Andoni Lubaki
Argazkigintza Mendebaldeko Sahara
by Andoni Lubaki
  • Argazkigintza
  • Mendebaldeko Sahara

Haragia urtu zioten!

Andoni Lubaki
2026-07-02
1
Said Salek-en erretratua AFAPREDESAko bulegoan. Andoni Lubaki / Ronak Press

Orain dela urte batzuk errefuxiatu kanpamentuetan lanean ari nintzela, 1991tik aurrera desagertuak edo torturatuak izan zirenen inguruko lan bat egin nahi nuen. Madrilgo El País egunkariko kazetari batek zera esan zidan: “Ez dago ezer. Aspaldidanik desagertutakoak soilik daude, eta tortura kasurik ez da izan”. Ez nion sinetsi eta kazetari sasijakintsu horrek esandakoa Abdeslam-i esan nioenean irribarrea marraztu zitzaion. “Egon badaude, baina europar askok, ikerketarik egiten ez dutenez, Marokoren tesia onartzen dute. El País beti izan da oso marokoar zalea. Izan dituzte tirabirak, baina orokorrean PSOEren ildoa jarraitzen dute. Felipe Gonzálezek boterea lortu zuen une berean egunkari horrek ere, kazetari gutxiren salbuespenarekin, Marokoren tesia defendatu du. Hala egiten duela esan gabe”. Abdeslam-ek ondotxo daki hori guztia, bera baita AFAPREDESAKO (Saharako preso politiko eta desagertuen senideen elkartea) presidente. “Said aurkeztuko dizut”, esan zidan.

Ez dizuet Said Sale-ri komisaldegian egin ziotena kontatuko, argazki eta kontakizun asko daude. Paper mordoa besapean zituela azaldu zen. Karpeta lehertzear zuen. Nazio Batuen dokumentuak, Said artatu zuen medikuari Marokoko militarrek egin zioten presioa azaltzen zuen gutun bat medikuak berak idatzia, eta abar luze bat. “Jende askok oraindik ez du sinesten nik ez nuela ezer egin”, esan zidan. Paperak eta paperak erakutsi zizkidan egia demostratu nahian.

Bere gorputza eta aurpegia ikusi beharrik ez zegoen pairatu zuena ulertzeko. Torturatua izan zela demostratu beharrak torturatzailea boteretsuago egiten du. Torturatzaileak gutxitan defendatu behar izaten du bere burua, torturatuak, aldiz, egin ziotena demostratzen eta justizia bilatzen bizitza osoa pasa dezake.

Said gizajoak paperak eta paperak atera bitartean, Abdeslamek esan zidana idatzi nuen nire egunkarian: “Ez zioten gasolinarik bota, kerosenoa baizik. Marokoarrek negurako zuten estufa txiki batetik hartu zuten. Kerosenoa azalean itsasten da. Ondo zekiten zer ari ziren egiten, zer egin zioten. Gorputza nabarmen erreta izanda ere, gorputza erreta duela demostratu beharra dauka. Haragia urtu zioten!”.

About Me

ANDONI LUBAKI

Oteiza izan nahi nuen Robert Capa agertu zitzaidan arte. Andoni Lubaki asmatu beharra izan nuen Robert Capak existitzen ez zuela jakin nuenean. Laket dut limoi urez izkiriatzea eta ikusezina iruditan harrapatu nahian ibiltzea. 1.000 argazkik ez dute sekula hitz bat balioko, kontrakoa sinestarazi badigute ere, horregatik idazten dut blog honetan.
1 Iruzkin
    Haragia urtu zioten (e)k dio: Erantzun
    2026-08-10, 4:06

    […] ARGIAn argitaratua […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Dah El Bendir Bir Lehluko (Zonalde Askatuak, MEndebaldeko Sahara) Polisarioaren base militarrean bere adiskide eta soldaduekin solasean. (Andoni Lubaki / Ronak Press) Mundu hobe baten bila gabiltzan gerlariak gara2026-06-11
Udaberrian, neguaren beldur.2026-07-10Mirko, Kharkik inguruko bere etxeko teilatuko zuloa ikusten, gatazkan dabiltzan bi bandoetako batek (errusiarrek edo ukrainarrek) lehergailua jaurti ondoren. (Andoni Lubaki / Ronak Press)
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA