Udaberrian, neguaren beldur.

Andoni Lubaki
0
Mirko, Kharkik inguruko bere etxeko teilatuko zuloa ikusten, gatazkan dabiltzan bi bandoetako batek (errusiarrek edo ukrainarrek) lehergailua jaurti ondoren. (Andoni Lubaki / Ronak Press)

Mirkok Sobietar Batasunean Rostov inguruan lan egin zuen 43 urtetan. Erretiroa hartu ondoren alargundu zen eta bere herrira itzuli, Kharkiv inguruan dagoen herrixka txiki batera, Rostoven “ez omen zuelako ezer egiteko”. Erretiro ordainsari eskasa omen du, “Sobietar Batasunean eskuekin lan egin genuen guztiek bezala”. Etxe xume hau erosi eta bere aurrezkiekin konponketan hasi zen 2012an. Pixkana, bere eskuez baliatuz paretak isolatu zituen, margotu, bigarren eskuko altzari zaharrak berritu, ura eta argindarra jarri. Horretan aurrezki guztiak gastatu zituen eta hilero ekiten zion berriro, behin Moskutik iristen ziren 76 euroak jasota, etxea hobetze edo konpontzeari. 76 euro horietatik, jatekoa ere lortu beharra zuen. Oiloak zituen eta baratza txiki bat ere zaintzen zuen. Bi behi ere ba omen zituen baina errusiarrak 2022an inbaditu zutenetik ez omen ditu ikusi, oiloak alde egin omen zuten eta baratza abandonatua zegoen. Hortaz 76 euro horiek ozta-ozta ematen zioten jateko. Neguan egurra soilik erabili zezakeen berotzeko, “no gas” zioen behin eta berriz ere argazki hau atera nionean. Ezagutu nuen egun horretan bertan (2022ko maiatzaren 15a), ez dakigu ze bandok baina lehergailu txiki bat bota zion etxera bera kanpoan zegoenean. Txikia izanagatik horrenbeste kostatako teilatua txikitu zion eta ez zuela dirurik izango hil artean berriro konpontzeko. Zera esan zidan “Moskutik zetorren diru gutxia 2022ko otsailetik ez da iritsi, Europar Batasunak eta AEB-k ez dutelako errubloa Errusiatik irtetea nahi. Gu tartean gosea pasatzen Utikan Mosku! Utikan Ukraina! Utikan Europar Batasuna eta AEB! Ez dakit orain negua nola igaro”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA