Hasiera »
Andoni Lubakiren bloga - Desenfokeak
Andoni Lubaki
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Gorka Salmerón Murgiondo(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Andoni Lubaki(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Goiuri aldekoa-otalora(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- » ‘Ez dugu aukeratzen zer erretratatu, baina hausnartu beharko genuke nola erretratatzen dugun’ Mila hitz(e)k Argazkien zilegitasunaz bidalketan
- Gari(e)k Inoren ero ni bidalketan
Kosmos txiki baten islada.
2015-02-26 // Argazkigintza, Donbass // Iruzkinik ez
Lur azpian egon naiz gaur. Ukraniar armadak oraindik botatzen dituen misiletatik ihesi doazen familiekin. Babesleku batean. Pertsonok kosmosak sortu behar ditugu, gure mundu txikiak, ingurunea gureagotu. Lur azpiko babesleku batetara sartzean kosmos txiki asko haundi batean ikusi ditzakegu. Argazkietan eta bideoetan zaila izaten da horrelakoak ezagutaraztea. Beti esan izan ohi diet familiakoei eta lagunei argazki batzuk ez dutela nik bertan sentitutakoa sekula isladatuko. Pertsonak nolakoak garen irudi batean agertzea ezinezkoa zait. Edo zitzaidan. Gaur ume txiki honek esperantza itzuli dit. Lehen aipatu dudan kosmos txiki hori sortu du berak. Bere gustoko super heroien irudiak ditu ohe gainean, berak egindako marrazki baten ondoan. Lur azpiko babesleku bat baino toki inpertsonalagorik (eta krudelagorik) ez dagoen tokian berak lortu du. Aitak, gustura egotearren untxi bat erosi zion. Dirudienez Pasah txikiari kosmosa osatu zaio eta nire aurrean,gustura lo hartu bere untxia besoetan duela. Argazki hau duzue bertan sentitutakoaren nire islada. Sekula berriro gertatuko zaitenik ez dut espero. Tori nire gaurko zuentzako oparia.
DONETSK-EKO LENIN PLAZA
2015-02-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Batzuentzako komunismoa 1989.urtean behera erori zen. Lurralde gutxi geratzen dira munduan sistema politiko hori mantentzen dutenak. Gure etxeetako telebistetan ikusi genuen gaur egun Bielorusia eta Ukrainia diren lurraldeetan nola Lenin-en estatuak behera botatzen zituzten jendearen algarekin batera. Sobietar Batasuna izandako nazioetan barrena bidaiatzen duenak bide bazterretan aurkitzen ditu estatua horiek, inork apurtu nahi ez balitu bezala. Bota bai, apurtu ez. Donetsk-en ez zen horrela gertatu. 1990 urtean berriztu zuten Lenin-en ereserkia, hiriko plaza handienean kokatu eta oraindik gurtu egiten dute. Inguruko mehategietan lan egiten dutenek bere omenez egun bat jai izaten omen dute urtero. Donetsk erdian dago plaza eta donetsktarrek toki bat hiriko ze puntutan dagoen esateko “Lenin plazatik hainbat kilometrotara dago” edo “Lenin plazatik iparraldera zuzen jarraituta” eta horrelako esaldiak erabiltzen ditu. Donetsk-en jendeak dena Lenin-etik zenbatera dagoen neurtzen du. Gatazka hau bezala.
KIEV-EKO “MATXINADAKO HEROIEN” MUSEOA
2015-02-21 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Maidan plaza ezaguna egin zen orain dela urtebete bertan egon zen matxinadagatik. “Euromaidan” deitu zitzaion bertan bildu zirenak Europear sutsuak zirela esan baitziguten. Urtebete pasa da eta gaur egungo politikariak etekin politikoa atera nahi diote garai hari, batez ere gaur egun bizi duten egoera larria dela eta. Horretarako Maidan plaza museo bihurtu dute. Egun haietan egondako borroketan ateratako argazkiekin erakusketa bat egin dute eta Kiev-tar asko pasatzen dira bertatik kuriositatea asetu nahian, ez baitzuten gatazka hori bertatik bertara bizi. Ukrainiako hiriburan bizita ere telebistaz ikusi zuten zer gertatzen zen. Eszenategi erraldoi bat ere egin dute, politikarien hitzaldietarako. Horren azpian, 22 hildakoen argazkiak daude. Argazki bat atera dut eta emakume bat inguratu zait. Ez diot ulertzen zer esan nahi didan baina irudi bat seinalatzen dit behin eta berriro. Gure arteko komunikazioa ezinezkoa dela ikusi duenean ospa egin du. Atzetik neska gazte bat etorri eta zera esan dit: “Irudiko horren ama da eta haserre dago bere semea heroia dela esaten dutelako politikarien onerako bakarrik”.
