Hasiera »
Amaia Lekunberriren bloga - Engranaje artean
Amaia Lekunberri
Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Langileen eskubideak, sintoma arinekin(e)k Langileen eskubideak, sintoma arinekin bidalketan
- Zaintzak(e)k Zaintzak, garaiotan bidalketan
- Etxebizitza lubaki • ZUZEU(e)k Etxebizitza lubaki bidalketan
- LANAREN EKONOMIA: Amazon Ezkerraldean, Klasea eta aniztasuna eta Turistifikazioa | Bilbo Hiria irratia(e)k Tourist go home bidalketan
- Errealitatea autobusean paseo bat da - halabedi(e)k Errealitatea autobusean paseo bat da bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko uztaila
- 2021(e)ko martxoa
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko iraila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2013(e)ko urria
Ez da iraila gorroto duguna
2019-10-01 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
(Ilustrazioa: Nathalie Lees / The Guardian)
Gehiago edo gutxiago itotzen duten –baina itotzen duten– geure errutinetara berriz egokitzeko ahaleginetan buru-belarri, heldu gara iraila amaierara. Konturatzeke batzuk –hainbeste kexu eta gero nork esango zuen–, eta iraileko aldapa eternala izan denaren irudipenaz beste batzuk; pertsonak bezainbeste egokitzapen prozesu eta errealitate baitaude, errealitate batzuen baldintzetara egokitzea arnasestua eragiteraino itogarria izanik.
Dela desenpleguagatik, kontratu finko etenak epealdi baterako langabezian utzi izanagatik edo pribilegio bilakatzetik gertu dagoen opor eskubidea izateagatik, opor egunez gozatzeko aukera izan duen askok ondoezarekin ordaindu du udako hutsartea ikasketetara, lan-bulegoko ilarara edo lanera bueltatzerakoan. Opor osteko sindromea omen; gaitz kliniko gisa sailkatua ez badago ere, albo-kalte fisiko eta psikikoak eragiten dituena. Irailarenganako herra ezin zitekeen izan berezkoa hainbeste pertsonarengan.
Duela gutxi sailkatutako sindromea ei da, denboran atzera identifikatu gabea, eta horrek pentsarazten dio bati zerikusia izan dezakeela egungo errealitatearekin eta beronen bizi-baldintzekin, hots, neoliberalismoarekin. Gure bizimoduak bizigarri ez direla ohartaraztera datozen gaitz edo ondoeza guztiekin gertatu ohi den bezala, baina, identifikatu zen momentutik indibidualtzat jo zen sindromea. Hala zioen ARGIAren 2.656. zenbakian hiperaktibitateaz psikologo batek: “Neoliberalismoaren ezaugarri bat da. Berak sortzen dituen arazoak arazo indibidual bihurtu nahi ditu garuna hondatuta dugula esanez”. Kasu honetan pentsa daiteke garuna hondatua dugula esatea ez dela bideragarri ikusi, hala egiteak bizirauteko ezinbesteko duen lan indarraren galera onartezina suposatuko bailioke makinari.
Estresa eragiten duen egokitzapen arazoa besterik ez dela, errutinara egindakoan joan ohi dela, hala diote sindromeaz diharduten hamaika artikuluek. Baina jakin badakigu muturreko kapitalismoa zein punturaino ari den bizitza bizigaitz bilakatzen, nola den geroz eta zailagoa errutina horietara moldatzea. Panorama beltza argitzera dator Marina Garcés mesanotxean daukadan Ciutat Princesa liburuko lerro artetik: “Bizitza eta lanaren arteko tartea geroz eta handiagoa da. Arrakala irekita dago. Izan daiteke infinituki, eguzkitik eguzkira lan egin badugu ere, behin eta berriz egin beharreko bidea. Edo izan daiteke bizitza material eta iraupen duina bermatuko duten beste erantzun batzuk aurkitzeak eskatzen digun distantzia”. Hobe genuke, beraz, aparteko orduak lanean ordez erantzun horien bilaketan ematea: asanblada, espazio autogestionatu, kontsumo talde, herri baratze, langile sare, maizter sindikatu… Nondik hasi, bada aukeratzeko. Astelehenekin gertatu bezala, gorroto duguna ez baita asteko egun jakina, ezta kasu honetan urteko hilabete hori; gorroto duguna, nago, kapitalismoa da.
Lehen lerrotik
2019-07-22 // feminismoa, musika, Politika, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Lerrokatu diren planetak bailiran bat egin dute nire bizitzan, epe-tarte oso motzean, pare bat irakurketak: orain urte batzuk Itziar Abadek Pikararako Nagore Garcíari egindako elkarrizketak, eta Uxue Alberdik Lisipe bildumaren baitan argitaratu duen Kontrako eztarritik (Susa, 2019) saiakerak. Lehenak Garcíaren master amaierako lana du hizpide, punk mugimendua ikuspegi feministatik aztertzen duena, eta bigarrenak emakume bertsolarien testigantzak jasotzen ditu. Bi planeta zeharo ezberdin lehen begi-kolpean, baina funtsezko antzekotasuna dutenak: bai punka zein bertsolaritza, biak gorpuzten dira gizonen jabetza izaten jarraitzen duten espazio publikoetan, eta horrek ezinbestean bilakatzen gaitu emakumeok osagarri, dakarren indarkeria guztiarekin.
Bilatu gabe, beren bidea egin dute irakurritakoek nire baitan, eta bateri irakurritakoak besteak hizpide duen eremuan aplikatzen hasi naiz ohartzeke. Eta nork bere sorora ura botatzeko joera dugunez, amaitu dut gertukoagoa zaidan punk eszenara egokitzen Alberdik bertsolaritzan identifikatutako mekanismoak, emakumeen jarduna mugatzeko erabiltzen direnak. Bere buruari oso punk deritzon tipoak behinola bota zidan “guk punkok…” harekin oroitu naiz, ni taldetik at uzten ninduena; gau hartan bere taldearen kontzertua antolatu zutenetako bat izateak ez ninduen, bere begietara, “bat gehiago” egiten. Bertsolariak eskura jarritako erreminta sorta eskuan, ez dut dudarik egin: bazterkeria. Atzetik etorri dira hamaika zapalkuntza sotil gehiagoren identifikazioak.
Hausnarketa horietan katramilatuta harrapatu nau Ermuko Vertigo Rock jaialdian jazotako eraso matxistaren salaketak. Desorden taldeko emakumeek Aramaioko Eguzkierripa jaialdian pairatutakoaz oroitu naiz segidan. Hortxe subertsibotzat jo ohi diren eremu kulturaletan gertatzen diren hamaika indarkeria sotilek sostengatzen dituzten indarkeria bortitzagoen adibide solte bi, biak astebete laburrean jazoak. Lagin esanguratsua denbora epe zabalagoan emakumeek –izan musikari, bertsolari edota ikusle– oholtza bueltan pairatzen dituzten erasoen muntaz jabetzeko. Nola esan: eszenatokietan emakumeen presentzia faltak zerikusi gutxi du trebezia kontuekin.
Hiru hamarkada igaro badira ere, erabilgarri izaten jarraitzen du AEBetako kontrakulturan sortutako Riot Grrrl mugimendu feministaren aldarriak: Emakumeok* lehen lerrora! Zer esanik ez udaran, espazio publikoaz jabetzeko borrokan gudu-zelaiak biderkatzen zaizkigun honetan. Erasoak tokirik utzi nahi ez digutenen erreakzioa besterik ez dira, lekua egiten ari garenaren adierazgarri. Beraz gauetan, kaleetan eta jaietan bezalaxe, pauso bat bera ere az atzera plaza eta oholtza inguruetan ere. Eutsi lehen lerroari, ekin autodefentsa feministari.
Tourist go home
2019-06-24 // jendartea, turistifikazioa // Iruzkinik ez
Mobilizazioa Donostian (Argazkia: Bizilagunekin, Turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma)
Zementua landari nagusitzen zaion hirigunean, badirudi urtaroen igaroaz ohartarazten duten adierazleak ere, geroz eta gehiago, naturarekin baino gehiago porlanarekin dutela zerikusia. Hala gertatzen da behintzat udarekin. Metropolian, tomatea edo berenjena landatzeko garaiaren helduera ez da izanen, orokorrean, udaren iritsieraz jabetu arazten duena. Izan daiteke asfaltoa ere urtzen duen egun sargori horietako bat uda hemen dela nabarmentzera datorrena, baina nago turista-oldea bilakatu dela adierazgarri nagusi azken urteetan.
Ez gaitezen erratu ordea: turista olatuak zerbaiten ondorio badira ez dira urtaro beroenarena, baizik eta gure bizitokien turistifikazio prozesuena —gentrifikazio prozesuekin lotura izan ohi dutenak—. Prozesu horiek zenbat eta bortitzagoak izan, orduan eta zakarragoa bisitari olatuek eratzen duten itsasoa: lan prekarioen areagotzea, pisu turistikoen ugaritzea, alokairuaren prezio igoera, bertako komertzioen itxiera, klase altuagoen poltsikoetara egokitutako kontsumo eskaintza, behe klasearen kanporatzea, etab. Kapitala pilatzera bideratutako eta burgesiaren interesetara egokitutako hiru-eredu neoliberala, finean.
Eredu horren hedapenaren arduraduntzat jo ohi dira jendarteko zenbait sektore, eta tartean dira turistak, hipster eta abarrekin batera. Lisa Vollmerrek Estrategias contra la gentrificación (Gentrifikazioaren kontrako estrategiak) [Katakrak, 2019] lanean azaltzen duenez, baina, hiri eraldaketaren beraren ondorio besterik ez lirateke, eta horiek erruduntzat jotzeak benetan arduradunak direnak —inmobiliariak eta udalak kasu— bistaz galtzea dakar. Horrekin batera, barneratzen zailagoa izan daitekeen beste kontu bat ere azpimarratzen du Vollmerrek: egunerokotasunaren turistifikazioa ematen ari dela, eta horren eraginez geure hirian bertan, ondoko auzoetara goazenean, ohartzeke autoktono izateari utzi eta turista gisa jarduten dugula sarri.
Turismoaren problematikari dagokionez daukagun paperaz hausnartzea ez baita soilik atzerrira goazenean egin beharreko ariketa. Etxean geratzen garenean ere, egiten dugun hiriaren erabileran erreparatzea komeni. Auzo bateko bizi mailaren gainetik dauden prezioak dituzten komertzio berrietan kontsumitzea edo gentrifikazio prozesu betean den auzoan udalak antolatutako makro-ekitaldietan parte hartzea gehiengoa miseriara kondenatzen duen hiri-ereduaren eraikuntzan laguntzea baita, gauden tokian gaudela. Turista atzerritarrari ezer aurpegiratu aurretik, beraz, ez legoke soberan geure hirian turista ez garela ziurtatzea. Gentrifikazioaren ondorioz noizbait kanporatuak izatekotan, pareko pareteko Tourist go home esaldia ez dadin ironiko izan.
Zer kontsumitzen dugu?
2019-05-07 // Politika // Iruzkinik ez
Martxoaren 8ko mobilizazioetara deituz LAB sindikatuak Bilbon burututako ekintza (Argazkia: Ecuador Etxea)
Hautsak harrotu ditu —sarekoak bederen— El Corte Ingles saltokiak “amaren eguna” delakoari begira egindako publizitate kanpainak. Iragarkian emakume bat ageri da, ondoko esaldia alboan: %97 besteei emana, %3 berekoia, %0 kexatia, %100 ama. Heteropatriarkatuaren arabera amatasunaren figura gorena litzatekeenari gorazarre ozen eta argia, bere buruari lehentasunen zerrendan azken postua —kasurik onenean— eskaintzen dion emakume otzan, mendeko, gurari zein ametsik gabekoaren aldarri disimulurik gabea. Saltoki handien eremuko erraldoi espainiarrak, inoiz egin ez duen ezer baldin bada, bere eskuin muturreko izaera ezkutatzea baita. Adibideak ez zaizkigu falta.
Denboran atzera larregi egin beharrik barik, duela urte bete arte enpresako lehendakari izandako Dimas Gimeno Falangeko hautagai izana zen behin baino gehiagotan. Hori nahikoa argigarri ez balitz, enpresa aski seinalatua da langile eta sindikatuen kontrako jarrera izateagatik. Ahaztu barik zentsura erabiltzeko erreparorik ez duela, orain hamarkada bat pasatxo Soziedad Alkoholika musika taldearen diskoak erretiratu zituenean kasu. El Corte Inglesen izaera eskuindar atzerakoia erakustera datozen adibideen zerrendaren lagin bat besterik ez lirateke aipatutakoak, azken publizitate kanpaina bezalaxe.
Hain adibide argigarriak izanik, harritu nau azken publizitate kanpaina honek eragindako asaldurak. Publizitate mota hau indarkeria den heinetik salatzea zilegi ez ezik, beharrezkoa ere badela dudarik ez dut. Ados. Baina iruditu zait mezu askok eta askok dezente dutela sinesgaiztasunetik, saltokiak halakorik egitea pentsaezina bailitzan. Jokatuko nuke iragarkiaren mezuak ez duela ezjakintasuna jatorri, arestian aipatutako eskuin muturreko ideologia eta beronen iruditeria indartzeko asmo garbia baizik. Eta bidenabar publizitateak sortutako polemikaren bidez zabalkundea eta irabaziak lortuz gero, ezin hobeto.
Tamainako adierazpide matxista eta atzerakoiei ere atera ahal zaie onurarik ordea: sortutako arrabotsak aukera paregabea luzatzen du ditugun kontsumo ohituren inguruan hausnartzeko. Zilegi da gure printzipio politikoekin talka egiten duten printzipioak —eta ondorioz, jarrerak— dituzten saltokietan erostea? Faxismoaren mamuak joko demokratikoan parte hartu dutenen kopurua igo duen era berean, El Corte Inglesen izaera eskuin muturrekoa estalgabetzen duen iragarkiak ere balio dezala jendea kontsumo ohiturak aldatzera bultzatzeko. Aldaketari begira, gauza gutxirekin baitugu kontsumo ohiturekin baino eskumen gehiago. Beraz ez dezagun arerioa finantzatu. Ez behintzat beronen konplize bilakatu nahi ez baldin badugu.
Diskurtsoa, M8aren indargune
2019-03-05 // feminismoa, Politika // Iruzkinik ez
Argazkia: El Sobresalto
Beste greba feminista arrakastatsu baten ateetan garela usaindu daitekeen arren, neure buruari iazkoa adinako indar erakustaldia egingo ote dugun galdetzeari ezin lagata nabil. Listoia altu jartzearen albo-kalteak, besterik ez. Erratuta dabil arduraren mamarroa, indarra emakume* kopuruaren arabera zenbatzen. Isilarazteko, aurtengo greba deialdiari begira Mugimendu Feministak azpimarratu duena aurpegiratzen diot: jendetsua izateaz gain, diskurtso politikoaz hornituriko emakumez* osatua izateak bilakatzen duela, izatez, arrakastatsu greba. Ez dagoela balizko iraultza feministarik, emakume* horiek guztiek antikapitalista, antikolonialista eta heteroarauaren kontrako feminismoa aldarrikatzen ez badute. Nahiz eta bereizketa ideologikorik ez egiteak New York Times-en publikatzeko adinako argazki ederrak erraztu ahal dizkigun.
Alabaina, grebak biltzen duen jendetzak aipatu diskurtsoa barneratu dezan lortzea, tanto erabakigarria litzateke feminismoarentzat. Xede horretan, aldeko izan daitekeen faktore bat bada: feminismoa modako egotea, erakargarri izatea. Nahiz eta honakoa, aski jakina denez, aho biko ezpata den berez. Orain gutxi argi mintzatu zitzaidan honetaz Brigitte Vasallo: zioen modan egoteak aspektu identitario bilakatzen dituela borrokak, ez jarrera kontu. Geure burua feministatzat hartu dezakegula praktika patriarkal nabarmenak izanik, alegia. Ustez, zapalkuntza ororen aurkako diskurtsoa izateak berez ezabatu beharko luke halako arriskurik, baina modak –sistemak berak finean– denoi eragiten digula ez da gauza berria. Hala bada, zaintzak erdigunera ekartzera goazen honetan, geure jarreren zaintzari tokia egitea ez legoke soberan. Hartu-emanen horizontaltasuna neurtzeak eta afektuak, besteak beste, dezente dutelako iraultzailetik. Zaindu beharrekotik.
Zaintzaren ardura kolektiboa aldarrikatzen dugun honetan, mendeko eta zaurgarri garela onartu dugula ulertzen baita. Hala bada, ondokoak norberarekin konparazioan duen zaurgarritasunaz baliatzea botere-harreman patriarkalei bide ematea litzatekeela ondorioztatzeko adina badakigu, errotik atera beharreko jarrera dela dakigun era berean. Jendartea eraldatzeko xedeari jarraiki mundua gelditu, hankaz gora jarri eta berregituratu baitezakegu, baina eraikitzen ari garen jendartera jokamolde patriarkalak eramanez gero, lurzoru berrian zer ereiten bukatuko dugun argi baitago. Ekiditeko, armatu gaitezen autodefentsaz eta ahizpatasunez, diskurtsoz bezainbeste. Datorren martxoaren 8an bihotzetan daramagun mundu berri hori gauzatzetik pausu bat hurbilago egongo garela, dudarik ez baitut.
Errealitatea autobusean paseo bat da
2019-01-15 // arrazakeria, jendartea, Politika, xenofobia // Iruzkinik ez
(Argazkia: Stan Wayman)
Gasteizko autobus batean, astegun buruzurian eta egun argiz, eraso arrazista bat. Tolestu gabeko patinete baten aitzakian, autobus gidaria jatorri atzerritarreko emakume bati oldartu zitzaion. Txoferrak ez ezik, hainbat bidaiarik ere hitzez eraso egin zioten: “Hona zatozte eta dena kentzen diguzue” edo “emakumea zarelako, bestela egurtuko zintuzkedan” bezalako esaldietatik hasi, eta “militarra naiz, hogei urte daramatzat zu bezalako jendea akabatzen” gisakoetaraino. Azken esaldiak, emakumearen alaba ukitu bitartean esanak, emakumea negarrez aterarazi zuen autobusetik, ez heriotza mehatxurik jaso gabe.
Ez da denboran atzera gehiegi egin behar antzerako gertakari gehiagorekin topo egiteko: hilabete hasieran, Mostolesen (Gaztela), Ekuatore Gineako emakume bat eta semea autobusetik kanporatu zituzten “autobusa beteta zioalako”, poliziaren esku-hartze eta guzti. Bidai txartel berberak lehen eta bigarren mailako hiritarrak nola ezberdintzen dituen, atera kontuak. Urrian, Bartzelonatik (Katalunia) abiatzekoa zen Ryanair-en hegazkin batean emakume bat tokiz aldarazi zuen konpainiak, ondoko eserlekuan bidaiatzea zegokion gizonak uko egin baitzion haren alboan esertzeari, “beltza zelako”. Gizasemea sotora lekualdatzea ez ei zitzaion inori otu.
Dirudienez gaur, atzo bezala, autobusak errealitatearen mikrokosmosak izaten jarraitzen dute. 1955ean, arraza-segregazioak autobusetan zurientzako eta beltzentzako espazioak marra batez ezberdintzen zituen garaiko Alabaman (AEB), gizon zuri bati bere eserlekua lagatzeari uko egin zion Rosa Parks-ek. Ekintza hark giza-eskubideen aldeko borrokaren ikono bilakatu zuen. Alabaina, oraindik orain hainbatek mendeko deritzon arrazako jendearekin bidaiatzeko dituen erresistentziak ikusita, esan daiteke uste duguna baino gutxiago aurreratu dugula. Are gehiago: ez ote gabiltza atzerapausoak ematen.
Indartuz doan faxismoari eskutik helduta, migrazio politika gogorrak eta hauek sostengatzen dituen diskurtso xenofoboa ere gorantz ari dira. Mikel Garciak orain bi asteko analisian azpimarratu zuen eran, harresi mentalak sortzen ari gara, fisiko bilakatzen direnak. Han eta hemen, baditugu aipatu Alabamako autobusak erakusten zuen marraren tankerakoak: izan mugetako harresi mardulak edo eguneroko ogi diren jarrera diskriminatzaileak. Alabaina, dirudienaren kontrara, hain sendo ageri zaizkigun marrek, harresiek, badute bista-bistako ahulgunerik: “Horma bat horma bat besterik ez da, apurtu daiteke”, zioen Pantera Beltzetako Assata Shakur-ek. Konplizetik baino kamikazetik gehiago duten bidaiariak gehiengoa diren egunean, akaso, autobusak horma jo eta errealitatea irauliko du.
Europako hiririk onena
2018-11-15 // Gizartea, Politika // Iruzkinik ez
Unai Rementeria eta Juan Mari Aburto, MTV EMA ekimenerako atzera kontua egin duen erlojua inauguratzen (Argazkia: Bilboko Udala)
Akabo, pasa zaigu gainetik MTVa eta eraman ditu aurretik Bizkaiko hiriburuak makro-ekitaldira begira luzitutako apaingarri guztiak. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak argi joko eta konfeti artean inauguratu zuten San Nikolas metro sarrerako erloju erraldoia nola -zeinak MTV EMA heldu arteko atzera kontua egin duen-, itzali egin dira multinazional estatubatuarraren bisitaldia argiztatzeko foku itsugarriak. Azkenaldian pairatutako argi poluzioa nabarmenki jaitsi den honetan, hiriaren izatezko itxura agerian geratu da ostera.
Hiritarrek beraien soa argitasun aldaketara egokitu arteko tartea aprobetxatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lehen balorazioak egiteko. Ez bat ez bi, MTV EMA ekitaldi nagusiaren ataritan egindako MTV Music Week-aren baitako kontzertuetan izandako publiko eskasia eguraldi txarrari egotzi diote –nahiz eta Durangoko kasuan leku itxian izan-, eta Bizkaiko Foru Aldundiak MTVren etorrera “oso arrakastatsutzat” jo du. Bilboko alkateak, bere aldetik, hainbestetan ahotan hartutako inpaktuaz mintzatu da: Aburtoren arabera, MTVak Bilbon ez ezik Bizkaia osoan inpaktu handia izan du, epe luzean ere eragina izango duena. Inpaktua zein terminotan neurtu, emaitzak oso ezberdinak izan daitezke ordea, eta “handiak” positibotik bezainbeste izan dezake negatibotik. Zehaztasun gehiago ondo legoke, alkate jauna.
Instituzioen jarrera positiboak, baina, kontraste ederra egiten du azkenaldian makro-ekimenen gerizpean egondako hiriarekin. Hiri bat non fokupean emakumeak* erasotuak izaten jarraitu duten (MTVak iraun bitartean hiru gizonek emakume* bat bortxatu zuten segurtasunaren izenean poliziaz jositako Bilboko kaleetan, agenteak arduratuegi baitzebiltzan hiri ereduaren kontra altxatzen ziren ahotsak erreprimitzen); hiri bat zeinak migranteak kriminalizatu eta nahieran arakatzen dituen Udaltzaingo bat daukan; hiri bat, zeinetan Cabacasen hilketaren epaiketak erakutsi digun moduan, poliziak inpunitate osoz esku-hartu eta hil dezakeen; hiri bat gune autogestionatuak eraisten dituena, eta huste aginduak indarrean dituena; hiri bat, turistifikazio eta gentrifikazio prozesuen bitartez, klase apaleneko hiritarrak prekarietatera kondenatu eta kanporatzen dituena; hiri bat, edozer eta edozeinen gainetik gutxi batzuen interesen defentsan jarduten duena; hiri bat, azken finean, eredu neoliberalak itsu-itsurik daukana, eta hargatik injustizia, desberdintasun eta miserien zerrenda hau etengabe puzten duena. Eskerrak, bederen, flamenkoa eta urdaiazpikoagatik nabarmentzen den.
Bilbao Trick or Treat
2018-09-24 // Politika // Iruzkinik ez
MTV Music Week Bizkaia ekimenaren aurkezpena (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)
BBK Live, Red Bull Cliff Diving, Europako Errugbi finalak, UEFAren 2020ko Eurokopa, The World´s 50 best Restaurants, Bilbao Bizkaia Pride edo MTV European Music Awards bezalako ekimenek betetzen dituzte, sasoi batetik hona, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kultur agenda eta aurrekontua. Instituziook makro ekimenen sukarrak jota dabiltza, sintomak ez dute dudarako tarterik uzten: agintarien ahoak ingelesezko terminologiaz eta Bizkaiko hiriburua turistaz bete dira, eta alde guztietan ikusten duten “inpaktu ekonomikoa” eldarnioaren ondorio izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak ere hortxe diraute.
Susmoak areagotu egin dira azken egunotan, maiatzean Bilbon burututako Europako Errugbi finalak izandako inpaktua ez baita heldu esperotako emaitzak betetzera, ez ekonomikoki ez bisitari kopuruari dagokionez. Zenbait ordezkari politikok “itxaropen irrealak” sortzea eta “gardentasunik barik” jardutea egotzi dizkiete, besteak beste, makro ekimenen zale sutsuei. Badirudi bultzatzen dabiltzan hiri ereduaren gaineko mesfidantza herri mugimenduen eremutik harago hedatu dela.
Gauzak horrela, giroa nahasita harrapatu ditu Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren agendako izarretakoa den ospakizunak, MTV European Music Awards delakoak. Musikariak saritzean datzan ekimena azaroaren 4an egingo dute Barakaldoko BECen, eta honek Bizkaiari ekarriko dizkion onurak asetu arte goraipatu badituzte ere –inpaktu ekonomikoa everywhere– , ez dute gogo berberarekin azpimarratu 3 milioi euro balio dituen ekimena pribatua dela. Xehetasun horrek sor ditzakeen eztabaiden aurrean nola esku hartu jakin dute ordea, hobekien ematen zaien eran gainera: beste ekimen bat of course, MTV Music Week Bizkaia. Ekimen honen baitan, BECeko ekitaldiaren aurreko astean doako kontzertuak egingo dituzte Barakaldo, Durango, Getxo eta Bilbon.
Ekimenok diru publikoaz ordaintzen direnez gero hauen “doakotasuna” eztabaidagarria dela alde batera utzita, ezin ezikusia egin azken eskaintzaren izaera zuritzaileari. Saiakera ederra, baina batek bi begitarte dituenean aurpegi garbiketa nekeza izaten da. Jakina baita kulturaren izenean diru publikoa makro ekimenetan xahutzen ari diren horiek direla auzoko jaietarako dirurik ez dagoela esan eta gune autogestionatuak husten dituztenak, herri honen emari kulturalaren birikak biak ala biak. Bakoitzak aterako ditu kontuak: Music Week bat, kultura eskaintza propiorik gabeko city baten truke. Trick or treat.
Generodun etxetresna elektrikoak: etxeko lanez arduratu, gizontasuna kaltetu gabe
2018-09-04 // feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ez da denbora asko Dyson markako xurgagailuei publizitatea egiten zien irudi surrealista harekin topo egin nuela, zeinetan 007 agentearen itxurako gizon baten soina ageri zen, trajez jantzita eta arma eskuan. Aipatu iragarkian, baina, esmokindunak esku artean eusten zuen arma ez zen Walther PPK pistola bat, Dyson V8 xurgagailu bat baizik. Hortxe Britainiako teknologia konpainiaren gantxoa: etxeko garbitasunera bideratutako aparatuari akziozko pelikula batean protagonistak eraman dezakeen armaren itxura ematea, aintzatespenik izaten ez duen, ordaintzen ez den eta lehen begi kolpean aspergarritzat jotzen den – eta ondorioz feminizatua izan den – lanari abentura ukitua emanez, gizonezkoak ere beraien produktuen kontsumitzaile bilakatzea xede. Etxeko lau pareten arteko mundutxoa gaizkitik salbatu dezakeen super gizonaren rolean ez bada, gizonezkoak eremu pribatuko ardurak hartzeko gai ez balira bezala.
Ez da Dyson, ordea, etxeko lanen kontziliazioa bultzatzen duenaren itxurak eginez bere buruari enpresa berdinzalearen domina jantzi dion bakarra. Denboran atzera gehiegi bota beharrik barik, iragan irailaren 2an, Espainiako hainbat egunkaritako azalak erosi zituen Samsung enpresa multinazionalen konglomeratu hegokorearrak. #YaNoHayExcusas (Jada Ez Dago Aitzakiarik, euskarara ekarrita) traolarekin martxan jarritako iniziatibaren baitan, merkaturatutako azken garbigailuen propaganda informazioa bailitzan zabaldu dute El Mundo, El País, La Razón, ABC, La Vanguardia edo El Periódico bezalako egunkarietan. “Samsung garbigailuak, etxeko berdintasunaren aldeko apustua” irakur zitekeen titularretan.
Garbigailua jartzeko eginkizuna bere gain hamarretik hiru gizonezkok besterik hartzen ez dutela dioen datutik tiraka, aipatu iniziatiba abiatu eta etxeko lanen banaketa berdinzalearekin konprometituta dagoenaren itxura eskaini dio jendarteari Samsung etxeak. Honako honetan, baina, estrategia ez da izan arropak garbitzeko aparailuari lehergailu kaxa edo tanke baten itxura ematea. Konglomeratuak sinpletasunean ikusi du giltza: erabilerrazagoak diren garbigailuak kaleratu ditu, gizonezkoak ere aparatua programatzeko gai izan daitezen, arrazoitu dutenez. Goi-karguen gehiengoa betetzen duen populazioaren erdiak arropa garbitzeko eginkizuna bere gain ez hartzeko arrazoia garbigailuen funtzionamendua ikasteko gaitasun gabezian balego legez.
Garbigailu erabilerrazak gizonezkoentzako preseski fabrikatuak izan direla nekez irentsi dezake batek, eta nago erabilerraztasun ezaugarriari etekina ateratzeko aitzakia besterik ez dela kontziliazioaren matraka guzti hau. Egun feminismoak jendartean daukan eragina tarteko, potentzialtasuna duten borroka guztiekin gertatu ohi den legez, geroz eta gehiago baitira borroka diskurtsoz hustu eta honen bizkar etekina ateratzeko saiakeran dihardutenak. Hainbeste, dagoeneko gizonezkook ere badituzuela Inditex-ek Indiako emakumeen esku-lan esklabuarekin ekoiztutako aldarri feministadun kamiseten baliokideak.
Okela
2015-03-26 // feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
[Okela iz. ‘jateko haragia, abere-hegaztiena’]. Horixe euskaltzaindiaren arabera ‘okela’-ri dagokion esanahia. Elhuyarren hiztegira salto egin eta ‘haragi’ hitzaren esanahia bilatzerakoan ostera [Haragi iz. Okela] erantzunarekin batera, hitz honen erabileraren adibide gisa animalia ez-gizakiari egiten zaizkion zenbait erreferentziaren artean ondorengoa biak aurkitu daitezke: ‘hezur-haragizko gizakia naiz’, gaztelerara itzulita ‘soy un hombre de carne y hueso’ bilakatu dutena bata eta ‘Teresaren haragi gaztea’ bestea. Daflipat. Ia txikitu zaizkit ene betaurreko moreen kristalak mila zatitan tamainako aberrazioarekin.
Gizona, hezur-haragizkoa bera, pertsona osoa bezala aurkezten zaigu. Ezin gauza bera esan Teresaren inguruan ostera, hau hezur-haragizkoa baino, haragi pusketa bat bailitzan azaltzen baitzaigu: Teresa alde batetik, oraindik gaztetasunaren ohiko xalokeria mantentzen duen neskatoa, eta inon gozamenerako (hezur-haragizko gizon horrentzako kasu) balio dezakeen beronen haragi gaztea bestetik. Adibideok papereratu dituen norbanakoa, eredu egokiak ematetik baino, Vladimir Nabokov-en ‘Lolita’ lanaren antzeko eleberri bat idaztetik gertuago ibili da. Baina ez gaitezen katramilatu Nabokov-en lanetan, geldi hor, jarraian plazaratu nahi dudan gaia behar bezala lantzeko ezinbestekoa baitzait seguraski inor gutxiri atentzioa deitu dion esanahiotako beste aspektu batetan ere erreparatzea: animali ez-gizakiaren presentzia, eta presentzia honen nolakotasuna.
Gizakiak ez diren izaki bizidunen esplotazioa hain normalizatua dagoen jendartean, zeinak haurren heziketa eredu konbentzionaletik hasita animaliak gizakion mesedetara dauden izaki-produktu bezala aurkezten dituen, ez da harritzekoa oso jende gutxiri begitantzea animalia ez-gizakienganako dugun hartu-emana zilegi ez den botere harremanean oinarritzen dela. Euskaltzaidiak ‘Okela’ hitzari emandako esanahia dugu normalizazio horren eredu argia. ‘Jateko haragia’ dio, deskuiduan hitzok joera kanibalistarik iradoki ez dezaten ‘abere-hegaztiena’ behar duela izan azpimarratuaz badaezpada ere. Argi geratu bedi beraz, ondoko bizilagunaren okela jatea, aipatu hezur-haragizko gizonarena alegia, erdeinagarria dela. Ondo jakin ‘abere-hegazti’ horien okelaz elikatzea munduko gauzarik normal eta naturalena ezezik, beharrezkoa ere badela. Eta zalantzarik ez izan hezur-haragizko gizaseme horrek, ozenki esatea zatarkeria izan daitekeen arren, Teresaren okela jateko agian ez, baina beste zentzu zabal batetan zeure gozamenerako ‘happy meal’-a dela. I’m lovin’ it!
