Hal 9000 eta Gerty
HAL 9000
Adimen artifizialak sortzen zizkigun sentimentu kontrajarriak islatzen zituen Halek, 2001: A Space Odyssey filmean. Bere ahalmenen artean, ahots eta aurpegiaren antzematea, hizkuntzaren prozesaketa, ezpainen irakurketa, arteaz gozatzea, emozioen interpretazioa eta espresioa, eta arrazoitzea.
Hain zen gizatiarra gure Hal, momentu batean erotu egin zela eta abesti bat abesten hasi zen. Stanley Kubrick maixuak, HAL daisy-daisy abesten jarri zuen, jakinik hauxe zela 1961ean benetazko ordenagailu batek lehenengoz interpretatzea lortu zuen abestia. Daisy Bell
Gaur egungo errealitatea, filmearen etorkizuna da jada. Eta esango nuke, konputagailuak gizatiar bihurtu beharrean, gure mundua egokitu dugula Halen sistemara. Hali galdetzen diogu, eguraldia, trafikoaren egoera, nora joan behar dugun, historiari buruzko datu zehatzak, informazio praktikoa, erosketak, etab. Ez du Halek gure ezpainak irakurtzeko beharrik, gure arteko komunikazioa Halek prozesatzeko moduan kodifikatu dugu.
Don’t be evil, Hal. (*)
GERTY – MOON filmekoa
Moon filmeko Gerty konputagailua, Sam Bell gizakiaren laguna da. Beraien arteko erlazioa ia laguntasunezkoa izateraino iristen da. Konputagailuaren lana, ilargiaren alde ezkutuan martxan den proiektua ondo eramatea da. Bertan den Sam operadorearen lana gainbegiratzen du, bere laguna da, eta gizakia izaki bere osasuna zaintzen du. Baina proiektuaren helburua, noski, ekonomikoa da.
Beraz, pelikula honek, oraindik leku gutxiago uzten dio erromantizismoari, eta gure errealitate gordinarekin antzekotasun gehiago atzematen zaizkio: proiektu guztiek helburu ekonomikoa dute atzean. Hau da mundu honen motorra, eta Gertyk gure begietara irribarretsu begiratzen digun arren, bere atzean beti dago industria bat, guri ematen diguna baino askoz gehiago jasotzen duena bueltan. Eta inondik inora ez genuke sinistuko gurekin jolasten duen irribarretxo horrek noraino erabiltzen gaituen.
(*) Don’t be evil: google konpainia multinazioanalaren slogana dugu
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks