“Dena basamortu bihurtu eta bakea deitu zioten”, Tacito
Lanak bukatzean, internet konexioa bilatu ondoren eta artikulua, edo bideoa, edo soinua, edo argazkiak bidali ostean, isiltasuna etorri ohi da. Kanpoan zarata egon liteke eta egon ohi da. Baina isiltasun burbuila bat etorri ohi zait niri. Zin dagizuet mortero leherketa eta tiro abarrots artean ere isiltasun hori etorri zaidala. Behin baino gehiagotan, isiltasun horrek dakarren tarte erreflexiboan itotzen naiz eta nire egunerokoan idatzi izan dut “gaur tiro hotsak daude, baina nire barrua isilik dago”.
Isiltasun horrek gerrateetan lan egiten dugun asko irensten gaitu. Baita soldaduak, fronteko medikuak, eta abar. Ikusitakoa liseritu ezin eta ondokoarekin (daukazuna daukazula) hitz egiten saiatzen zara. Ba horrelakoetan, irakurle maitea, sekula jaso ditudan lezio handienak jaso ditut. Goran duzun argazkia egin eta ordu gutxietara, nire adiskide den Laurent Iban Perpignarekin autoan bueltan nentorren Kfar Khilatik, 2025eko martxoan. Isiltasun gordin horretan zenbat balioko ote lukeen “etsaiarekin” (gorroto dut hitz hau kazetari bezala erabiltzea) hitz egitea, berau ulertzen saiatzeko, bizitza non eta zergatik okertu zaion jakiteko, zergatik egiten dituen ankerkeriak eta zergatik ugari batzuk jakiteko. Gatazkari aurpegia jartzeko asmoz edo hasiera batean behintzat sinesten genuen objektibotasunaz aritzeko, profesional onak izatearen ustean.
Argazkian, Israelen armadako janari poltsa militar bat ageri da Kfar Khilako suntsitutako kaleetan. Hebreeraz idatzia, janari kosher-a dela adierazten du (ez ditzagun hilketak suposatzen duen baino bekatu gehiago egin jainkoaren begietara). Argazkia atera nuen besterik gabe, nire bota zaharkitu eta lehorrak ageri dira. Souvenir argazkia deitzen diot nik, sekula argitaratuko ez dena baina zuretzat, zure egunerokoan gordeko duzuna. Zenbat horrelako ditudan argitaratu dizkidaten argazkiak baino istorio gehiago kontatzen dutenak! Hara non, argazki honek nire barruan zerbait zafratu zuen eta etsaiari (oraindik ere gorroto dut hitz hau) aurpegia jartzea ez zela beharrezkoa ikusi nuen, eta uste dut Laurenek ere bai. Esango dizuet nire adiskideak eta nik izandako elkarrizketa argazki hau atera ostean, nire egunerokoan, martxoaren 13an, idatzi nuen bezala.
Gaur isiltasunez inguratuta nago, askotan bezala, eta gaztelaniaz ari naiz idazten –azken elkarrizketa duela gutxi izan da Laurentekin, gaztelaniaz, Ramadanean haragi gordina jaten ari ginela, ondo egindako lanagatik zoriontsu diren bi haur bezala. Isiltasun honetan entzuten dut egin dudan argazki baten ondorengo elkarrizketa, beharbada inoiz argitaratuko ez dudan argazkia. Niretzat gordeko dut.
Janari poltsa militarrari argazkia atera bezain laster esan nuen:
– Denek bezala jaten dute, baina gutxik uzten dute dena kakaztuta horrela, eta Kfar Khila ikusi dut hondakin erreen itsasoa balitz bezala.
– Bai horixe! -esan du Laurenek.
Argazki pare bat gehiago atera ditugu eta isilik etorri gara itzulerako bidaiaren zati handi bat, Laurenten Spotify zerrenda ausaz utzita. Pertsona ona da, baina ni bezala, honen aurrean barrurantz isilik geratzen da.