Lerroaren alde batean zegoen, isilik, begira. Dena ulertu eta amore eman duena bezala. Garai hartan erretzaile sutsua nintzen eta keinu egin nion gurpildun aulkian eserita zihoan siriarrari. Gaztetan frantsesa ikasi omen zuen eskolan, Homs-en. Aitak derrigortu zuen ingelesaren ordez frantsesa ikastera, etorkizuna hura zelakoan.
Lehen zigarroa. Zigarroa ahotik kendu ere egin gabe hitz egiten genuen, Sentilj-eko (Eslovenia) hotzak eskuak igurztera behartzen baikintuen. Adam deitzen ziotela, baina bere egiazko izena ez zidan esan. Homsekoa. Sunita. Alderdi Komunistako kide ohia (Baxar al-Assad-en aita Hafez-ek ilegalizatu zuen arte). Ezkerzalea eta bakezalea. Asko irakurritakoa. Rock and roll zalea, baina pop eta folk pixka bat ere entzuten zuela aitortu zidan, bekatu izango balitz bezala, ahoa estalita. Gaztetan korrikalari trebea zen, baina Al-Assaden Baaz alderdiaren sabiha talde batek (Siriako Gobernuarentzat isilean lan egiten duten polizia eta zelatariak) jipoitu eta elbarri geratu zela esan zidan. Bazekien bere presentzia, gurpildun aulkiarekin lokatzetan arrastaka, argazkilariontzat irudi aparta zela. Ea neuk ere argazkirik aterako ote nion galdetu zidan.
Bigarren zigarroa. Arazoak zituztela afganiarrekin (azara xiitekin). Irakiarrekin ondo moldatzen zirela. Komunera joatea horrelako egoera batean asko kostatzen zitzaiola. Beti lagundu beharrean zeudela. Itsasoa zeharkatzen ia ito zela, barkutik erori eta hankak aulkira lotuta zituelako. Baina barre egin zuen, hankak zikindu gabe Europara iristea lortu zuelako. “Burges baten moduan orduan, ez komunista baten antzera”, esan nion. Barrez lehertzen eztula etorri zitzaion eta ia ito zen (berriro), Sentilj-en, Eslovenian, itsasotik 1.000 kilometrora. Irribarrez bukatu zuen eztul andana hura, denon lasaitasunerako.
Hirugarren zigarroa. Polizia militarraren bozgorailutik esan zuten talde jakin batek Austriarako bidea igaro behar zuela. Adam, siriar komunista, itsasoan ia ito zena, gurpildun aulki batean, azkena izan zen ilaran. Orduan atera nion argazkia. Bakarrik, basamortu hotz bateko errege balitz bezala, bere tronu gurpildunean. Hirugarren zigarroa piztu, agur esan eta ez dut hari buruz ezer gehiago jakin. Galdezka ibili naiz, baina ez daukat Adam deitzen ziotenaren berririk.
