ARGIAren Barrenak
Sare sozialak
by argia
  • Sare sozialak

ARGIAko edukiek oso harrera ona dute Twitterren, ikerketa baten arabera

argia
2013-06-20
1

Euskaldunek Twitterren bidalitako mezuetan dauden informazio iturriak edo loturen jatorriak ikertu dituzten CodeSyntax-eko kideek. “Euskaraz txiokatzen dugunean, zein iturri informatibo ari gara erabiltzen eta partekatzen?” galderatik abiatuta, hainbat dira Umap.eu-tik atera dituzten datuak, baita ateratzen diren ondorioak ere. Batzuk nabarmenduko ditugu hemen, baina artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dugu.

Euskarazko mezuetan erabiltzaileek jartzen dituzten loturei begiratuz gero, ARGIA 3. informazio iturria dela ikus daiteke, YouTube eta Berriaren atzetik.

ARGIA hirugarren postuan da.
ARGIA hirugarren postuan da.

Artikuluan adierazi dutenez, behin domeinuak identifikatu ostean, bakoitza xeheago ikertuta eta bestela ere kalkulatzen dituzten datuekin erkatuta, ondorio batzuk atera daitezke, mezu bakoitzak zenbateko eragina duen kalkulatzeko adibidez.

Ondorengo taulan ikus daitezke, jendeak zenbat txio bidali dituen domeinu bakoitzeko loturekin (txioak zutabea), ondoan zenbat URL edo lotura ezberdin diren txio horietatik, eta ondoren, bi kontzeptu berri aurkeztu dituzte: Interes ratioa eta Eztabaida ratioa.

Interes ratioa litzateke URL bakoitzarekin zenbat txio bidaltzen diren, alegia, lotura bakoitzak zenbat txio eragiten dituen, eta beraz, ondoriozta litzateke lotura horietan dagoen informazioa zenbaterainoko interesgarria den euskal twitterlarientzat. Eta ondoan, eztabaida ratioa, eta honekin CodeSyntaxen kalkulatzen dute txio bakoitza zenbat aldiz bertxiotzen ala birbidaltzen den, baita zenbat erantzun sortzen dituen ere.

Txioak, Loturak, Interes ratioa eta Eztabaida ratioa elkarren ondoan.
Txioak, Loturak, Interes ratioa eta Eztabaida ratioa elkarren ondoan.

Bai interes ratioan eta baita eztabaida ratioan ere ARGIA dago lehen postuan. Ondorengoa diote artikuluan:

Hau da, Argiak 438 URL desberdinekin 3.600 aiputik gora lortu ditu, eta EITBk, aldiz, eduki gehiagorekin (1.354 URL desberdin), aipu gutxiago lortu ditu. Bataren eta bestearen arteko proportzioari interes ratioa dei dakiokeela uste dugu. Argiak zabaltzen duen URL bakoitzeko 8.45 txio lortzen ditu, eta EITBk 2.55 bakarrik.

Datu guztiak batuta, 3.19koa da interes ratio ertaina, URL tipikoak lor dezakeen txio kopurua. Sailkapenean goian dauden tokien artean, Argiak eta Topatu.info-k dute interes ratio handiena; txikiena, berriz, Instagramek.

Aipatu den URL bakoitzak zenbat erantzun izan dituen neurtuta, beste datu esanguratsu bat irteten dela iruditzen zaigu, horri deitu diogu eztabaida ratioa. Proportzio honetan ere, berriro, Argiak ratio nabarmen altua dauka: 0.90koa. Aldiz, interes ratio nabarmena duen beste webguneak, Topatu.info-k, ez: 0.22. Jendeak askok zabaltzen du Topatuko informazioa, baina ez da haren inguruan eztabaidarik edo iruzkin gehigarri askorik sortzen; bai ordea Argiako edukiarekin (are gehiago, izatez, Youtubekoarekin!).  Agian elkarrizketa ratioa ere dei genieziokeen honi, edo elkarrizketa pizteko gaitasuna.

Interes eta elkarrizketa ratioak erkatuta, ARGIA goian eskuinean.
Interes eta elkarrizketa ratioak erkatuta, ARGIA goian eskuinean.

Umap-etik ateratako datuekin egin berri duten ikerketan ondorengoa diote: “Eduki interesgarriena Argiak ematen du, eta erantzun kate gehien sortzen duena da”.

Poza ematen du halako ikerketen berri jasotzeak. ARGIA komunikazio proiektua da eta gure kazetariak buru-belarri dabiltza Twitterren ere. Ekipoa dugu, eta gure lanetako bat euskarazko edukiak euskaldunon eskuetara ahalik eta gehien helaraztea da, ahalik eta jende gehien erakarriz euskarazko informazioa irakurri/ikustera.

1 Iruzkin
    8 apunte kalitatezko kazetaritzaren etorkizunaz | Sal(a)tzaile (e)k dio: Erantzun
    2013-11-06, 1:58

    […] Galdera asko erantzun gabe geratu dira, eta egiaztatu dugunez, hemengo zalantza berberak dituzte beste herrialde eta nazioetan ere. Baina (berriz ere) Martxelo Otamendik bota duen esaldia azpimarragarria iruditu zait: “helmuga non dagoen ez dakizunean, bidea da bizilekua”. Inork ez daki ziurtasunez datozen urteetako bilakaera zein izango den, baina asmatzeko, ezinbestekoa da jarrera irekia izan, gauzak probatu eta etengabe moldaketak egiteko prest egotea. Hasierarekin asmatu izanak ez du ezer ziurtatzen, baina ezinbestekoa da aurrera egiteko.  Zentzu horretan, gurean aitzindaria izan da Argia, eta ezbairik gabe, jarrera horrek merezitako fruituak eman dizkio. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Ireki nahi al duzu ARGIAn zure bloga?2013-06-05
Abian diren blog berriak2013-06-28
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA