Mundu hobe baten bila gabiltzan gerlariak gara

Andoni Lubaki
0
Dah El Bendir Bir Lehluko (Zonalde Askatuak, MEndebaldeko Sahara) Polisarioaren base militarrean bere adiskide eta soldaduekin solasean. (Andoni Lubaki / Ronak Press)

Hau da atera nion azken argazkia. Denbora gehiago egon nintzen berarekin, lurrean etzanda bizitzaz, unibertsoaz, jainkoaz solasean. Saharako basamortu erdian, sakelakorik gabe, telebistarik gabe, argindarrik gabe, bizitzaz jarduten. Esan bezala gehiagotan ikusi nuen, baina egin nion azken argazkia hauxe da.

Bir Lehlu basamortu erdian dagoen Polisarioaren kanpamentu militar batean izan zen eta bere adiskide eta kamaraden ondoan irribarrez agertzen da. Dah El Bendirrek asko egiten zuen barre, argazkietan aurpegi serioa agertzen zuen halere. Militar ikasketek gerratea gauza serioa dela erakusten dizu eta zure aurpegiak hori islatu behar du.

“Begiratu honi, espainolen aurka aritu zen, ez du kanpamentua zapaldu ere egin nahi, are gutxiago Tinduf”, esan zidan ondoko soldadu zaharra seinalatu eta irribarre eginda. “Zertarako nahi ditut nik kanpamentuak, hemen daukadan patxada, natura eta lagun mordoarekin?”, irribarrez erantzun, gogoratzen ez dudan soldadu argal eta zaharrak.

Urtebete ere ez zen pasako irudi honen ondoren berriro Marokoren eta sahararren arteko gerra hasi zela eta drone batek (ziurrenik Israelek Rabati utzitakoa, Trump-en baimenaz) bere autoa basamortu erdian leherrarazi zuela.

“Sahararrok munduaren alde honetan Marokoren aurka aritzeaz gain, Israelen eta AEBen aurka ari gara borrokan, baita Frantziaren kontra ere. Erne begiratzen badiozu, estatu faxista horiek dira mundua okerrago egiten duten estatuak. Gu, basamortuko alaba-seme behartsuok, inperialismoaren aurka borrokan ari gara, esku hutsez, baina borondate erraldoiarekin. Gure borroka ez da gerra bukatutakoan amaituko. Mundu hobe baten bila gabiltzan gerlariak gara polisarioak”, esan zidan Tifaritin (Mendebaldeko Saharako lurralde askatuetan) 2019an. Horrelaxe apuntatu nuen eta askotan gogoratzen dut zer eta non esan zidan.

Gogoko dut argazki hau, ez azkena izan zelako (horrek asko samintzen nau), ezta konposizio bikaina duelako ere. Gogoko dut Dah irribarrez agertzen delako eta hori delako gogoratuko dudan irudia. Argazki goibelak besterik ez zirelako agertu bere oroimenez, bat bera ere ez irribarrez bere funeralean. Zin dagizuet irribarre asko egiten zuela. Bere alargunak bere haiman nire irudi hau dauka, ez Polisarioak oparitutakoa. Dena esanda Dah, dena esanda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA