“Israel” eta “su-etena” antonimoak dira hiztegi guztietan.

Andoni Lubaki
0
Prentsa ofizialistak esaten ez duena kaleetan agertzen diren posterrek esaten dute. Jendearen haserrea eta nahiak agertzeko modurik zabalduena da eta ez dute normalean partidu politikoen zigilua izaten, talde anitzek egiten dituzte beraien kabuz inork agindu gabe. Posterrak, kartelak eta pintadak Beiruteko edoezin tokitan agertu daitezke. Andoni Lubaki / Ronak Press (CC-BY-ND-NC 2026)

– Patil emakume libanoarra da. Bere familiak XX. mende hasieran ihes egin zuen Anatoliatik (gaur egungo Turkia) eta Sirian hamabost urtez bueltaka ibili ondoren Beiruten hartu zuen betirako babes – esan nion Patili telefonoz orain dela pare bat aste aldizkarirako artikulu bat prestatzen ari nintzela – Horrela nahi duzu jartzea zure aurkezpena?- galdetu nion ziurtatzeko asmoz.

– Bai, ondo dago. Baina… – erantzun zuen segundo batzuez isilik geratu baino lehenago. – Ez dakit “betirako babes” kontzeptua ondo dagoen. – erantzun zidan azkenik.

Telefono dei luze batean esan zidanez bere familiak ez du sekula sinestu “betirako” hitzaren esanahia. Badira generazioak bera eta bere aitzindariak Beiruteko Bourj Hammoud auzo armeniarren bizi direla, ez diote bere buruari “hemengoak” deitzen, beti armeniarrak errefuxiatuak dira lehenbizi, ondoren libanoarrak. “Hemengoak? Ez. Are gutxiago Israel bezalako bizilagun bat dugunean. Denbora guztian mugitu arazten zaitu. Nire ama eta nebak ospa egin dute” gehitzen zuen behin eta berriro ordubete pasatxo iraun zuen elkarrizketan.

Aste batzuk beranduago aldiz…

– Begira Andoni! Libanon ez du inork betirako “hemen geratuko naiz” esaten. Milaka errefuxiatu daude estatu osoan: iparraldeko alauiak, siriako sunitak, palestinarrak, hegoaldetik bota dituzten libanoarrak, eta abar. Toki guztietan aurkituko dituzu errefuxiatuak, paisaiaren parte dira dagoeneko. Oso toki gutxitan bizi dira errefuxiatuak atentzioa horrenbeste deitzen duten kanpin denda zurietan, kazetarien begiradatik urrun (Oharra: Patilek Nazio Batuen erakundeak errefuxiatuei banatzen dizkien karpa zuri-urdinez ari da). Etxe arruntetan bizi dira dagoeneko gehienak, nazio eta paisaiaren parte dira, mendiak eta itsasoa parte den bezala. Bertako arabiarrek diote errefuxiatuek Libanon zedroak baino sustrai sakonagoak ditugula.

Gaur, apirilak 9, telefono deiak iraun bitartean atzetik eztanda hotsa entzuten da. Non dagoen galdetu eta hegoaldean dagoela erantzun dit. Patil kristau armeniar peto petoa da eta bere parrokiarekin boluntario lanak egiten ditu. Eztanda bat bestearen ondoren eta Patilek lasai jarraitzen du hitz egiten. “Bagenekin ez zela hemen su-etenik egongo. Etsaia (sic) sortu zuten une beretik ez da su-etenik egon inorentzat Ekialde Hurbilean. Israel entzuten dudan une berean gatazka amaigabea da burura etortzen zaidan gauza bakarra. Bere ondoan ezin duzu betirako babesik izan. Sekula ez” dio Patilek haserre telefonoz bestaldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA