Gaur fikzio eguna da, bihar ere halaxe izango da.

Andoni Lubaki
0
Mutiko baten erretratua Tel Nasri herrian, Yihadisten eta Turkiako Armadaren aurkako frontean, balaz estalitako horma baten aurrean. 2019ko urrian tropa estatubatuarrak Siria iparraldetik erretiratu ondoren, Turkiak erasoaldi bat hasi zuen herrialdearen ipar-ekialdeko eremu kurduen aurka. Gerra krimenak ikertzeko eskaerak mundu osotik iritsi ziren Hagako auzitegira baina ez zuten aintzakotzat hartu. Ankarak babestutako milizien jokabideari buruz nazioarteko medioek ezer gutxi esan dute. (Andoni Lubaki/Ronak Press)

Oso gustuko dut goizean jaiki, irratia piztu (beti analogikoa arren!) eta kafea hartu bitartean Argiako egutegitik orritxo bat kendu eta atzean dagoen efemeridea irakurtzea. Horrela jakin ditut egun historiko asko. Gehienetan jakin-mina areagotzen didate eta orduak pasa ditzaket gai horren inguruan ikerketetan. Horietako asko artikulu bihurtu dira nire “karrera” osoan zehar. Efemerideak apuntatzen ditut ondoren horren inguruan lan egin edo argazkiak saltzeko. 

Lehengo asteko artikulua igo bezain pronto efemeride bila hasi nintzen gaurko egunerako. Gorroto dudan puntu batera iritsi nintzen “Nazioarteko XXXXX egunera” (jarri XXXXX horretan nahi duzun gaia). Bada gaur Nazio Batuek Gatazkak pairatzen dituzten munduko umeen aldeko eguna dela ikusi dut eta pasarte bat etorri zait burura gai honen inguruan.

Post honetako argazkia 2019ko abenduaren 12an dago aterata, Rojavan, Tel Nasri deitzen den herri batean. Bertan Turkiak (NATOko kide den estatuak) jihadistak finantzatzen zituen talde batek eraso egiten zuen gauetan inguruan. Ume kuadrilla bat gerturatu zitzaigun Karlos Zurutuza eta niregana eta beraiekin “hitz egin” ondoren, Hamelingo txistularia banintz bezala atzetik segika hasi zitzaizkidan. Momentu horretan Zuruk gizon bati galdera batzuk egiteko aprobetxatu zuen, ume zaratarik gabe, nire atzetik baitzetozen. Denak eztulka. Denak hortzak ustelduta, Denak estatu faxista batek finantzatutako talde baten biktimak. Kalean zegoen gizon bati, ume hauez inguratuta galde nion ea herrian medikurik bazegoen. “Aspaldi ez dago hemen ezer, ume hauek ez dute ziurrenik medikurik ikusi”. 

Egun hura, abenduaren 12a, Neutraltasunaren Nazioarteko Eguna zela konturatu nintzen gelara itzultzean, argazki mordo batekin. Nazio Batuek badute egun bat horretarako. Neutraltasunaren aurka egiten duen korporazio kolonialistak neutraltasuna aldarrikatzen du. “Esku zikinak lokatzen garbitzea bezala” entzun nioen behin Maputo inguruko langile bati. Nazio Batuek Konpondu Beharko Genituzkeen Arazoen Baina Konpondu Nahi Ez Ditugun Nazioarteko Eguna ospatzen da egunero. 

Ez dut idazten jarraituko, ez dut irudia gehiago esplikatuko. 

Begiratu argazkiari hau jakinda eta pentsatu zuen kabuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA