Ni ez naiz hilko, hil egingo naute.

Andoni Lubaki
0
Nasralaren funeralaren aurrean Hezbollahko aktibistek egindako zeremonia txikia estadiora sartu baina lehenago. Hakim lehen lerroan agertzen dena da. Andoni Lubaki/Ronak Press (CC-BY-ND-NC 2026)

Elkarrizketatu ditudanak, nire lana egin bitartean ezagututakoak, itzultzaileak eta nire segurtasuna bermatu duten boluntarioak. Guztiekin oroitzen naiz. Asko lagun bilakatzen dira. Halere nazioarteko prentsarako horren beharrezkoa diren pertsona hauek gehienetan (kasu denetan ez esatearren) itzalpean geratzen dira. Egia da idazten ditugun albisteetan ez dagoela toki gehiegirik metakazetaritzaz aritzeko, hau da; irakurleak aurrean duen artikulua nola egin den azaltzeko. Kazetari askok ez dute publiko egiten bertako kazetari bat kontratatu dutela. Ausardiaz beteta, beti nora joan jakinda, bertako hizkuntza hitz egingo balute bezala agertzen dira sare sozial masiboetan. Like-ak nagusi. Kalitatezko kazetaritza asko falta da, baina baita metakazetaritza garbi eta zintzo bat ere. Nire ustez, beti segurtasuna bermatuta noski, fixerraren (ondoan duzun itzultzaile edo bertako kazetariari ingelesez ‘fixer’ deitu ohi zaio) izena ere agertu beharko litzateke argazki oinetan eta artikuluak sinatzerakoan. Beti talde-lana izan ohi delako kazetaritza. Ezezkoa dioenak gezurra esaten dabil.

Viktor ukrainan bizi zen letoniarrarekin Armeniara joandakoa naiz. Saharan errefuxiatu den Ahmed Salem-ekin Mauritaniara bidaia egin nuen, elkar ikusteko aitzaki aproposa zen. Hassanak nire etxean bizi izandakoa da. Zagros kurduarekin ere ibili izan naiz Signal bidez solasean. Libanon ere baditut horrelakoak.

Argazkian duzuen Hakim, Hezbollahko liderra zen Nasralaren funeralean ezagutu nuen. Argazkian lehenbizi agertzen dena da. Estadiora sartu baina lehenago zeremonia txiki bat egin zioten bere batailoikoek. Barruan, estadioa gainezka zegoenean, kazetariok ezin ginen aske mugitu segurtasuna zela eta. Berak lagundu zidan hurrengo asteetan erakutsiko ditudan argazkiak ateratzen, pribilegiatu bat izan nintzen berari esker. Telefonoz jardun genuen hilabete batzuetan baina ezin zidan ezer esan. Ezin gatazka nola zihoan aipatu ere egin. “Segurtasunagatik Andoni, barkatu”. Beste gauza asko aipatzen zizkidan, jendea nola zegoen, kontaktu batzuk pasa edo bilatu. Fixer hona izan zen urrunean Hakim, beti laguntzeko prest, ordainetan ezer eskatu gabe. Ezagutu ginen egunean ordu pare bat egon ginen bakarrik, baina oso jantzia zen, ingelesez ere bazekien eta titular mamitsu batzuk ere eman zizkidan. Koadernoan apuntatuta dudan azkena “Ni ez naiz hilko, hil egingo naute”.

Bada apirilaren 17an hegoaldean hil zuten israeldarrek dron batekin eraso eginda. Bere anaiak hartu zuen telefonoa eta albiste tristea eman zidan hark.

Koadernoaren behealdean, “ni ez naiz hilko, hil egingo naute” esaldiaren ondoren zera idatzi nuen galdetu berritan: “Hilezkorra izateko hil egin behar zaituzte orduan?” eta bere erantzuna “Noski”. Jada hilezkorra da eta nik ezin izango diot sekula eskertu nire artikuluengatik (niregatik eta nire irakurleengatik) egin duena. Metakazetaritza tristea gaurkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA