Inor ez da ilegala!

Andoni Lubaki
0
Andoni Lubaki / Ronak Press
Azpititulua jarri behar banioke idatzi honi “europarra ez bazara behintzat” izango litzateke.
Aurrean dagoen ilara hutsa “legalentzako” zen. Beteta dagoena “ilegalentzako”. Horrela jartzen zuen Kroazian sortutako, eta kontzentrazio esparru bezala funtzionatzen zuen, emigranteak sailkatzeko guneko atean. Bai, ondo irakurri duzu irakurle maitea, sailkatzeko. Slavonski Brod deituriko gune honetan pertsonak sailkatzen zituzten (irakurri lehenago idatzitako “Naziak dira lainopean” posta). Noski, poliziak ez zigun utzi argazkirik ateratzen Gervasio Sanchez eta bioi. Ilegalki sartu ginen biok, atzeko langa batetik poliziek zelatatzen ez zutela ikusita. 30 minutu eskas, pare bat deklarazio eta autoritatea etortzean (zenbat gorroto dudan hitz hori) kaleratu gintuzten biok. Gervasio haserre eta ni are gehiago. Izena eta nortasun agiria eskatu ziguten eta nik estatu espainiarreko karneta erakutsi nien. Horrek ez zuela balio entzun beharra izan genuen eta nik baietz, “atxilotu orduan” esan nien. Inteligenteena agertu zen orduan (polizia hark zuenari inteligentzia deitzea balizkoa bada behintzat) eta europarrak baginen ez genuela pasaporterik behar esan ondoren hanka egiteko esan ziguten. Peugeot 205 zaharrarekin inguruko hotel merke batean lotan geratu ginen. Goizeko ordubatak izango ziren telefono dei batek esnatu ginduenean. Hurrengo goizean konzentrazio esparru usaina zuen buruzagi berriak (hitz hau ere zenbat gorroto dudan) prentsaurrekoa emango zuela eta gonbidatuak geundela.
Han agertu ginen Gervasio eta biok, lukainka aurpegia zuen morrosko baten ahotik “harrera zentrua handitu eta hobetzeko ahaleginak hasiak zirela eta kazetari guztiak gonbidatuak geundela” entzuteko. Orduan larruazala gogortua duen Gervasiok ea zergatik egun bat lehenago pertsonen sailkapenerako deitzen zen eta zerk determinatzen zuen norbait legala edo ilegala zen galdetu zion. Horren inguruan deklaraziorik ez zutela egingo entzun beharra izan genuen tamalez. Amaitzean kazetari bat larrituta etorri zitzaigun “iristen diren denak dira ilegalak” esanaz. “Zergatik?” galdetu nion eta erantzuna, zera… erantzuna… (lotsa ematen dit idazteak ere) honako hau:
– Ez zarete ohartu ala? Begi bistan dago ez dutela gure kolore berdina!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA