“Urteak pasa nituen kasko urdinen aurpegirik ikusi gabe” zioen Nasser-ek. Palestinar xiita honen gurasoak Libanora nakban iheska etorri ziren milaka errefuxiatuetako batzuk izan ziren. Gaur egungo muga ilegalaren beste aldean omen zuten etxea 1967an. Ama palestinar kristaua eta aita palestinar xiita ziren, halere gaur egun bere identitate txartelean ez du palestinarra edo errefuxiatua denik jartzen, eskubide osoko hiritar libanoarra baizik. Lau seme eta hiru alaba izan zituen, zaharrena zen Ala 2009an bala israeldar batek hil zuen bihotzean jota. “Semea olibondoetan lanean zebilen eta ez genuen tiro hotsik entzun ere egin. Urrutitik egin zion tiro dudarik gabe, frankotiratzaile batek” esan zuen sionistek eraikia duten hormari hatzarekin seinalatuz. “Ez dut sekula jakingo zergatik egin diezaioken norbaitek tiro 12 urteko haurrari. Allah-k bakarrik daki hori. Baina tiro soil bat izan zen, ez tiroketa bat. Nahita egindakoa, bihotzera apuntatua. Pertsona bat hil nahi zutela argi ikusi nuen. Zuhaitz artetik irten eta tirokatua izan zen. Bere falta sumatu eta bila hasi ginen, ez dakigu zehazki noiz hil zuten, gorputza ni joan nintzenerako hozten hasia zegoen, begiak irekiak eta lurrez zikinduak zituen” esan zidan negar malkoen artean 16 urte beranduago. Kamara aurrean ez zuen agertu nahi eta itzaltzeko keinua egin zidan.
“Orduan ikusi nituen Nazio Batuen Kasko Urdinen aurpegiak lehenbizikoz. Urteetan auto blindatuetan pasatzen ziren. Ez ziren dendetan geratzen, ez eta inorekin hitz egiten. Mamuak balira bezala zebiltzan hemen” eta ahotsa eten zitzaion minaren minez.
“Beretzako kasko urdinen irudia lausotua ageriko zaiola dio beti, malko artean ikusi zituelako” gehitu zuen ondoan duen lagunak (zeinak izenik eman nahi ez zidan). “Agertu ziren Nasser negarrez zegoela, ulertzen ez genuen hizkuntza batean galdera batzuk egin zizkiguten eta erantzunik jaso ezin zutenez garrasi ere egin ziguten errieta eginaz. Etorritako bide beretik etorri ziren euren armekin besterik gabe. Hilketa bat egon eta ezer egin gabe ospa egiten duenak ez du ‘pertsona’ izena merezi. Betiko aitzakia erabiltzen dute: aginduak soilik betetzen dituztela. Zeinek eman die agindua ume baten heriotza lekutik ezer ikertu gabe alde egiteko? Zergatik betetzen dituzte horrelako aginduak?” zioen haserre lagunak. Animoak berotzen hasiak zirela ohartu nintzen eta suntsitutako Al Nabatiye inguruko hutsik zegoen denda txiki hartatik irten nintzen haizea hartu eta ea giroa baretzen zen itxoitera.
Argazkiko autoa pasa zen orduan, suntsitutako herri batetik, motel. Arriskutsuak jada bertan bizi ezin diren biztanleak izango balira bezala. Atzean sionisten horma eguneko azken argi printzez ageri zen. Ez nizkien aurpegiak ikusi nik ere.