Kurdistanetik zetorren emakume batek Esloveniako Sentilj-en zera esan zigun kazetarioi: “Zure herriaren egoera hobetuko dela uste baduzu, senarra joan eta haren senideak bertan geratzen dira. Errefuxiatu ekonomikoak direla esango genuke. Aldiz, zure aberriaren etorkizunaz esperantzarik ez baduzu, zure aberria beste nonbait eraikitzen hasiko zara, erabateko errefuxiatu bihurtuko zara eta itzulerak ez du zure pentsamenduetan zirrikiturik txikiena ere hartuko. Bien arteko desberdintasuna da, nabarmenena, errefuxiatu ekonomikoa umerik gabe bidaiatzen dela, eta esperantza erabat galdu duzunean umeekin egiten duzu ihes”.
Ez nuen tamalez emakume haren izenik apuntatu. Siriako Kurdistanetik, Rojavatik iheska zetorrela Europarantz, besterik ez. Estatu Islamikoaren lurraldean harrapaturik geratu zen. Ihesean, Irakera pasa eta handik Turkiara. Bi haurtxo besotan, eta beste bi, koskortuta, oinez. Senarrik ez. Bidean, Estatu Islamikoaren kontrol batean harrapatu omen zuten, eta 2014ko urtarrilaz geroztik ez zekien ezer berari buruz. Zalantza egin nuen momentu hartan senarra berriro ikusteko aukera izango ote zuen. Horrela idatzi nuen nire egunerokoan: “Senarra ostu zioten eta ordutik esperantzarik gabe kulunka dabil estatu batetik bestera, bere etorkizunaren jabe ere ez den emakume hau”.
Esloveniako eta Austriako mugan egin nion argazki hau, bizkarrez eta ezkutuan, polizia militarrek ez ikusteko. Bere haurtxoa ageri da zerura begira, biktimak biktimizatzen dituzten polizia militarren helikopteroari begira zegoela.
Ez dut uste senarraren berririk izango zuenik, esperantza galduta atera ziren umeekin, eta bidean berriro etorkizun hobe baten esperantza berreskuratzeko aukera lapurtu zieten.
