu beharko genituzke gure diskurtso eta ekintzen instrumentalizazioaren ondorioak pairatzen dituztenak”, egin du aurrera begirako ohartarazpena bulegoak.
Bilboko geltokian jaitsi da Anai Handia
2019-12-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Behinola harro jantzitako Europako hiririk onenaren urrezko dominak orain besteren paparretan distira egiten badu ere, puntako hiriburu iduria mantendu nahirik temati jarraitzen du Bilbaok –uler bedi a tartekatua intentzionalitate osoz jarritako hizki gisa-. Egiari zor, itxurak zaintzeko xedeari ez zetorkion lar ondo hiriak oraintsu arte izandako autobus geltokia, baina hori iraganeko traba izatera igaro da dagoeneko. Azaro amaieran estreinatutako Bilbao Intermodal geltoki berriak ordezkatu baitu Termibus zaharra.
Lurpekoa eta intermodala (hiriko garraio guztiak konektatzen dituena) izateak geltokiari arrisku plusak erantsi ahal dizkiola uste duenik bada, hasieratik lasaitu nahi izan du Bilboko Udalak. Hori, edo eztabaida eragin dezakeela aurreikusita, ezarritako segurtasun sistema iritzi publikoari ondo saltzeaz arduratu da. Azpiegitura “seguru” eta “moderno” batez mintzo dira webgunean; alabaina, nondik begiratzen den, azpiegiturak segurutik modernotik bezainbat duenik ezin esan. Aurpegi-ezagutzako kameren sistemak, geltokiaren berritasun eta segurtasunaren mukuru bailitzan aurkeztu dutenak, zer eta norengandik jagoten duen ez baitago oso argi.
ARGIAren 2.669. zenbakian, zerbitzu publikoetara sarbidea izateko aurpegi-ezagutza darabilen Frantziako Gobernuaren aplikazio berria hizpide, zera irakur zitekeen: “Zenbat anonimok du azken urte honetan jaka hori bat soinean? (…) Eta zerbitzu publikoaren desagerpenaren kontra etzi mobilizatuko diren zenbat anonimo ukanen ditu Gobernuak?”. Aplikazioaren xedea “plaza publikoaren erabateko kontrola” zela ematen zen ulertzera.
Bilbon ere antzerako helburuak tarteko direla ondorioztatzea tokiz kanpo dagoenik ez nuke esango. Burgesiaren interes eta neurrietara doitutako hiri eredu neoliberalean, non gehiengoak geroz eta muturrekoagoak diren bizi baldintzei egin behar dien aurre, ondoeza orokortu sentipena geroz eta nabarmenagoa da; ez litzateke harritzekoa gutxiengo pribilegiatuak haserretutako gehiengoa kontrolpean eduki nahi izatea. Alkate gisa, geltoki berria jazo diren kaleratzeengatik langileak protesta egin bitartean inauguratzeak ez du erosoa izan behar. Alkatearen ikuspuntutik, ziur pankarta atzeko horiek guztiak identifikatuta daudela jakitea lasaigarri izan daitekeela.