Sandra Bartky filosofo feministak behin adierazi zuen bezala ‘feministok ez ditugu gainontzekoek ikusten ez dituzten gauzak ikusten, gauza berberak beste ere batera ikusten ditugu’, eta okelaren industria ez dago, inolaz ere, kritika feministatik salbu. Indarrean den sistema kapitalista, patriarkal eta arrazistan gizonak emakumearen gainean daukan indarraren eraginez generoaren araberako dominazioa bat ematen den era beran, dominazio hori animaliak (batez ere kontsumitzen ditugunak) ikusteko dugun erarekin hertsiki loturik dago. Izan ere, Carol J. Adams-ek The Sexual Politics of Meat liburuan azaltzen duen bezala emakumeenganako zein animalienganako zapalkuntzak eragiten duen biolentziak hiru puntu komun izan ohi ditu: (g)izaki bat gauza bilakatzea berau harnasa hartu eta sufritzeko gai den bizidun ordez objektutzat har dadin; (g)izakia zatikatzea edo desmuntatzea, izaki horren osotasuna guztiz hondatzeraino; eta (g)izaki honen kontsumoa, dela jaki gisa edo indarkeria/bortxaketa bidez. Bueltatu gaitezen orduan ‘Teresaren haragi gaztea’ esaldira, eta aztertu dezagun momentu batez. Nor da Teresa, bere haragi gaztetik haratago? Antza denez, eta esaldiak aditzera ematen duenaren arabera, inor ez. Ez behintzat hezur-haragizko gizon horren pareko inor. Gizona osoa da, Teresa ez. Teresa haragia da, zatikatua, hondatua, kontsumagarria. Teresa jaki hau besterik ez da:
Eta produktu/haragi multzo batek produktu horren kontsumitzailea behar duenez gero, eta alderantziz, genero eraikuntzak dominazio zirkulu hori betierekotuko duen beste mekanismo bat darabil The Sexual Politics of Meat -en irakurri dezakegunaren arabera: maskulinitatea. Izan ere, hein handi batetan, maskulinitatea okelaren kontsumoarekin eta beste gorpu batzuen gaineko kontrolarekin lotzen da gure kulturan. Urrutira joan barik, gurean okela jateari uko egin diolako txarri bodetara edo bildots-janetara joaten ez den gizonezkoari burla egiten zaio, sarri ‘maritxu’ bezalako termino sexistak tarteko. Nesken kasuan ostera, ez da izaten izekarako hainbeste tarterik, ‘gure itxura zaintzeaz’ hain arduraturik egon beharrak dena justifika dezake eta… emakumeok pentsatzeko, gauzak zalantzan jartzeko eta printzipioengatik okela jateari uztea erabakitzeko gai ez bagina bezala. Saiheskirik nahi ezean, tori sexismo platerkada. Asetu arte.
Dena ez da hor bukatzen ordea, Carol J. Adams-ek The pornography of Meat liburuan agertzen duen legez, iragarki eta industria pornografikoak bai emakumeen zein animalien irudia etengabe degradatzen baitute, hauek dibertimendurako objektu huts gisa irudikatuz. Horren adibide garbiak ditugu animaliak sexualizatzen/feminizatzen dituzten iragarkiak, eta emakumeak animalizatzen dituztenak:
Adibide bakan hauek joera normalizatu baten lagin xume bat besterik ez direla kontutan hartuta, eta patriarkatuak emakumeen kontra darabiltzan indar mekanismoetariko asko animalien kontra egiteko erabiltzen dituen berdinak direla jakinda, izan ahal daiteke feminismoa espezista? Eta antiespezismoa matxista? Kontraesana nabaria bada ere, adibideak ez zaizkigu falta. PETA erakundearen kanpaina askotan ikuspegi feminista baten falta agerikoa bezain salagarria den era berean, badira emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako kanpainak egiteko orduan animalien kontrako indarkeria gutxiesten dutenak ere. Emakumearentzat ez ezik beste arraza batentzat ere umiliagarria den iragarki hau zabaltzean, ez al gara asaldatzen? Eta zergatik ez zaigu, orokorrean, berdina gertatzen animalien osotasuna iraintzen dutenekin? Animalien eskubideen aldeko sentsibilizazio lanketa baten faltan, nekez lortuko dugu hainbeste desira dugun horizontaltasunean eta berdintasunean oinarritutako jendartea. Hausnarketan sakondu nahi duenarentzat, Nina Simone musikariaren hitzokin uzten zaituztet: ‘Maitasuna zerbitzatzeari uzten diotenean, mahaitik altxatzen ikasi behar duzu’.