Naziak eta realpolitika
2015-02-19 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argia.com webgunera sartzen diren pertsonetatik gutxi izango dira Naziak edo nazismoa zuzenean ikusteko aukera izan zutenak. Estatuan nazi sinbologia ikusten badugu segituan hotzikara sartzen zaigu (ondoren goragalea ere bai batzuoi). Baina hemen Kiev-en desberdina da. Maidan plazako txoko guztietan esbastikaren presentzia nabarmena da. Baita inguruko portal eta kristaletan ere. Ibilalditxo bat egin dut “Euromaidan” deituriko eskuin muturreko matxinadaren urteurrena ospatuko den tokitik (hasiera batean ez hain eskubitarra izan bazen ere). Esbastikak nonhai, sinbologia faxista ukrainiarraren ondoan beti, eta gehienetan “Kiev Skinhead esparrua da” edo irudiko “White Power” dioten pintadak lagun. Jendeak normaltasunez jarraitzen du bere errutina Ukrainiako hiriburuan sinbolo hauek ondoan egonda ere. Baina tamalgarri ez da hori. Tristura ematen duena Europar Batasunaren jarrera da, nazien aurka gerra irabazi ondoren eta zer ekarri zuen ikusita, sinbologia eta politika hau toleratu eta kasu askotan babestu egiten du. Ongietorriak Askatasunaren Europako realpolitikera.
Maldan gora doan amildegia
2013-11-19 // Argazkigintza, Etika // Iruzkinik ez
Gorroto ditut “Cine de Barrio” eta horrelako telebista programak. Larritasuneraino kaspa usaina darie. Eszenategi koloretsu horiekin zuri beltzezko mundu bati kolorea eman nahi diotela dirudi. Heuren artean omenaldiak eginez pasa dituzte hainbat programa, sekta malenkoniatsu bat balitz bezala.
… eta etorri zaizu zuri ere” esan didate telefonoz, astelehen goibel honetan. “Zorionak txo! Punta puntakoa haiz orain” batek emailez. Sekula ikusi ez ditudan “lagunak” nonahi, Donetteak dituen kaxa ireki banu bezala.
Ez dut esango ilusiorik egin ez didala Chris Hondros sariak, baina atzoko deiadarraren ondoren, erreflexio puntua ere iritsi zait. Horretarako artikulu hau. Agian pantailan jarri eta barrunbeak denen aurrean ustea egon litekeen terapiarik onena izan litekeelako. Edo agian ez eta berriro Hil beharko naiz gaur bihar berriro jaiotzeko. Beste behin ere.
Chris Hondros, estatubatuarra zen. Getty Images agentziarentzako lan egiten zuen. Kamara eskuetan hartu nuenetik dut gogoko. Misrata hirian hil zuten Libiako gatazkan. Bertara joan nintzenean, Sirteko azken gadafisten erresistentzia puntuan argazkiak ateratzeko asmoz, Misrata hirian egiten nuen lo. Chris hil zuteneko Tripoli hiribidera joan nintzen. Non hil zuten eta nola nere begiekin ikusteko. Gaur egun, bere izena darama gerra fotokazetaritza saririk ospetsuenetako batek. Niri suertatu zaidana hain zuzen ere. Zama astuna.
Sariak masoneriaren kontuak zirela zioen Joseba Sarrionandiak “Bost Idazle” liburuan. Ez dakit nire lanak hori izan duen atzean. Ez nuke nahi. Baina beste aurkeztutako lanen ondoan nirea jarrita ez zait iruditzen hainbesterainoko diferentziarik egon denik askok esan didaten bezala.
Argazkiak berriro ikusten ari naiz, eta ia urte bete pasa bada ere gogoan ditut non eta nola atera nituen. Bertan agertzen diren pertsonengan gogoeta egin dut, eta gehienak hilda daude. Berun zati bat jarri zait urdailean. Betiko galderak datozkit burura. Nik nire lana egin behar dut eta kitto. Neuk aukeratu nuen eta gustoko dudalako. Baina zergatik gustoko? Zeintzuk dira barne barnetik hau egitera bultzatzen nauten motiboak? Besteen minaz sari hau irabaztea moralki zilegi ote da? Zerbait aldatu al dut pertsona baten barruan bada ere? Berunezko galderak bueltaka sagarroien artean.
Jamil, Abu Ahmed, Mareaa-ko gizon hura, bahitutako lagunak, Ahmed, Mohammed, Jatra, eta abar. Izen guzti horiek, aurpegiekin berriro burura. Odol usain metalikoa berriro barrura. Bitartean jendearen galderak eta zorionak. Argazkilarion arteko besarkadak, “Cine de Barrio” berriro gogora. Maldan gora doan amildegia ez ote dudan aurkitu ari naiz pentsatzen. Baina maldan gora jarraitu beharko, maite ditudanagatik. Gaurko nire tristezia irri honen atzean dut margotua. Maite ditudan horiei eskaini nahi diedan irria, tristezia, beruna bezala, nire barnean eta niretzako bakarrik gordetzen baitut.
Amen lagun guztiengatik.
Nor dut maisu? Nor izan dut maisu?
2013-08-28 // Sailkatugabeak // 3 iruzkin
Askotan galdetu didate argazkilari naizenetik nor dudan argazkilari gustoko edo “beneratua”. Atal horretan zortea izan dut eta benetan nire bidea ireki eta markatu dutenak gertuko jendea izan da. Ez dut aspaldian idoloetan sinesten, ezta gurtu beharreko pertsonetan fede itsu hori izan. Robert Capa niretzako aspaldi hil zen eta Natchwey-en fede bidetik aldendu naiz.
Argazkiak beti behar du sentsibilitate jakin bat. Ez naiz ari ISO madarikatuaz. Sentsibilitate hitzaz baizik. Duen zentzu eta esanahi osoan.
Bada pertsona bat, non argazkien printzipio oinarrizkoak erakusteaz gain, gela iluneko majia erakutsi zidana. Nola argazkigintzara nire oinekin iritsi, nire begirada argazkia baino sakon eta ozenagoa izan zedin. Berak aipatu zizkidan Garcia Alix, Avedon eta abar. Irakasle ezik maisu bihurtu zen.
Gogoan dut nola bere estudiora eramanda argazkiak nola positibatzen zituen ikusi nuenekoa. Estraperloz karrete gehiago eman zizkidan egun hartakoa. Bere Ruandako liburua ikusi nuenekoa. Edo orain berriro editatuko duen “Leaxpi industri paisaiak” eskuetan izan nuenekoa. Arrantzaleen lana ere ezin ahaztu.
Argazkilari munduan naizena, berari zor diot gehien. Bidea sastrakaz garbi utzi zidalako hasieratik, pausoak sendo eta norantza zuzenean emateko. Horrelako maisuekin eta gogo biziz ezin atzeraka erori!
Aski nuke, niretzat izan zaren laurdena beste norbaitentzat izango banintz Gorka Salmeron !
Argazkien zilegitasunaz
2013-07-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazki asko ditut argitaratu nahi ez ditudanak, biolentzia gehiegi agertzen da agian gure gosariak ondo gozatzeko. Halere, ni gatazka batera norbaiti gosaria errazteko joan ahal naiz? Zilegi ote da Euskal Herrian hil den pertsona baten aurpegia ez erretratatzea, bere momentuko gordintasun guztiaz eta aldiz, Aleppon hil den ume baten gorputza nonahi argitaratzea? Argitaratu beharko nituzke? Zer egin bista hildakoarengandik aldendu ez badut argazki egiterakoan? Zilegi izango litzateke ume onen argazkia portada izan balitz?
pd–> Barrunak zulatuta ditudala argi dago. Galdera gehiegi agian urdail kontserbadore-sentsibleentzako?
Inoren ero ni
2013-07-18 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Burutazioak itotzen nau Ramadán garaian. Bizi izan ditudan guztiak, eta ez dakit zergatik, introspekzio ariketa bihurtu zaizkit. Oraingoan, Cairon (Egipto), harrapatu nau hilabete sakratu honek. Inguruan milaka argazkilari ditut, bakoitzak bere medioentzako bidaltzen ditu argazkiak. Denek angelu berdina aukeratzen dugu, denek kontatu nahi berdina. Topiko tipikoak irudikatzen dira. Barnean zerbait mugitu zait hori ikustean. Ez da lehenbiziko aldia hori sumatu dudala, Aleppon ere beste horrenbeste gertatu zitzaidan, baina 5 hilabeteko “heriotzaren” ostean, berriro egon ezin hori jaio zait, sagarrean harra irteten den bezala. Zer kontatu nahi dugu argazkilariok? Topikoetan ez ote gara erortzen? Nork bere begirada ematen dio? Poetikoegiak gara gure argazkiekin? Erantzunik ez momentuz, baina bai konklusio zintzo bat: Breaking news deritzona gorrotatzen hasi naiz. Adrenalina gehiegi azken hilabeteetan. Kana dexente iada buruan, edo beste erantzun posiblerik? Argi dudan gauza bakarra, ez naiz ni izango inork zoratuko duen argazkilaria. Nire irudiak “egunkari gutxik hartuko dizkizute, abstraktoegiak direlako, desenfoke ugari, kolore itzaliak. Saiatu beste modu batera egiten eta hitzegingo dugu orduan” (editore garrantzitsua dixit). Edizio mahaien esklabu ez ote gara argazkilariok?
Bihar hil egingo naiz
2013-06-27 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Amaitu zait heriotza. Bihar hil ostean berpiztuko naiz eta oraingoan betirako.
Zuetako batzuk jakingo duzue nire azken hilabete hauetako isilunearen zergatia. Beste batzuek aldiz, post honen izenburuaren zergatiaz galdetzen jarraituko duzue. Bihar hil egingo naiz berpizteko asmoz, horra hor titularra.
Diskrezioz mantendu nahi izan dut, publikoki behintzat, nire Siriako bahiketarena. Artikulu bat Zazpikan, komentario batzuk han eta hemen, baina besterik ez dut egin nahi izan. Heriotza eta bakardadea bizi ostean, zer gertatu zitzaidan kontatzeko indarrak, lehenago ez bezala, joan eta etorri egiten ziren. Besteen istorioak kontatzeko enpatia bila beti eta orain nirea kontatzeko indarrik eta adorerik ez. Gertakizunetatik areago dijoan esperientziarik ezin kontatu. Horra hor bizitakoaren itomena.
Gaur 31 urte min emanda jaio nintzela. Bihar aldiz, lehenbizikoz hil eta azkenengoz berpiztuko naiz, oraingoan betirako, eta minik eman gabe. Barkatu famili eta neska, baina bihar hil eta berpiztuko naiz! Betirako berpizteko, bihar hil egingo naiz! Bihar…
Irudian: Nire aurrean zauritu eta hurrengo egunean hil zen zibil aleppoarra (Siria).
Objetibotasunaz
2013-02-01 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Gatazka batek, egoera extremo batean jartzen zaitu. Bai fisikoki eta bai mentalki. Baita etikoki ere. Honako argazki hau, Aleppoko hospital batean ateratakoa da. Hilik agertzen den gizonak ez du identitaterik. Hilik aurkitu dute kale erdian, bihotzean tiro bat zuelarik. Bertan geunden argazkilarientzako, kamara aurrean jaio dela esaten dugu, hilik jaio baino.
Medikuak:
“Atera argazkiak eta argitaratu. Horrela Europako elkarte askok laguntza bidaltzen digute gurera.”
Errebeldeen segurtasunak:
“Ez atera argazkirik. Zuek argazkiak ateratzean, Al-Assaden gobernuak jakin dezake non aterata dauden eta horren arabera hospital hau bonbardeatu, lehen gertatu zen bezala”
Errebelde batek:
“Gizonak errespetu bat merezi du, ez dakigu nor den. Bere familiari errespetua zor zaio”
Siriar kazetari batek:
“Argazkirik ateratzen ez baduzue, jendeak ez du jakingo zuen herrialdeetan hildakoak daudela Aleppon!”
Nork du arrazoia? Zer egingo zenukete zuek?
Bota dut punttua, orain zuek erantzun!