Mexikarra deitzen diote saharauiek eta horrela deitzea nahi du nik ere, baina Ahmed Hatari du izena. Argazkia atera nioenean Martir Shreif-en bizi zen. Errefuxiatu kanpamentuetan asko dira gatazkek elbarri utzi dituzten soldaduak eta gerlari horiei bizitza duin bat ematearren Fronte Polisarioak eta nazioarteko hainbat erakundeek behar berezi horiei aurre egiteko gela anitzeko zentro bat eraiki zuten orain dela urte mordoxka bat. Bertakoei tabakoa saltzeaz bizi zen mexikarra. Euro bat ere ez zuen irabazten egunean baina ez omen zuen beste ezer egiteko.
Saharauien heroia da mexikarra.
“Azkar batean esplikatu zidaten nola egiten zen tiro Land Rover zahar baten atzean zegoen kanoi harekin. Zoruko segurua kendu, balaztatu eskuineko hankarekin eta ezkerreko besoarekin nibelatu. Nibelatu kanoia, mugitu ezker eskuin, segi hegazkina edo tankea kanoiaren puntarekin, kalkulatu haizearen norabidea, ez galdu bistatik tiro egingo diozun horri, jarri kokotxa eskumuturraren gainean,… Behin bakarrik esan zidaten eta frontera salto egin nuen nire kamaradekin”
Desertu batean gerrilla borroka egiteak, terrenoa ondo ezagutu behar duzula esan nahi du. Hegazkinak agertzen diren arte ez dago lur gainetik dabilen tramankulurik inguruko hondar, mendi, zulo, arbolen ezagutzaren aurka egingo duenik. Marokoar soldadu askok burutik jota bukatu zuten Polisarioak behin eta berriz egiten zizkion enboskadetan erortzeagatik eta momenturen batean hori pairatuko duzula jakiteak sortzen dizun estresarengatik. Rabat-eko prentsak ez du ezer hitz egin horri buruz, baina iparraldeko herrietan gazteleraz dakiten gutxi batzuek “locos de la guerra” deitzen diete marokoren alde basamortuan ibili ziren eta estresak traumatizatu zituen soldadu haiei. Baina hegazkina agertzen zenean, bi aldeek zekiten nork irabazi eta nork galduko zuen bataila hura. Ia ia, nazioarteko diplomaziak baino min gehiago egin zien 80ko hamarkadan saharauie Frantziak Hassan II.ari saldutako hegazkinek.
“Nire lehenbiziko astea zen frontean eta pare bat eraso egin genien marokoarrei. Guk ez genuen bajarik izan baina beraiek… Basamortuan bertan lurperatzen genituen hildako soldadu marokoarrak. Jaguar hegazkin frantses bat agertu zen arte garaiezinak ginela uste genuen. Pasadak ematen hasi eta tiro egiten eta bonbak jaurtitzen hasi zen, lagun asko galtzen ari nintzen. Bada Land Rover zaharreko kanoira gerturatu eta tiro egin nuen ez dakit nola, irakatsitakoari jaramon handirik egin gabe, uneko estresa zela eta. Tiro soil bat eta hegazkina bota nuen. Eulia balitz bezala erori zen. Ez zen pilotua bizirik atera eta etsaiarentzako galera handia izan zen. Euli bat bezala!”
Momentu batez, mexikarraren aurpegi goibelari, munduan egon naizen tokirik goibelenean, irribarre bat irten zitzaion hegazkina, euli bat bezala, nola erori zen gogoratzean.