“Majzena” zer den erakutsi zidatenekoa

Andoni Lubaki
0
Andoni Lubaki / Ronak Press

Assouik Riduan gogoratu dut Ceutako irudiak ikustean. 2016. urtean ezagutu nuen Alhuzemasen. Margolari anarkista berau, berebere peto-petoa. Berari entzun nion lehenbizikoz “majzen” hitza.

Ikusten ez den boterea da majzena. Beti presente dagoena, baina sekula ikusiko ez duzuna. Herritarren aurka egiten du, baina herritarrek gorazarre egiten diote. Majzen-ak ez du lekurik. Ez da toki bat. Askok Mohamed VI.aren jauregirantz keinu egiten dute hitz hori entzutean. Ezin duzu kalean esan publikoki, eskolan ere debekatua dago. Baina Marokon denek dakite zer den. Erregearen inguruan dabiltzanak soilik ez, boteretsuak txiroaren aurka erabiltzen duen bortizkeria mutua da. Behartsu asko behar dira majzenak ondo funtzionatu dezan, horregatik Rabat-ek soilik ez, metropoliek (Maroko eta Rif ez baitira sekula deskolonizatu) ere bultzatzen dute majzen boterea. Arkume beldurtiak bezala mugiarazten gaitu alde batetik bestera majzenak”

Alhuzemas, Rif, 2016ko abenduaren 22a.

Garai hartan, nire egunkarian apuntatu nuen garaian, Assouik Picassoren Gernika margotzen ari zen hiriko lokal batean. Mohsen Fikri taxista Rabateko polizia arabiarrak erail ondorengo protesten testuinguruan kalean zintzilikatzea ondo egongo litzatekeela uste zuen.

“Erriftarrak bezala, marokoar arabiarrak ere biktimak dira. Txirotasuna arma bezala erabili ohi dute. Otzanak gara gosea dugulako, esperantza edonon ikusten dugu bizilagun aberatsa dugulako. Espainiaz ari naiz. Txiro askok ez dute telebista besterik ikusten eta bertan ematen duten errealitate goxatua sinestarazten dute. Ergel eta behartsu nahi gaitu majzenak, baina biktima bikoitzak gara: behartsuak eta ergelak. Horrela nahi gaituztelako. Matxinada bat behar dugu eta ez dugu inora ospa egin beharrik izango”

Ceutako etorkinak ikusi eta ezin burutik Assouik-en hitzak ahaztu. Bi aldiz biktima. Bera ere gaur egun errefuxiatu bezala bizi da, majzenak atxilotu egin nahi zuelako. Txiroa bai, baina ergela izateari gerra izendatu zion aspaldi. Ihes egin zuen Euskal Herrira. Agian kalean ikusiko zenuten zuetako batzuk. Beti margotzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA