Argazki Stockaren Ezkutuko Prezioa

Andoni Lubaki
0
Gazako irudia Shutterstock argazki stock-ean. Egile anonimoak asko jota 0,30€ jasoko ditu.

Shutterstockek 145 €kobratzen ditu argazki editorial batengatik. Argazkilariak 0.30 dolar jasotzen ditu. Ez da kalkulu-errorea. Negozio-eredua da, eta atzean zenbakiak baino askoz gehiago dago.

PREZIOAK: HARRAPAKETA

Konparatu zer ordaintzen duen plataforma bakoitzak deskargagatik: Shutterstock-ek $0.30, Alamy-k $8.30, Adobe Stock-ek $0.69. Shutterstockek gehiago ordaintzen duela dirudi, baina amildegi bat ezkutatzen du.

Argazki bat igotzen dugunean Shutterstockera, berak 72.36- €145 kobratzen ditu deskarga bakoitzeko. Argazkilariak euro bat baino gutxiago jasotzen du 145 euroko transakziotik. Aldea ez da irabazi korporatibo arrunta. Harrapaketa da.

Zergatik onartzen dugu hau? Bolumena behar dugulako. 2026an arretaren ekonomia biziraupen-ekonomia delako. Gatazkak dokumentatu, denbora eta arriskua inbertitzen dituen fotokazetari batek, azkenean, 240 aldiz garestiago saltzen duten korporazioei lagatzen die informazio-balioa.

Plataforma horietara sartzeko, Shutterstockek pribatutasun-tresnak dituzten emailak baztertzen ditu eta VPNak blokeatzen ditu. Ez dute nahi kokalekua edo arrasto digitala ezkutatzea. Orriaren barruan, LibreJSk (Firefox nabigatzailean dagoen gehigarri zoragarri bat) kode maltzurra detektatzen du zure sisteman sartzen saiatuz. Shutterstock ez da argazki agentzia bakarrik. Datu-biltzailea da.

 

Gazako beste irudi bat Gettyko stock biltegian. Prezio "ona" badu ere ezin du microstock-arekin konpetitu eta merkatua hausten duen neokoloniaslimo kasu garbia da.
Gazako beste irudi bat Gettyko stock biltegian. Prezio “ona” badu ere ezin du microstock-arekin konpetitu eta merkatua hausten duen neokoloniaslimo kasu garbia da.

ZAINTZA: BENETAN SALTZEN DUZUNA

Shutterstockera argazki bat igotzen duzunean, ez duzu irudia bakarrik saltzen. Metadatuak saltzen dituzu: kokapen zehatza, sarbide-ordutegiak, bilaketa-patroiak, estaldura-gaiak.

Milaka argazkilariren datu agregatuek mapa global bat sortzen dute, non dagoen nazioarteko prentsa, zer dokumentatzen duen, noiz. Gobernuentzat, aseguruentzat, venture kapital-funtsentzat, segurtasun pribatuko korporazioentzat eta inteligentzia-agentzientzat, informazio horrek balioa du. Behin baino gehiagotan hacktibistek seinalatu dituzte nola “argazkilaritza demokratizatu duten biltegi hauek” palestinarren datuak saltzen zizkiela Israelgo armadari. Bonbak jaurtitzean ondo asko zekien Tel-Avivek nori egiten zion tiro. Argazkiak igotzea Gazan, zure hilobiratzea zela konturatu zirenerako ehundik gora kazetari hil zituzten.

Shutterstockek (eta beste stock agentziek) hiru gauza saltzen ditu: argazkiak, argazkilarien datuak eta erabiltzaileen profilak. Bat bakarrik ikus daiteke zure kontratuan.

Zure profila zure interes profesionalen erradiografia da. Zer gatazka dokumentatu dituzun esaten diote atzean, ezkutuan, zelatatzen ari denari. Kokapena. Maiztasuna. Zure datuak algoritmoak hobetzen dituen, mikro-segmentazioa ahalbidetzen duen eta inbertitzaileentzat balioa sortzen duen lubrifikatzailea dira. Ordainetan, $0.30 argazki bakoitzeko.

“MODERN SLAVERY STATEMENT”: NAHI GABEKO AITORPENA

Honelako agentziek “Modern Slavery Statement” bat argitaratu behar dute Erresuma Batuan nahitaez. Esklabotza modernoaren aurka “borrokatzen du” hori argitaratuta, 1000 langile baino gehiago ditu eta argazkilari “kualifikatuekin” lan egiten du. Ez dute behin ere esaten zer nolako kondizioekin jaurtitzen dituzten etsaiaren lubakietara gatazka argazkilariak. Esklabutza hori ez bada… Baina gure egunkarietako argazkiak betetzen dituzte, informazio askatasunean babestuta eta lan egiteko eskubidea gotorleku bilakatuta. Aitzakiak korporazio handien mesedetara.

Ironikoa da. Burtsan kotizatutako enpresa batek edukia erosten die argazkilariei saltzen duenaren % 1en truke, eta ofizialki argitaratu behar du ez duela esklabotza modernoa praktikatzen.

Esklabotza modernoa da $0.30 ordaintzea 145 euroan saltzen duzun argazki bakoitzeko? Legez ez. Argazkilaria “libre” da ukatzeko. “Autonomoa” da. “Onartu” du horrela lan egitea. Beste biderik ez duela aipatu gabe.

Baina lehiakide guztiek berdin jokatzen dute (Getty, Adobe, Alamy, …). Agentzia independenteak desagertu egin dira eta hedabide tradizionalek bulk (argazkiak “kiloka” erosten dituztela ez onartzeko eufemismoa) bidez erosten dituzte argazki esanguratsuenak ere. Medio txiki eta independienteek (pantaila aurrean duzuen honako hau bezala) aspaldi egin zuten kritika eta hausnarketa. Ikusleak, albiste kontsumitzaileak, nola ohartarazi jakin behar dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA