Andoni Lubaki
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Gorka Salmerón Murgiondo(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Andoni Lubaki(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Goiuri aldekoa-otalora(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- » ‘Ez dugu aukeratzen zer erretratatu, baina hausnartu beharko genuke nola erretratatzen dugun’ Mila hitz(e)k Argazkien zilegitasunaz bidalketan
- Gari(e)k Inoren ero ni bidalketan
Maldan gora doan amildegia
Atalak: Argazkigintza, Etika
Gorroto ditut “Cine de Barrio” eta horrelako telebista programak. Larritasuneraino kaspa usaina darie. Eszenategi koloretsu horiekin zuri beltzezko mundu bati kolorea eman nahi diotela dirudi. Heuren artean omenaldiak eginez pasa dituzte hainbat programa, sekta malenkoniatsu bat balitz bezala.
… eta etorri zaizu zuri ere” esan didate telefonoz, astelehen goibel honetan. “Zorionak txo! Punta puntakoa haiz orain” batek emailez. Sekula ikusi ez ditudan “lagunak” nonahi, Donetteak dituen kaxa ireki banu bezala.
Ez dut esango ilusiorik egin ez didala Chris Hondros sariak, baina atzoko deiadarraren ondoren, erreflexio puntua ere iritsi zait. Horretarako artikulu hau. Agian pantailan jarri eta barrunbeak denen aurrean ustea egon litekeen terapiarik onena izan litekeelako. Edo agian ez eta berriro Hil beharko naiz gaur bihar berriro jaiotzeko. Beste behin ere.
Chris Hondros, estatubatuarra zen. Getty Images agentziarentzako lan egiten zuen. Kamara eskuetan hartu nuenetik dut gogoko. Misrata hirian hil zuten Libiako gatazkan. Bertara joan nintzenean, Sirteko azken gadafisten erresistentzia puntuan argazkiak ateratzeko asmoz, Misrata hirian egiten nuen lo. Chris hil zuteneko Tripoli hiribidera joan nintzen. Non hil zuten eta nola nere begiekin ikusteko. Gaur egun, bere izena darama gerra fotokazetaritza saririk ospetsuenetako batek. Niri suertatu zaidana hain zuzen ere. Zama astuna.
Sariak masoneriaren kontuak zirela zioen Joseba Sarrionandiak “Bost Idazle” liburuan. Ez dakit nire lanak hori izan duen atzean. Ez nuke nahi. Baina beste aurkeztutako lanen ondoan nirea jarrita ez zait iruditzen hainbesterainoko diferentziarik egon denik askok esan didaten bezala.
Argazkiak berriro ikusten ari naiz, eta ia urte bete pasa bada ere gogoan ditut non eta nola atera nituen. Bertan agertzen diren pertsonengan gogoeta egin dut, eta gehienak hilda daude. Berun zati bat jarri zait urdailean. Betiko galderak datozkit burura. Nik nire lana egin behar dut eta kitto. Neuk aukeratu nuen eta gustoko dudalako. Baina zergatik gustoko? Zeintzuk dira barne barnetik hau egitera bultzatzen nauten motiboak? Besteen minaz sari hau irabaztea moralki zilegi ote da? Zerbait aldatu al dut pertsona baten barruan bada ere? Berunezko galderak bueltaka sagarroien artean.
Jamil, Abu Ahmed, Mareaa-ko gizon hura, bahitutako lagunak, Ahmed, Mohammed, Jatra, eta abar. Izen guzti horiek, aurpegiekin berriro burura. Odol usain metalikoa berriro barrura. Bitartean jendearen galderak eta zorionak. Argazkilarion arteko besarkadak, “Cine de Barrio” berriro gogora. Maldan gora doan amildegia ez ote dudan aurkitu ari naiz pentsatzen. Baina maldan gora jarraitu beharko, maite ditudanagatik. Gaurko nire tristezia irri honen atzean dut margotua. Maite ditudan horiei eskaini nahi diedan irria, tristezia, beruna bezala, nire barnean eta niretzako bakarrik gordetzen baitut.
Amen lagun guztiengatik.