Printzipioz azkena

Andoni Lubaki
4
Newsweek-en 2013ko lehenengo alea, urtarrilaren 2an argitaratua. Inprimatuko zuten azken alea izango zela adierazi bazuten ere gerora berriro ekin zioten, baina ildo editoriala erabat aldatu zuten eta jabe berriek ekin zioten. Kazetaritza amerikarraren erreferenteak bere garrantzia galdu zuen. Iristen ari ziren sasoi-ilunen seinalea balitz bezala. Egilea: Andoni Lubaki / Ronak Press (CC-By-ND-NC)

Aspaldian ez ditut albisteak paperean irakurtzen. Kafetxo bat hartzean begiratzen ditut egunkariak. Orain dela urte batzuk aldiz ama garrasika nuen etxean horrenbeste aldizkarirekin zer egin ez zekiela esanaz. Konturatu gabe ahaztu dut papera eta ordenagailuko pantailak ematen dizkit gertakarien nondik norakoak. Baina gaur, urte hasierak bidaiatzen harrapatu nau. Hasiera horrekin ere blog honetan estreinakoz idatzi nahi nuen eta burutazio horietan nenbilen Bilboko aeroportuan zehar Turkiako Gaziantep-era ekarriko ninduen hegazkinera bila. Denda batera sartu eta aldizkari bat erosteko prest nengoen aspaldian ez bezala.

Tristetu egin nau ordea ikusi dudanak. Newsweek, aldizkari estatubatuar aski ezagunak, bere azkeneko aldizkaria atera du paperezko formatuan. Egia esan, nire bizitza osoan ez dut sekula erosi aldizkari hau, baina gaurkoak goibeldu eta beldurra ere eman dit. Nik, argazki kazetari naizen heinean, paperezko formaturako saltzen ditut argazki gehienak, aldiz, formatu hori desagertzen ari denaren seinaleak aspaldidanik datozkigu. Argazki kazetaritzaren krisia (batzuk heriotza ere iragarri diote) pairatzen dugunok beldurra genion egun honi,interneten lan bat zeure mantentzea kosta egiten baita.

Killis-eko hotel xume honetan, azken ale horri begira nagoela, bihar nora eta zertara noan ari naiz pentsatzen. Nora? Aleppora. Zertara? Argazkiak egin eta saltzera. Nori?…

 

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA